Eguna: 12-17

  • 2020-12-17. Herriko gizarte zerbitzuak zein baliabideak hobetzeko hitzarmena sinatu zuten Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
  • 2016-12-17. Euskadiko Judo Txapelketa irabazi zuen Ulises Ortega Azpeitiko bizilagunak.
  • 2016-12-17. 100. urteurrena ospatu zuen Otamendi erloju dendak.
  • 2016-12-17. Idazle Eskolak ematen duen Karmele Igartua sorkuntza beka jaso zuen Alaitz Olaizolak, 'Sugegorri' lanarekin.
  • 2016-12-17. Mikel Larrañaga aizkolariak eta Eneritz Larrañaga saskibaloi jokalariak jaso zituzten Azpeitiko Urteko Kirolari sariak.
  • 2014-12-17. Guillermo Aizpuru zena omendu zuen Diputazioak, frankismo garaian bortxazko lanak egin zituzten beste gipuzkoar batzuekin batera. Abenduaren 3an hil zen Aizpuru eta haren bilobak jaso zuen oroigarria.
  • 2013-12-17. Iraurgi Ikastetxeak eta Altuna y Uria SA enpresak Bikain Ziurtagiria jaso zuten.
  • 2010-12-17. Herriaren historia biltzen duen liburu-bilduma aurkeztu zuten.
  • 2009-12-17. Kultur Mahaiak weba jarri zuen martxan: 'www.lapikue.net'.
  • 1996-12-17. Loiolabiden kokatu zen Posta bulego berria, eta lanean hasi zen.
  • 1989-12-17. Xabier Euzkitzek hirugarren postua lortu zuen Bertsolari Txapelketa Nagusian, Donostian, Belodromoan.
  • 1972-12-17. Endañetak sei minutuko hiru saiotan 213 kiloko harri zilindrikoa 27 aldiz altxatu zuen.
  • 1926-12-17. Ramon Zubizarretak, enkantean, Nuarbe auzoko garbitokia egitearen ardura hartu zuen.
  • 1894-12-17. Frantzisko Etxanizek eta beste zenbaitek sinatutako gutuna, Azoka plaza estaliaren gaia zeukan batzordeari pasatzea erabaki zen, azoka plaza Txikian kokatzea eskatzen baitzuten. Horretarako, herriaren kartzela zaharra eta Azpirozen alargunaren etxeetako bat hartzea proposatzen zuten, baita Arregi eta Eleizgarairen baratzak ere, behar izanez gero.
  • 1894-12-17. Loiolako Inazio deuna Elizaren Doktore izendatzeko eskaera apezpikuari zuzentzea erabaki zuen Azpeitiko Udalak, Ondarroak eta Gipuzkoako ia herri guztiek -Irunek ezezkoa eman zuen eta Hernialdek ez zuen erantzunik eman- oniritzia emanez sinatutako agiriarekin batera.
  • 1866-12-17. Martxan jarri nahi zuten adornua eta figura landuko zituen marrazki eskolarako erositako ezaugarri bilduma aurkeztu zuten. Eta ordainketa egitea onartu zen, baina kontuan izanik handienak zirela garestienak, lehenago kuadroetan sartzea erabaki zuten.
  • 1837-12-17. Azpeitiko herriari zorrak ordaintzea ezinezkoa zitzaiola jabetuta, Maiteja etxearen kontra zen plaza txikia, Eskuztako zelaia eta herriaren beste zenbait eraikin saltzea erabaki zuen Udalak. Herriak saldutakoa berriro eskuratu nahi zuela adierazi zuen, eta horretarako erosleari, aurreratutako diruaz gain, egindako konponketa eta egokitze lanen gastuak ere ordainduko zituela jakinarazi zuen.
  • 1815-12-17. Herriak nolako zergak jasotzen zituen eta bertan ziren tropei egiten zieten hornikuntzari buruzko xehetasunak emanez idatzia Diputazioari zuzentzea erabaki zuten Herri Batzar Nagusian. Bertakoek jakin zezaten ezinezkoa zitzaiola Azpeitiko herriari tropen hornikuntza egitea zor handitan sartu gabe.
  • 1813-12-17. Aurreko egunean Urrestillak herri moduan sortzeko lortu zuen baimenaren berri ematera etorri zen Azpeitira Antonio Mari Sorondo. Azpeitiar agintariek erabaki horren aurrean protesta egin zuten, Urrestillak mila biztanle ez zituela esanez.
  • 1700-12-17. Kontuan izanik Gipuzkoako Batzat Nagusietako bilera amaitzean herriko enparantzan ospatuko zuela probintziak Felipe V.a erregearen bandera altxatze ekintza, bertan zen teilatu zaharra kendu eta plaza txukuntzea erabaki zuten; guztia bukatzean berriro jarriko zuten lehengo tokian teilatua.
  • 1668-12-17. Joakin Mendizabalek adierazi zuen Juan Saloguen lizentziatuaren aurka jarririk zeukan auzian, Valladolideko Erret Chancilleriak arrazoia eman ziola herriari. Honek ez zuen nahi Saloguen alardeetara agertzerik.
  • 1668-12-17. Joakin Mendizabalek jakinarazi zuen Kontseiluaren aurrean auzia jarri zuela Loiola etxearen jabe Martin Inazio Oñaz eta Loiolaren aurka, parrokiaren patronatuari buruz, gaiaz zenbait agiri aurkitu baitzituen. Udalak ontzat hartu zuen haren jokaera, eta Herri Batzar nagusirako deialdia egitea erabaki zuen, urtearen azken egunerako. Goizeko bederatziak jarri zuten hasiera emateko eta mila maraiko isuna ezarri zuten bertara joaten ez zenarentzat.
  • 1587-12-17. 29 herritarren artean zozketa eginda sagardoa saltzeko txandak izendatu zituzten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan