Eguna: 4-14

  • 2019-4-14. Marc Buadesek (Telcom Gimex) irabazi zuen txirrindularien Urrakiko XLIX. Igoera.
  • 2010-4-14. Asier Etxabe donostiarra atxilotu zuten Landetan, Grande Marlasca epaileak agindutako operazioaren baitan.
  • 2010-4-14. Mikel Zubimendi azpeitiko bizilaguna aske utzi zuten, baldintzapean.
  • 2005-4-14. Lourdes Arrieta azpeitiarra hil zen Lantziegon (Araba) izandako auto istripuan. Arrieta Lantziegoko Ikastolako irakaslea zen sorreratik (25 urtean).
  • 2002-4-14. Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeak San Sebastian bezperan danborra jotzen atera nahi zuten talde edota elkarte berriei zuzendutako deialdia zabaldu zuen.
  • 1930-4-14. Joxe Arratibelek Harzubian zuen orubearen ondoan Frantzizko Perezek altzari fabrika bat eta biltegi bat egiteko baimena eskatu zuen, eta ematea erabaki zuten.
  • 1930-4-14. Harzubia hiribidea bikeztatzea erabaki zuten.
  • 1905-4-14. Dionisio Soroetak Urolako tranbiari buruz eginiko konbenioaren berri eman zuen. Herriak aho batez erabaki zuen alkateari Kutxa Probintzialean 28.000 pezetako diru aurreratzea lortzeko ahalmena ematea, herriari tokatzen zitzaion ordainketa egiteko.
  • 1839-4-14. Kontuan izanik herritik behin eta berriz era guztietako tropak igarotzen zirela eta askotan, gainera, beraien tartean buru kondekoratuak izaten zirela, beraientzat ostatu egokiak aurkitzea ezinezkoa izaten zen, herria zorretan itorik zegoelako. Horregatik, Espainiako erregeari tropak inguruko herrietara zabaltzeko erregutzea erabaki zuten.
  • 1837-4-14. Frantzisko Urtasunek egunean 375 zatiko ogia, 875 haragia eta 125 zatiko pentsua eskatu zituen, Hernanin jarriz gero Diputazioak ere bere kontribuzioa eskatzen zuelako. Diputazioari herriak zuen egoera larriaren berri ematea erabaki zuten. Herritar askok marai bat bera ere emateko zailtasunak zituztela adierazi zioten, aurrez herrian izan ziren tropei laguntza eskaini zietelako denboraldi luzez.
  • 1835-4-14. Nafarroako armadako komisario Luis Mari Mongelosek herriari bidalitako gutuna goizean bertan irakurri zela adierazi zuten, unean alkatea falta zen arren. Bertan, lau mila zatiko ogia, hiru mila ardo, lau mila haragi eta 300 zatiko lastoa eskatzen zituen. Herriak unean inolako ondasunik ez zuenez, dirua eskuratzeko uztaileko ardoaren zerga enkantean jartzea erabaki zuten, baita ondorengo sei hilabetetako pattarraren zerga ere.
  • 1766-4-14. Azkoitian iskanbilak izaten zirela-eta, herritar jauntxoek baserritar batzuk kontratatu zituzten herria zaintzeko. Baina, iluntzean etxeratzean, horiek Azkoitian gertatutakoaren berri jakin zuten; hau da, aleak merkatzea lortu zutela, herritarrek protesta handia egin ondoren. Kanpaiak jo zituzten, baserritar armatuak ez ezik Urrestillako matxinoak ere herriratu ziren eta azkoitiarrek lortutakoaren berri eman zieten. Matxinadaren hasiera zen.
  • 1644-4-14. Herriak Bustinzuri errebalean aurkitutako utzitako ume bat hazteko ordainketa egin zuen.
  • 1639-4-14. Probintziak eskaintzen zituen bi mila soldadu osatzeko, herriak tokatzen zitzaion ehun laguneko taldea prestatu zuen.
  • 1638-4-14. Miguel Kortari 580 zama ikatz saldu zizkioten Basanjuandegi basoan: Egiandi mendixkatik, Zamora baino zerbait gorago eta Olarueko bidera bitartean, eta behean Orbegozo etxearen lurretaraino. Beste 310 zama ikatz saldu zizkioten Susparrain basoan: Ibisusaga errekan hasi eta Juan Bautista Agirretxek erosirik zituen basoetara bitartean, erreka ertzetik Zuganeta aldera, Zugazti mendixkaren gailurrera eta Errazti aldera, Domingo Arandiak erositako basoekin bat egin arte.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan