Eguna: 9-12

  • 2015-9-12. Asier Cuevas atleta bigarren sailkatu zen 100 kilometroko Munduko Txapelketan, Herbehereetan.
  • 2013-9-12. 'Libre' dinamika abiatu zuten Azpeitian ere, 'herriko tabernen' auziko eta Segiko kideen kontrako epaiketen bueltan Euskal Herrian sortutako ekimenaren baitan.
  • 2001-9-12. Tau Baskonia-Zalgiris Kaunas (Lituania) saskibaloi partida jokatu zuten kiroldegian, Iraurgi Saskibaloi Taldearen 25. urtemuga zela-eta.
  • 1932-9-12. Gobernadore zibilak idatzitako gutuna irakurri zuten eta, agindu zuenez, udaletxeko areto nagusian Espainiako Errepublikaren sinboloak jarri behar ziren, orduan zeudenak kenduta -tartean, Loiolako Inazioren erretratua eta Gernikako arbolaren koadroa-. Alkatearen mozioa ontzat harturik, Udalak erabaki zuen gobernadorearen jakinean jartzea hilaren 4an herrian ospatutako Errepublikaren aldeko mitinean zer eratan jokatu zuten herriko agintariek, eta guztien aldetik egokitzat hartu zuten alkatearen ekimen hori.
  • 1906-9-12. Ganadu hiltegia non kokatu aztertu zuten berriro eta, herritar berezien iritziak gogoan izanik, parrokiaren atzean Usabiagaren alargunak zeukan lurraldean altxatzea erabaki zuten. Manuel Etxabe arkitektuari idaztea onartu zuten, hark planoak eta aurrekontuak presta zitzan.
  • 1892-9-12. Gau eskolako batzordeak proposatuta, dibujo lineala eta apaindurakoa erakutsi nahi zuten, eta zuzendaria aurkitu nahirik deialdia egitea erabaki zuten. Zuzendariari urtean 250 pezeta ordainduko zizkiotela jakinarazi zuten, eta ikasleen aldetik hilean pezeta bana kostatuko zen.
  • 1783-9-12. Herriak maisuak izendatu zituen Iturriagatxo etxea ikusi eta kalteak neurtzeko, suteak hartu baitzuen.
  • 1744-9-12. Inazio Ibero maisuak amaitutzat eman zuen parrokiko aldare nagusiaren alde baterako egindako San Inazioren erretaula.
  • 1740-9-12. Herri Batzar nagusian Diputazioak egindako konpainia baten eskaerari buruz hitz egin zuten, eta konpainia hartako ofizialak izendatu zituzten. 1719an onartutako soldatak jasoko zituzten herritik irteten ziren unetik. Soldadu taldea osatzean zozketak sor zezakeen zailtasuna ikusirik, Udalari egokienak aukeratzeko ahalmena ematea erabaki zuten -armak erabiltzen egokiak eta trebeak zirenak-. Soldadu bakoitzari herriaren aldetik hamabost erreal emango zizkioten behin, eta herritik irteten zuen unetik beste bi erreal eta erdi. Momentuan egindako zozketan sartuko zuten gazteen zerrenda.
  • 1705-9-12. Erregeak herriaren ordenantzak konfirmatu zituen.
  • 1676-9-12. Urrestillako parrokiko etxezainak elizan kalbario gurutzat zintzilikatzeko baimena eskatu zuen, eta Udalak horrela egitea erabaki zuen.
  • 1629-9-12. Aurreko urtean hartutako erabakia eta San Miguel egunean agintariek aukeraketa egitean biztanleen artean iskanbilak sortzen zirela kontuan hartuta -batez ere, agintaritza eskura zezaketenek agiriak ez zituztelako aurrez aurkezten, orduan agintzen zen bezala-, Udalak erabaki zuen San Miguel egunean aukeraketan parte hartzea nahi zutenek nortasun agiriak aurkeztu beharko zituztela agintarien aurrean, erabaki hori zabaltzen zen unetik zortzi egunen barruan. Epea igarotzean ez zuten inor ontzat hartuko.
  • 1622-9-12. San Inazio Loiolakoa santu egin zuten.
  • 1533-9-12. Bere erreinuetara enperadoreak eginiko bisitaldia ospatzeko, Juan Odriak jolasteko utzitako zezena ordaindu zuten. Errezildik ekarritako beste zezen bat ere ordaindu zuten, baita plazan barrerak jartzen egindako gastuak ere.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan