Hamarkada: 1740

  • 1749-12-5. Tomas Bikendi zenaren Maria Ana Martirena alargunak urteko elur hornikuntza lana berari ematea eskatu zuen, aurreko urteetako prezioan egingo zuela eskainiz. Eskaera onartu eta eskritura sinatzea erabaki zuen herriak.
  • 1749-5-23. Edozein ermitari jantzi apartekoak soinean zituela ibiltzea debekaturik zela jakinaraziz Diputazioak emandako agindua jasota, alkateari agindua gogoan izatea eskatu zioten. Ermitak zaindu behar zituztenek biztanle ezagunak izan behar zutela eta beste biztanleek bezalako jantziak eraman behar zituztela ere agindu zuen Diputazioak.
  • 1748-10-27. Herri Batzar Nagusian erabaki zuten agintariek herriko karkaba guztiak garbiaraziko zituztela, horretarako etxebizitza bakoitzeko maiztertzan zenari bere nagusiari ordaindu behar zionetik sei erreal kenduz.
  • 1748-7-12. Udaletxeko aretoan bost arratsaldetan antzerki eta dantza emanaldiak eskaini zituzten komedianteei ordaindu egin zieten egindako lana.
  • 1748-3-19. Nikolas Altuna herriari 3.000 erreal aurreratzeko prest zenez, kale eta kantoi guztietan neurri berdin eta zabal antzeko kanalak jartzea erabaki zuten, gauza bera eginik Plaza Txikian, etxeen egitura jarraituz. Euria egiten zuenean ezinezkoa zen kalean egoki ibiltzea, eroriko asko izaten zelako.
  • 1747-10-20. Agustindar fraideen probintzialak eta herriko prioreak erregutu zuten laguntza emateko herriaren aldetik erretaula nagusia egiteko, eta Udalak erabaki zuen eskaeraren berri Herri Batzar nagusian agertzea.
  • 1747-9-16. Domingo Etxeparerekin eskritura sinatu zuten herriko teilaria sei urterako maiztertzan hartzean, Santu Guztien egunetik aurrera, eta urtean 26 dukat ordainduz. Etxepareren lana herriak agindutako prezioetan egin eta saltzera derrigortzen zuten.
  • 1747-9-1. Herritar bereziekin egindako batzarrean, Udalari ahalmena eman zioten nahi zuen prezioan eta baldintzetan herriko teilariarekin eskritura berria egiteko.
  • 1747-7-13. Udalbatzar nagusian, herriak osatu behar zuen konpainiaren ofizialak izendatu zituzten. Zozketan sartzen ziren gazte ezkongabeen zerrendak onartu eta txartelak zilarrezko pitxar baten sartu zituzten. Ondoren, aretoaren erdian jarrita gaztetxo batek bertatik atera zituen 54 gazteren izenak. Azken laurak hutsunea betetzeko ziren.
  • 1747-7-12. Herrian ziren gazte ezkongabeen zerrenda egin zuten agintariek, eta hurrengo eguneko goizeko Herri Batzar nagusian zozketatuko zirenen zerrenda osatu zuten.
  • 1747-7-8. Zumaiako Batzar Nagusietan hartutako erabakia betetzeko ehun laguneko konpainia antolatu zuten, lehen deialdirako prest izateko. Herri Batzar nagusirako deialdia egitea erabaki zuten, datorren ostegunean, goizeko bederatzietarako.
  • 1747-6-27. Azkoitiko mugatik Loiolara bitartean egindako bidearen zuzendaritza lanetan aritu zen Inazio Ibero, eta lana ordaindu zioten.
  • 1747-4-16. Frantzisko Mendizabali Soreasu errotarako harria prestatu eta garraiatzea ordaindu zioten.
  • 1747-4-12. Utzitako haur bat Iruñeko Ospitale Nagusira eramateak sortu zituen gastuen berri eman zuten: 188'10 maraiko limosna, sei erreal bularra eman zion Joxepa Garate andrearentzat eta 16 erreal haurrari erositako arropak ordaintzeko.
  • 1747-3-29. Korrejidoreak zenbait gairi buruz eginiko galderak erantzuten zituen herriak, beste gauza batzuen artean esanez: herrian, orduan, 57 pertsona zirela agintaritza eskura zezaketenak; ez zela azokarik egiten; 11 burdinola zeudela martxan eta beste 19 geldirik, azken mendean ikatza aurkitu ezinda gelditu zirelako, eta abar.
  • 1747-3-22. Alkateak jakinarazi zuen aurreko gauean utzitako haur bat aurkitu zela parrokiko erretorearen etxeko eskaileran, papertxo baten idatzita zuela bataiatua zegoela eta Joxepa zuela izena. Herriak ohiko limosna eskainiz Iruñeko Ospitale Nagusira eramatea erabaki zuen.
  • 1747-3-22. Izarraizko izoztegirako egindako eskailera eta lera ordaindu zituzten.
  • 1747-2-26. Ospitaleko kontuen liburuak ezin izan zirela ikusi jakinarazi zuten, bertako zuzendaria kanpoan baitzen, baina egia zela kalte batzuk sortu zizkiotela, azken urtean herriak behar bezalako tokian eta hurbileko basoetan egurra eman ez ziolako. Horrela gauzak, eginiko kaltea 200 errealean baloratzea erabaki zuten.
  • 1747-1-5. Parrokian bataiatu zuten Bizente Enparan, Joseph Joakin Enparan eta Mariana Xabiera Orberen semea. Hamazazpi urte zituela sartu zen flotan, eta 1792an Panamara iritsi ondoren, bertako gobernadore izan zen. Geroago, berriz, Venezuelan Nueva Andaluciako gobernadore. Venezuelako Kapitain Jeneral izendatu zuten 1809an, eta Simon Bolivar jaunaren lagun benetakoa izatera iritsi zen, hango independentziaren borrokan izugarrizko protagonista izanik. 1810. urteko apirilaren 19an azpeitiarrak eta bertako gobernuak izan zuten jokaera gogoratuz, 1960an posta zigilu batzuk atera zituen, Juan Lovera margolariak eginiko lan bat jasorik.
  • 1746-10-23. Bozketa baten bidez, Inazio Ibero maisuak San Jose ermitatik Loiolako plazara bitartean eginiko bidearen kontua onartu zuten.
  • 1746-10-21. Ikusi ondoren herriko teilariak egindako teila berria neurri handiagokoa zela eta eskrituran ez zela era horretako teilari buruz ezer adierazten, baina ikusirik egokia zela horrelakoa egitea, bakoitzari erreal erdiko prezioa ematea erabaki zuten, beste herrietako berri jakin ondoren.
  • 1746-9-28. Inazio Ibero maisuari Azkoitia eta Azpeitia mugan egin zuen San Inazio ermitaren lanagatik erdia ordaindu zioten, bi herrien arteko akordioa gogoan izanik.
  • 1746-9-23. Teresa Gorostiolari herriaren beheko sarrerako San Joaquin eta Santa Ana irudientzat egindako jantziak ordaindu zizkioten.
  • 1746-6-27. Alkateak eginiko mozioa ontzat hartu zuten, eta jai egunetan denda guztiak ixtea agindu zuten, hamabost errealeko isunaren azpian.
  • 1746-6-27. Alkateak jakinarazi zuen Aita Sebastian Mendiburuk auzoetan izan ohi ziren dantza saioak debekatzea eskatu ziola. Dantzak Trinitateetan Nuarben, San Juan egunean Eskuztan, San Pedro egunean eta abar egin ohi zituzten. Udalak debekatzea erabaki zuen.
  • 1746-6-19. Eliza diruz nahiko ongi zebilenez, San Inazioren erretaula berria urreztatzea eta parrokiko atariarekin jarraitzeko baimena eskatu zioten apezpikuari. Ataria bukatu gabe gelditu zen; bera egiten ari zen maisua hil egin zen.
  • 1746-4-26. Domingo Etxepare teilagin berriak esan zuen teileri berria zen tokian baino lur hobea zegoela Aintzibarrena baserriak zeukan lurralde batean. Herriak baserriaren jabearekin hitz egitea erabaki zuen.
  • 1746-3-10. Erre berri zen Loisoro baserria ikustea erabaki zuten, baserriaren jabe Manuel Alzagak egur eskaera egin zuenean.
  • 1746-3-10. San Agustin komentuko obrak egiteko, Inazio Iberok eskatutako egurra non ebaki zitekeen adierazteko eskatu zieten basoen zaindariei.
  • 1746-3-10. Idiak herritik kanpo saltzea debekatu zuten, hamar dukateko isuna eta zortzi eguneko kartzela zigorraren mehatxupean.
  • 1746-2-16. Diego Alzagaren ordez izendatutako Frantzisko Antonio Altunak bere kargua zin egin zuen, alkateak eskuetan zuen makila errealak zuen gurutzearen aurrean.
  • 1745-8-1. Azkoitiko lurraldearen mugatik Loiolara bitarteko bidea egitea erabaki zuen herriak, Inazio Ibero maisuak zuzenduta. Norbait obra hori egiteko inolako interesik gabe dirua aurreratzeko prest zen eta harekin harremanetan jartzea erabaki zuten. Herriak dirua mendiak saltzean emango ziola jakinarazi zion, hiru zatitan banatuta: 1748, 1749 eta 1750ean.
  • 1745-7-16. Azkoitiko herriak Munategi ingurura bitartean bide zabal bat egin zuen, eta hura jarraituz Loiolara bitartekoa egitea erabaki zuten, herrian dirua aurreratuko zuenik bazen-eta. Zubi berria egitea ere komenigarria iruditu zitzaien, eta erabakia hartzeko abuztuaren lehen egunean udalbatzar nagusia ospatzea erabaki zuten.
  • 1745-6-25. Bikuña etxe azpiko pasadizoan haur utzi bat aurkitu zuten. Mutikoa zen.
  • 1745-5-8. Jakinean izanik Domingo Juanperizena eta Joakin Zabala Gasteiz eta Portugalgo erregimenduetako desertoreak zirela, erregearen zerbitzura bidaltzea erabaki zuten, gainontzekoen artean zozketa eginez.
  • 1745-5-7. Erregeak eginiko eskaera erantzunez Gipuzkoako Batzarrak itsasgizonak eskaintzen zituela kontuan izanik, herrian prestatutako zerrendan zirenei zozketako lekuko izan nahi bazuten hurrengo eguneko arratsaldeko ordubietan ager zitezela jakinaraztea erabaki zuten. Nikolas Arana udaltzainak zabalduko zuen mezua.
  • 1745-5-3. Itsasontzietan edo arrantzan ibili ziren herritarren zerrenda bidaltzeko eskatu zuen Gipuzkoako Batzarrak. Gestioak egin ondoren, hauek osatu zuten zerrenda: Domingo Juanperizena, Diego Betolaza, Antonio Larraza, Inazio Irizar, Antonio Atxaran, Joakin Zabala, Felipe Basauri, Joxe Amenabar, Antonio Amenabar, Joxe Gorostiza eta Esteban Barbarinek.
  • 1744-11-27. Alkateak jakinarazi zuen hilaren 12an utzitako haur bat aurkitu zutela Loiolako atarian eta, ahalegin guztiak egin bazituzten ere nork utzi zuen jakiteko, ezinezkoa egin zitzaiola. Herriaren kontura haurra hazteak gastuak sortuko zituela kontuan izanda, Iruñeko Ospitale Nagusira eramatea erabaki zuten, ohiko diru laguntza emanez.
  • 1744-11-12. Utzitako haur bat aurkitu zuten Loiolako eliza berriaren atarian.
  • 1744-9-26. Herriko lurrak banatzen zituzten mugarriak ikusi ondoren, haien berri eman zuten.
  • 1744-9-12. Inazio Ibero maisuak amaitutzat eman zuen parrokiko aldare nagusiaren alde baterako egindako San Inazioren erretaula.
  • 1744-9-5. Tomas Iturriagak adierazi zuen erregeak Sebastian Enparan fraidea -orduan El Escorialgo (Espainia) San Lorenzo Monastegiko priorea zen-, Urgeleko apezpiku izendatu zuela. Herriko semea izanik, eta ospatu nahirik, herritar bereziei deitu ondoren, hamasei lagun agertu ziren batzarrera, eta hauxe erabaki zuten: meza nagusia egitea eta 'Te Deum' kantatzea, herritarrei kanpaien bidez deituz; arratsaldez dantza bat eta suak egin zituzten.
  • 1744-7-18. Soreasu eta Enparan errotak Inazio Ibero maisuak ikustea erabaki zuten, lehenengoa egokitzeko eta bigarrengoa kontserbatzeko zer lan egin behar ziren jakiteko.
  • 1744-7-18. Inazio Arkamendik herriko mosketeak garbitu eta konpontzen zituen eta, zahartuta zenez, haren ordez Domingo Bengoetxea izendatzea erabaki zuen Udalak. Aurrekoari bezala, urtean 150 erreal ordainduko zizkioten.
  • 1744-6-15. Ondarru etxeari altuera kendu nahi zioten eta etxearen zati handiena bota egin zuten. Azpian bi langile harrapatuta gelditu ziren, eta etxea guztiz bota behar izan zuten bi langileak ateratzeko. Udalak Inazio Ibero maisuari eskatu zion herrian arriskuan ziren etxeen berri emateko.
  • 1744-6-12. Gasteizen Jesusen Lagundiaren aurka argitaratutako idatzi bati erantzun zion Udalak, berak egindako lan bikaina azalduz.
  • 1744-5-19. Eguraldi gogor eta euritsua izan zen azken denboraldian, eta artoa erabat atzeraturik zegoen. Herritar batzuek Jainkoari erregutzea eskatu zuten eta, erretorearekin hitz egin ondoren, horrela egitea erabaki zuten.
  • 1744-2-17. Herriko behartsuen zerrenda egitea erabaki zuten, haiek bakarrik egin zezaten limosna eskaera herrian.
  • 1744-2-17. Baserritarrei herritar behartsuei bakarrik laguntza eskaintzeko agintzea erabaki zuten, eta kanpokoei, berriz, une larrietan bakarrik, horrela jokatzen ez zuena zigortua izan zitekeela adieraziz.
  • 1743-9-15. Garai hartan Caracas hirian zegoen Inazio Loperena herritarrari idatzi zion herriak, parrokiko erretaula nagusia urreztatzeko laguntza eskatuz, eta zilarrezko aldare aurreko bat ere bidali zuen -azkeneko San Inazio bezpera egunetik bertan jarririk zuten-. Horrenbestez, eskerrak ematea erabaki zuten, Loperena bera herrian zelako, eta horretarako batzordea izendatu zuten.
  • 1743-9-15. Alkateak, parrokiko erretaula nagusia urreztatzean sortutako auziarekin jarraituz, Iruñean, Burgosen (Espainia) eta Valladoliden (Espainia) egindako gastuen berri eman zuen, eta nabarmendu, Joakin Altunak egindako ordainketako gestioak egitean, guztira 14.500 dukat osatu zituztela. Azpeitiko Udalak kontu guztiak aztertzea erabaki zuen.
  • 1743-8-21. Inazio Ibero maisuak Loiolako San Inazioren erretaula parrokian egiteko baldintzak aurkeztu zituen.
  • 1743-7-5. Izarraizko izoztegitik elurra erosoago herriratzeko, bideak konpondu zituzten eta langintza ordaindu zuten.
  • 1743-6-11. Tolosako, Azkoitiko eta Zestoako konpainiekin batera Gipuzkoako Getarian zegoen herriko konpainiako kapitainak bidali zuten albistea. Bertan honako hau esaten zen: Diputazioak euren soldaduekin etxeratzeko agindua eman zietela beste deialdi bat izan bitartean. Azpeitiko konpainia arratsaldean herriratuko zela jakinarazi zuten, Azkoitikoarekin batera. Freskagarri bat prestatzea erabaki zuten. Bertan ardo nafarra eta ogia eman zieten bi konpainietako soldaduei, eta ardo zaharra eta bizkotxoa ofizialei.
  • 1743-6-9. Diputazioaren albistea iritsi zen, prestatuta zegoen konpainia Getarira joateko aginduz. Agindua betetzea erabaki zuten.
  • 1743-6-8. Enparantzan konpainia prestatua zegoen Getariko bidean jartzeko. Abiatu aurretik Getariko albisteak iritsi zain gelditzea erabaki zuten, herriaren esku utzirik Getarira joatea edo ez. Soldaduak beraien etxeetara sakabanatu gabe joateko eta herrian bertan egoteko agindu zitzaien.
  • 1743-6-7. Getariko gutun bat jaso ostean, hurrengo egunean konpainia bertaratzeko prest egotea erabaki zuten.
  • 1743-6-1. 50 soldadu aukeratzeko zozketa egin zuten, Getarira irten zezaten. Ofizialak ere izendatu zituzten. Guztien soldatak erabaki zituzten.
  • 1743-5-29. Aurreko egunean gerrako Ingalaterrako bost itsasontzi Getarira hurbildu zirela esanez idatzi zuen Diputazioak. Probintziak agindu zuena kontuan harturik, larunbatean udalbatzar nagusia egitea erabaki zuten, bertan soldaduen zozketa egin eta euren ofizialak izendatzeko, horrela konpainia bat osatuz.
  • 1743-3-22. Parrokian San Inazioren aldarea egiteko apezpikuak emandako baimenaren berri adierazi zuten.
  • 1743-2-22. Granadako Dukeak herriak eginiko eskaerari erantzun zion: parrokian Inazio deunaren aldarea egiteko laguntza bezala 200 peso zituela une horretan eta beste 200, berriz, urtearen amaierarako. Gauzak horrela, apezpikuari baimena eskatzea erabaki zuten.
  • 1743-1-18. Parrokiko patroi Granadako Dukeari idaztea erabaki zuten, aldare nagusiaren alde batean Inazio donearen aldare itxurazko bat egiteko eskatuz.
  • 1742-12-19. Manuel Inazio Altunak Napolesen (Italia) azaroaren 6an sinatu zuen gutunaren berri eman zuten. Gutuna, herriak irailaren 29an alkatetzarako aukeratua izan zela adieraziz idatzitakoaren erantzuna zen. Bertan eskerrak eman zizkion herriari alkate aukeratuta beragan jarritako konfiantzagatik.
  • 1742-11-11. Parrokiko erretaula nagusia urreztatzean sortutako auziaren berri eman zuten.
  • 1742-9-16. Parrokiko erretaula nagusiaren urreztatzea amaitu zutela ospatzeko antolatutako jaialdian eginiko gastuak ordaintzea erabaki zuten. Ekitaldi hauek egin zituzten: elizkizuna, meza nagusiarekin eta 'Te Deum' kantatuz; suziriak; enparantzaren argitzea bezperako gauean; arratsaldez Plaza Txikian zezenkoak; eta abar.
  • 1742-9-9. Herritar bereziekin egindako batzarrean, Iraetako zubia ordaintzeko bostehun dukat ematea erabaki zuten, aurrez abokatuekin kontsultatu ondoren.
  • 1742-9-6. Iraetako zubi berriari buruz Debako eta Zestoako ordezkariek eginiko gutuna jaso ondoren, eta haiekin bat eginik, Azpeitiko herriak, 1679ko apirilaren 12an sinatutako eskritura gogoan izanik -zubia egiteko 500 dukat eskaintzen zen, baldin harri landuarekin egiten bazen-, herritar bereziekin batzar bat egitea erabaki zuten, meza nagusiaren ondoren, guztiaren berri eman ondoren ordainketari buruz erabakia hartzeko.
  • 1742-8-25. Parrokiko erretaula nagusia urreztatu zuten maisuei 15.466 erreal ordaintzea erabaki zuten.
  • 1742-8-24. Parrokiko erretaula nagusia amaitu zuten, eta eskerrak emateko elizkizunak eta jaialdiak ospatu zituzten.
  • 1742-8-22. Parrokiko erretaula nagusia ikusteko aukeratutako maisuen iritzien berri eman zuten. Horiek lana ongi amaitutzat eman zuten eta bidezkoa ikusi zen Jaunari eskerrak ematea. Horrela, apaizekin harremanetan jarri ondoren, meza santua eta 'Te Deum' kantatzea erabaki zuten, baita San Bartolome egunean arratsaldez zezenak jolastea eta gauean herria argitzea ere.
  • 1742-8-21. Parrokiko erretaula nagusia margotzeko Inazio Segurolak jarritako andamioak kendu egin zituzten.
  • 1742-8-21. Parrokiko erretaula nagusia amaitzean festa antolatzea erabaki zuten, eskerrak eman eta ospatzeko. Lurraldeko zezenkoak jolastu eta bezpera gauean herria argitu zuten.
  • 1742-8-15. Iruñeko apezpikuak San Inazioren aldare berria egiteko baimena eman zuen.
  • 1742-3-30. Loiolara egindako bide berrirako bere lurralde bat eskaini zuelako Granadako Dukeari eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1742-2-16. Elolaren kaperautzako kontuak ikusi ondoren, diru banaketa egitea erabaki zuten.
  • 1742-2-8. Diego Alzaga erregidorea hil zenean - urriaren 27an-, ordezko Frantzisko Antonio Altuna izendatu zuen herriak.
  • 1742-1-14. Juanelarro deituriko tokitik hasi eta Loiolako Etxe Santuraren aurrera bitartean bide egoki, zabal eta eder bat egitea erabaki zuten.
  • 1741-11-10. Kontuan izanik herri barruko etxeetan lasto asko zela jasorik -nahiz eta debekuak izan eta zortzi egunen barruan guztia herriz kanpo ateratzeko esan-, Oiarzabal erregidoreari agindu zioten eskribaua lagun zuela iruditzen zitzaien etxeetan begiratzeko, lastoa zeukan norbait aurkitzeko eta aginduz zortzi egunen barruan herritik ateratzeko. Zortzi egun horiek igarotzean berriro begiratuko zuten etxe horietan, zigorra ezarriz agindua betetzen ez zutenei.
  • 1741-10-30. Sagardoak saltzeko zozketa egin zuten. Herriko sagarrarekin eginikoak 23 upel ziren, erdizka betetakoak zazpi, eta upel bat besterik ez zen kanpoko sagarrarekin eginikoa.
  • 1741-10-6. Herrira saltzeko janariak ekartzen zituztenei udaletxe azpian eduki behar zituztela eskatzea erabaki zuten, eta berriro saldu nahi zutenei eguerdiko hamabiak bitartean bertan erosketak egitea debekatzen zietela. Agindua betetzen ez zuenari sei errealeko isuna jarriko zioten.
  • 1741-9-29. Antonio Idiakez Granadako dukea aukeratu zuten alkatetzarako -aurretik herrian bizi izan zen-, eta haren teniente moduan, Inazio Jazinto Agirre Eleizalde. Idiakez ez zen batzar batera ere agertu.
  • 1741-7-6. Apezpikuaren baimena jaso zuten parrokiko erretaula nagusia urreztatzeko.
  • 1741-6-16. Herritarren eskaerari erantzunez, parrokiko apaizei Sokorruko Andre Mariaren irudia ikusgai jartzeko eskatzea erabaki zuten. Horrela, errogatibak egin ahalko ziren euria eskatzeko, beharrezkoa baitzen.
  • 1741-5-31. Parrokiko erretaula nagusia urreztatzeko behar zen dirua aurreratzea erabaki zuten.
  • 1741-5-30. Parrokiko erretaula nagusia urreztatzeko behar zen dirua nonbaitetik lortzea erabaki zuen herriak, aho batez.
  • 1741-5-12. Diputazioari gutuna bidali zioten, aginduak betetzen zirela frogatzen zuen agiriarekin. Gipuzkoako Batzar nagusien herri bakoitzak kalitate oneko 50 fusil edukitzea agindu zuen, bere baioneta eta kartutxoak gordetzeko tresnarekin. Urte batzuk lehenago 50 fusil ez ezik, metxa zuten ehun moskete erosi zirela jakinaraztea erabaki zuten.
  • 1741-5-12. Parrokiko erretaula nagusiko sagrarioa eta Andre Mariaren nitxoa urreztatzen ari zirela ikusita, eta etxezainak 12.000 erreal zituela jakinda, erretaula guztia urreztatzeari buruz hitz egin zuten. Ikatzetarako mendiak salduta beste sei mila dukat eskuratuko zituztela gogoan izan zuten. Azkenean udalbatzar nagusia egitea erabaki zuten, guztien iritziak jaso eta erabakia hartzeko.
  • 1741-3-3. Agustin Conde eta Juan de Miguelez urreztatzaileekin eskritura egitea erabaki zuten, parrokiko aldare nagusiko sagrarioa eta nitxo nagusia lantzeko.
  • 1741-2-12. Apezpikuak parrokiko erretaula nagusia urreztatzeko baimena eman zuen.
  • 1741-2-3. Apezpikuak parrokiko erretaula nagusiko sagrarioa eta nitxo berezia urreztatzeko baimena eman zuen.
  • 1741-2-3. Caracas (Venezuela) hirian bizi zen herriko Inazio Loperena herritarrari eta beste zenbait Inazio donearen jarraitzaileei parrokiko erretaula nagusia urreztatzeko laguntza eskatuz idaztea erabaki zuten.
  • 1740-12-7. 1736ko irailaren 4an erregeak emandako baimenari esker herrian saltzen zuten ardo pitxer bakoitzeko zortzi maraiko zerga jasotzen zuen Udalak, herriaren beharrei erantzun ahal izateko. Baimena hogei hilabeteren buruan bukatuko zenez eta herriak hala iritzitakoan neurria bertan behera uzteko edota abian jartzeko ahalmena zuenez, 1741eko urtarrilaren 4tik aurrera zerga bertan behera uztea erabaki zuten.
  • 1740-9-30. Janaria saltzera herrira zetozenek udaletxe azpiko arkupeetan eduki behar zuten generoa eguerdiko hamabiak bitartean, eta ezingo zuen, berriro saltzekotan, inork erosi ordu horretara bitartean. Bestela, bostehun maraiko isuna eta egun bateko kartzela zigorra ezarriko zioten saltzaileari eta erosleari.
  • 1740-9-12. Herri Batzar nagusian Diputazioak egindako konpainia baten eskaerari buruz hitz egin zuten, eta konpainia hartako ofizialak izendatu zituzten. 1719an onartutako soldatak jasoko zituzten herritik irteten ziren unetik. Soldadu taldea osatzean zozketak sor zezakeen zailtasuna ikusirik, Udalari egokienak aukeratzeko ahalmena ematea erabaki zuten -armak erabiltzen egokiak eta trebeak zirenak-. Soldadu bakoitzari herriaren aldetik hamabost erreal emango zizkioten behin, eta herritik irteten zuen unetik beste bi erreal eta erdi. Momentuan egindako zozketan sartuko zuten gazteen zerrenda.
  • 1740-9-9. Diputazioak bidalitako gutuna irakurri ondoren, hurrengo astelehenean Herri Batzarra egitea erabaki zuten, goizeko bederatzietan. Konpainia osatu behar zuten soldaduen zozketa eta ofizialen aukeraketa egin behar zuten, lehen albistea jasotzean agindutako tokira abiatzeko. Parrokien bidez ez ezik, auzoetara udaltzainak bidaliz deialdia zabaltzea erabaki zuten.
  • 1740-9-4. Herri Batzar nagusian irakurri zituzten Diputazioak eta komandante jeneralak idatzitako gutunak, eskatuz prest egon zitezela herriak probintziko itsasertzean ingelesek egin zitzaketen sartzeei aurre egiteko. Gutunak zioenez, erabaki zuten 18 urtetik 60 urtera bitarteko gizonezko ezkongabeen zerrenda egitea eta herrian aurki zitezkeen arma guztien berri jakitea.
  • 1740-8-26. San Millango markesak idatzi zuen, Erdi kaleko bere ostatuko etxe errearen horma berriro altxatuko zuela aginduz. Udalak eskerrak ematea erabaki zuen.
  • 1740-8-19. Diputazioak erreal zedula bat bidali zuen, eta erreginaren hileta elizkizunak behar bezala ospatzeko adierazi zuen. Agintariek lutua jantzi zuten, aurrez Saboyako Maria Luisa erregina hiltzean egin bezala.
  • 1740-7-8. Utzitako bi neskatxa Iruñeko Ospitale Nagusira eramateak sortu zituen gastuen berri eman zuten.
  • 1740-7-1. Aurreko egunean aurkitutako utzitako bi haur Iruñeko Ospitale Nagusira eramatea erabaki zuten, hazkuntza hobea izango baitzuten. Herriaren gutuna eraman zuten haurrek, eta ohiko limosna bildu zuten bideko gastuak ordaintzeko.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan