Eguna: 2-25

  • 2021-2-25. 'Distira eta alderantzia' eleberria kaleratu zuen Joxean Agirrek, 2018an kaleratu zuen 'Ispiluak eta itsasoak' eleberriaren jarraipena.
  • 2020-2-25. Maider Etxezabalek urrezko bi eta zilarrezko domina bat irabazi zituen Munduko Sokatira Txapelketan
  • 2017-2-25. Valentin Bengoa jesuita eta sindikalista hil zen. Aretxabaletakoa, ELA sindikatuko historikoetakoa izan zen, 50 urte pasa egin zituen Loiolako jesuiten etxean eta, besteak beste, Ikastolaren alde lanean aritu zen Azpeitian.
  • 2015-2-25. Zestoako Erlaitz haitzuloan labar arte paleolitikoko grabatuak topatu zituela jakinarazi zuen Antxieta Arkeologia Taldeak.
  • 2015-2-25. Azpeitian 1960 eta 2014 urteen bitartean izandako eskubide urraketen txostena aurkeztu zuten Udalak eta Aranzadi Elkarteak.
  • 2014-2-25. Iban Arregi Hekimeneko lehendakari izendatu zuten.
  • 2011-2-25. Gorka Karapetok kirol eskaladako jarduera onenaren Angel Sopeña Saria jaso zuen.
  • 1988-2-25. Pako San Sebastian mendizaleari eskaini zioten omenaldia hasi zen.
  • 1988-2-25. Nuarbe Sokatira Taldeak urrezko domina irabazi zuen 640 kilotan Getxon, Faduran, Munduko Txapelketan.
  • 1976-2-25. Aurreikuste Nazional Institutuari herriak eskubidea zuen Medizina Jeneraleko sendagileak eskatzea erabaki zuten.
  • 1936-2-25. Zinegotzi batzuen eskaera kontuan izanik, astearteko azokan txerri tokiak berriro enparantza nagusian jartzea erabaki zuten.
  • 1901-2-25. Gauzainei longainak eta farol berriak ematea erabaki zuten.
  • 1866-2-25. Bezperan gauez izandako suteak nolabait ukituta, sua menperatzeko baliagarria izan zitekeen materiala erostea erabaki zuten. Gainera, uhaskan eta ibaian sartuta gauean lanean aritu zirenen zerrenda egitea onartu zuten, eskupeko bat emateko, lanean egindako denbora kontuan izanda.
  • 1847-2-25. Aleak herri batetik bestera saltzeko baimenaren agiria eskatzea erabaki zuten.
  • 1846-2-25. Aste Santuan parrokian jartzeko monumentua egiteko baldintzak onartu zituzten, San Fernando Akademiako arkitektu Bixente Unanuek emandako erari josirik.
  • 1837-2-25. Tolosako alkateak bertako ospitale militarrean zaurituak hartzeko egindako eskaerari erantzuteko ahalegin guztiak egitea erabaki zuten: 252 maindire, 63 koltxoi, 63 manta, 63 burko, 120 funda eta 63 lastaira.
  • 1787-2-25. Parrokiko patroi Granadako Dukea herrira zetorrela-eta, bere ospeari egokitzen zitzaion ongietorria eta erakustaldiak egiteko prestaketak egitea erabaki zuten; Azkoitiko mugara irten zuten agintariek.
  • 1707-2-25. Erregina haurdun zela jakinik, lehen astelehenerako zezenketa antolatzea erabaki zuen herriak.
  • 1703-2-25. Aurreraturik, zilarrezko 800 dukat eskuratzea erabaki zuen herriak, Donostian eginiko batzar berezian hartutako erabakiari erantzuteko. Hau da, herriak prestatu behar zituen soldaduei jazkiak egiteko: kasaka, txupa eta galtzak, galtzerdiak, oinetakoak, kapela, bi alkandora eta bi korbata.
  • 1702-2-25. Pedro Beltran Oiarzabal eta Lorentzo Eleizalde aukeratu zituen herriak, bataio kaperako burdinsarea egiteko norbait aurkitu zezaten. Apaizek ehun ezkutuko limosna eman zuten eta beste zenbait laguntza ere jaso ziren.
  • 1692-2-25. Parrokiko erretaula nagusirako lau irudi lantzeko eskaera Juan Antonio Peña eskultoreari egitea erabaki zuten.
  • 1685-2-25. Alcantara ordenako zalduntxo Martin Eleizaldek idatziz agertu zion herriari ahalegindu zela bere bizitzan herriak emandako agindu guztiak ahalik eta ongien betetzen, baina ezinezkoa egiten zitzaiola berdin jarraitzea 74 urte zituelako orduan eta nahiko gaixo zegoelako. Bide batez, eskuartean zituen lanak aurrera eramateko bere ordez beste bat izendatzeko eskatu zuen. Herriak onartu egin zuen eskaera eta eskerrak emanez, orduko alkate Frantzisko Mendizabal izendatu zuen Eleizaldek zituen lanez jabetzeko.
  • 1685-2-25. Alcañices eta Oropesa Markesarekin herriak Loiola etxearen lurraldeei buruz zituen tirabirez erabakiak hartzeko, udalbatzar nagusira deitzea erabaki zuten.
  • 1673-2-25. Eskuzta zelaira bitarteko bidearen ertzean, haritzak landatzea erabaki zuten.
  • 1670-2-25. Martin Garatetxeak parrokian eginiko lanak aztertzeko Miguel Abaria maisua izendatu zuen herriak eta, bide batez, Garatetxea eta honen lagun Joan Ansola maisuari ordezkari bat izendatzeko eskatu zieten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan