Eguna: 5-10

  • 2016-5-10. Auzarazako 18. karrerako balkoiak botatzea agindu zion Udalari EAEko Auzitegi Nagusiak.
  • 2014-5-10. Hainbat udal ordezkari eta herriko alkate eta zinegotzi izandako hautetsi erabakitzeko eskubidearen alde agertu ziren.
  • 2006-5-10. Hiltegi zaharra bota ondoren, Soreasu antzokia bota zuten.
  • 1936-5-10. Clemente Arrue herritarra eta Agerre azkoitiarra 8.000 metrotan neurtu ziren, zezen-plazan. Lehenenak irabazi zuen, 27. 56ko denboran.
  • 1849-5-10. Jose Manuel Abaliak Udalari erantzuna eman zion apaizen izenean. Elizkizun batzuk San Agustin elizan ospatzeko nahia agertu zuen: igandeetan eta jaiegunetan meza bat gutxienez. Ezetz erantzun zieten, eta apaizek gestioak egiten jarraitzea erabaki zuten.
  • 1849-5-10. Parrokiko organoa amaitzeko luzapena Juan Amezua organo egileari emana zion herriak, Gorputz egunetik San Inazio bitartekoa. Amezuak eskerrak eman zituen, eta egun horretarako amaitua izango zuela esan zuen.
  • 1835-5-10. Herrian agintaritza eskura zezaketen biztanle gutxi zirela-eta, guztiei eskubide hori ematea erabaki zuten, apiriletik egun hartara bitartean agintaritzan izan zirenei izan ezik, eta batzarrera agertu ez ziren guztiei albistea pasatzea erabaki zuten. Nahi zuenari bilerara deitzeko ahalmena eman zioten. Deiari uko egiten zionari 40 errealeko isuna ipini zioten.
  • 1829-5-10. Elgoibartik Tolosara egin nahi zen errepideari buruz gestioak egiten ari zen batzordeko kide Aszensio Inazio Altunak zera idatzi zuen, erreal baimena lortu ondoren: herrien gain zegoela orain errepidea ordaintzeko zergak enkantean jartzea. Hilaren 17an errematea egitea erabaki zuten, unean bertan jakinaraziko ziren baldintzak oinarritzat harturik.
  • 1823-5-10. Diputazioari erantzutea erabaki zuten, aurrez bezala orain begirune osoa zuela herriak Fernando VII. Espainiako erregea eta haren gobernuarengan. Beraz, unean gertatzen zenaren berri herritarren artean ezaguna zenez, misio espiritualen beharrik ez zutela esan zioten.
  • 1823-5-10. Manuel Arrietak emandako erantzunaren berri eman zuten, eta eskribauari haren etxera joan eta Urrestillak zor zituen probintziko zergen berri eskatzea erabaki zuten, ahalik eta azkarren Diputazioari erantzuteko.
  • 1794-5-10. Herritar bat 12.000 erreal aurreratzeko prest zegoela jakinarazi zuten, beste batzuek izandako baldintzetan, mometuko gerra eta herriak ordaindu beharko zituen zerbitzuei aurre egiteko. Eskainitakoa hartzea erabaki zuten.
  • 1716-5-10. Korrejidoreak hilaren 13an herriratuko zela aurreratu zuen, bere ohiko txanda betetzera.
  • 1641-5-10. Juan Garai herriratzean ospatutako zezenketaren gastuak onartu zituzten.
  • 1620-5-10. Zumaian ospatu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusiak, eta Loiolako Inazio patroitzat hartzea erabaki zuten.
  • 1587-5-10. Parrokiko obrak ikusteko korrejidoreak izendatutako maisuek osatutako txostenaren berri eman zuten.
  • 1583-5-10. Eskolako maisu baten beharra ikusita, herrian zegoen Alonso de Rivero umeei erakusteko eskaini zen eta, hain zuzen, harekin egin zuten eskritura.
  • 1529-5-10. Pedro Irigoieni lurralde bat eta baratza erosi zizkioten Frantziskanetako lekaimeek, monastegia egiteko asmoz.
  • 1287-5-10. Juan I.a erregeak Soreasuko Sebastian donearen monastegiko patronatua eman zion Beltran Yañez Oñazi.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan