Eguna: 4-5

  • 2017-4-5. Ehunka azpeitiarrek egin zuten bat herritik goizaldean igaro zen 20. Korrikarekin.
  • 2016-4-5. Donostiako 2. Instrukzioko epaitegiak atzera bota zuen Pasaiako segadaren kasua artxibatzearen aurkako helegitea.
  • 1997-4-5. Aste Santuan Izarraitz gainean akanpadan egon zirenek inguruan kalte handiak egin zituztela jakinarazi zuen alkateak.
  • 1992-4-5. Euskadi Irratiak antolatutako 'Markak hobetzen' programaren barruan, Kipkemboi Kimeli eta Patrick Sang kenyarrak Mariano Harok 10.000 metrotan eginiko marka (29.52) hausten ahalegindu ziren zezen-plazan. Baina Kimelik 31.14.066 behar izan zituen. Sangek 31. 15.070.
  • 1987-4-5. Hazparne-Azpeitia senidetasun eguna ospatu zuten. Lapurdiko herria da Hazparne.
  • 1937-4-5. 'San Inazio' tertzioko Juan Joxe Elorza, Inazio Iriarte eta Modesto Etxeberria hiltzean, eta haien gorpuak Azpeitiko udaletxeko aretoan jartzeko, Udalak erabaki batzuk hartu zituen: hiletara joatea, Azkoitiko Gerrako Junta Karlistari Musika Banda eskatzea eta Olaizola zinegotziak ezerezean eskaintzen zuen panteoian gorpuak hilobiratzea.
  • 1893-4-5. Musika Banda desegitea erabaki zuten, zuzendariaren aginduak alde batera utzi eta kideek tabernetan eta kafetegietan musika jotzeko instrumentuak erabiltzen zituztelako.
  • 1875-4-5. Elosiaga auzoko elizaren egoera ikustea erabaki zuten, azken neguko urak kalteak sortu zituelako.
  • 1869-4-5. Herriaren garbiketarako alkateak proposatu zituen baldintzak onartu zituzten: iturri publikoak, garbitokia, ermitak eta abar, kaleak eta enparantzak ere garbituz.
  • 1852-4-5. Santiago kalea zabaltzeko egindako gastuen zati bat ordaindu zuten.
  • 1840-4-5. Beharrezkoa zen baimena lortu ondoren, ardoaren zerga altxatzea erabaki zuten. Hortik jasotakoa kaleak eta bideak egokitzeko erabili zuten.
  • 1826-4-5. Herriari gelditzen zitzaizkion lurrak saltzeko baimena eman zioten Udalari, derrigorrezko zorrak ordaintzeko dirua lortzeko asmoz.
  • 1826-4-5. Soreasu errota eta Enparan errotaren erdia berreskuratzeko agintariei plan bat egiteko baimena eman zieten. Aurrez erosi zituztenei beraiek ordaindutako itzuliz, ordainketa egin zitekeela pentsatu zen. Bi errota horiekin egin nahi zen gauza bera lortu nahi zuten aurrez zezentokia izan zen etxearekin, eta hari buruz ere gestio berdinak egiteko ahalmena eman zieten.
  • 1826-4-5. Udaletxeko bigarren solairuan -garai horretan umeen eskola zen-, obrak egitea enkantean jartzea erabaki zuten.
  • 1638-4-5. Irunera boluntario soldadu joateko hauek aurkeztu ziren: Juan Lopez Gil, Antonio Zabala, Domingo Iparragirre, Domingo Goikoetxea, Juan Iturriaga, Inazio Arrizabalaga, Antonio Navarro, Benito Ainzia, Jazinto Alberdi, Domingo Zezein eta Inazio Zubimendi. Boluntario izanik, egunean bi erreal eskuratzen zituzten, baina zerbitzu hori egiteagatik bakoitzari beste bi dukat ematea herriak erabaki zuen.
  • 1571-4-5. Parrokiko elizako obrak egiteko apezpikuari baimena eskatzea erabaki zuten.
  • 1566-4-5. Herriko kartzelan zeuden hiru lapur zigortzeko borreroa ekarri zela adierazi zuten.
  • 1555-4-5. Felipe II.a Espainiako erregeak Gipuzkoako korrejidoreari armaturik zen jendea sakabanatzeko agindu zion. Ondoren, Urrestillako aldarea eta eliza lurreratzeko agindu zuen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan