Eguna: 9-22

  • 2014-9-22. 1/12 sumarioan Segiko kide izatea egotzita auzipetu eta epaiketara ez aurkeztea erabaki zuten Irati Tobar, Jazint Ramirez, Imanol Salinas, Igarki Robles eta Xabier Arina babesteko Aske Gunea osatu zuten Loiolan. Egun berean desegin zuen Ertzaintzak, bost auzipetuak eta beste partaide batzuk atxilotuz; tartean, Esteban Orbegozo azpeitiarra.
  • 2001-9-22. Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundeak Angel Otaegiren biografia aurkeztu zuen, Iban Arregik idatzitakoa. ETAko militantea zen Otaegi eta 1975ean fusilatu egin zuen frankismoak.
  • 1996-9-22. Nuarbe Sokatira Taldeak urrezko domina irabazi zuen 560 kilotan Munduko Sokatira Txapelketan, eta zilarrezkoa hurrengo egunean 640 kilotan.
  • 1983-9-22. Udaleko Kultura Batzordeak eginiko proposamena ontzat harturik, aho batez erabaki zuten Azpeitiko I. Euskal Antzerki Topaketak antolatzea.
  • 1964-9-22. Roman Azkuek eginiko Anaia Maristen Ikastetxe berriaren proiektua aztertu zuten, eta ontzat hartu aho batez.
  • 1922-9-22. Zumarragatik Zumaiara bitarteko trenaren zuzendari Manuel Alonso Zabalak planoa bidali zuen, herriko geltokia non izango den zioena; hain justu, Enparangain baserriaren lurretan zihoan, Urola ibaiaren bestaldean, eta derrigorrezkoa zen, bertarako bide egokia egiteko, zubi bat altxatzea San Millango markesaren lurretan. Udalak zubia egitea erabaki zuen, Nikolas Bizkarrondo ingeniariaren zuzendaritzapean, eta Diputazioari laguntza eskatzea horretarako. Horrez gain, erabaki zuten Probintziako Batzordeari eskaera zuzentzea berehala zubiaren zimenduak ateratzeko, eguraldi txarra egiten hasi aurretik.
  • 1880-9-22. Agustin Etxeberria bigarren mailako heziketa eskolarako irakaslearen eskaerari erantzunez, bete beharreko baldintzen berri eman zuten.
  • 1862-9-22. Lau hilabete igaro ziren Santo Domingo komentua eta eliza inguruan, kaletik ibaira bitartean, arkuak egin zituztela plazara begira. Gainean eraikin egokirik gabe, arkuak alferrik galtzeko arriskua ikusten zuten, zutik gelditzen zen komentuaren zatiak ere itxura txarra ematen zuelako. Kontuan izanik herriaren eskuetara pasaturik zela tokia Guardia Zibilarentzat kuartela egiteko eta Mariano Joxe Laskurain arkitektuak prestaturik zuela herriak eskatutako planoa -kuartela ez ezik, eraikin berriak ere agertzen ziren-, herriak ahalik eta azkarren gestioak egitea erabaki zuten, Espainiako Gobernuarekin zuen konpromisoa betetzeko.
  • 1856-9-22. Hilaren 14an sinatutako gobernadorearen gutuna jaso zuten. Zioen hilaren 12an Arabako gobernadoreak Ondare Nazionalak saltzeko zuzendari nagusiaren ofizioa bidali ziola, esanez Espainiako erreginari pasatu ziola herriak eginiko eskaria -Santo Domingo komentuaren aurreko aldea botatzeko eskatzen zuena, plaza handitu nahian-. 1851eko urtarrilaren 9an herriari eman zioten komentua, Guardia Zibilaren kuartela bertan jartzeko, baina maisuen iritziak jaso ondoren baimena ukatu zuten. Herriak erabaki zuen agiria gordetzea, baina gestioak egiten jarraitzea bere nahia lortzeko.
  • 1790-9-22. Matxinbentako Loinazko San Martin eliza bedeinkatu zuten.
  • 1695-9-22. Agustin Inazio Agirre Elizalde jaio zen. Salamancako Unibertsitateko (Espainia) errektoretza eskuratu zuen 1700. urtean. Narrosko markesak izan ziren haren ondorengoak, hasieran Granadako Dukearen arrebarekin ezkondu zelako. Alargun gelditzean apaiz egin zen. 1721ean hileta otoitz bat idatzi zuen, eta 1724an Azkoitiko Santa Brigidako Maria Josefa Larramendiren biografia.
  • 1680-9-22. Santo Domingo komentuko priore Jazinto Ulibarri fraideak egurra eskatu zuen obrak egiten jarraitzeko basoak zaintzen zituztenek agindutako tokietan.
  • 1628-9-22. Agindua zabaldurik bazen ere, parrokien bidez agintaritza eskura zezaketenek udaletxera agertu beharko zuten euren agirien berri ematera. Horrela egin zutenak oso gutxi izan ziren, eta berriro agindua ematea erabaki zuten, ostiralera bitarteko epea emanez -aurkezten ez zirenak ez zituzten kontuan hartuko San Miguel egunean aukeraketa egitean-.
  • 1593-9-22. San Mateo gauez Enparan zubia uholdeek eraman zutela adierazi zuten, eta Harzubikoa arriskuan utzi zuela.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan