Eguna: 9-20

  • 2015-9-20. Basilio Urbistondo gudari urrestildarra omendu zuen Udalak.
  • 2014-9-20. 1936ko gerra aurreko Azpeitiko Udaleko azken korporazioa osatu zutenak eta garai hartako udal langileak gogora ekartzeko plaka jarri zuten udaletxeko sarrera nagusiaren ondoan.
  • 2013-9-20. Lehen Azoka Herritik ekimena hasi zen, Erdi Aroko Azokaren tokikoa hartuta. Hiru egunez, Azpeitiko dendari, baserritar, artista eta bestelako eragileek euren eskaintza plazaratzeko aukera izan zuten.
  • 2012-9-20. Fernando Morillo idazleak 'Abbadiaren sekretua' eta 'Zonbia San Mamesen' liburuak aurkeztu zituen, Bilbon.
  • 2011-9-20. Esnea saltzeko makina jarri zuten Azoka plazaren kanpoaldean.
  • 1942-9-20. Clemente Arrue herritarra eta J. Etxenagusia 'Errezilgo txikia' neurtu ziren zezen-plazan, hamabi eta hamar kilometro egiteko. Lehenenak lana 38.20.1/5ean egin zuen, eta bigarrena erretiratu egin zen 5.700 metro egitean.
  • 1936-9-20. Mola jeneral errebeldearen (Francoren aldekoak) aginduetara zeuden tropak sartu ziren Azpeitian.
  • 1926-9-20. Alfonso XIII.a eta Victoria Eugenia Espainiako errege-erreginek bisitaldia egin zuten Loiolara.
  • 1909-9-20. Lurraldeko diputatu Manuel Senantek jakinarazi zuen Zumarragatik Zumaiara bitarteko tranbia elektrikoa jartzeko herriak aurreratutako 28.000 pezeta berriro eskuratzeko gestioak egiten ari zela. Pozik hartu zuten albistea.
  • 1897-9-20. Gutun baten bidez, Probintziko Batzordeak agindu zuen Sistema Metriko Dezimala erabiltzeko sagarra eta sagardo neurketak egitean. Horrela erabaki zuen Udalak, eta herritarrei pregonariaren bidez jakinarazi zien.
  • 1897-9-20. Herriko kale garbitzaileen arautegia onartu zuten.
  • 1849-9-20. Kontuan hartu zuten herrian zen lehen instantziako lurraldeko Epaitegiari buruz zabaldutako zurrumurruak eta, gogoan izanik probintziko beste lurralde batzuk baino biztanle gehiago zirela bertan, Aszensio Inazio Altuna diputatuari gestioak egin zitzan erregutzea erabaki zuten, ez zedin ezerezean utzi.
  • 1713-9-20. Herritar gehienak olio gabe gelditu ziren -batez ere, baserrietan bizi zirenak-, eta Frantzisko Arzadun hornitzaileari sei ezkututako isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1705-9-20. Alkateak jakinarazi zuen agintari nagusiengandik ontzat hartu zirela herriak prestatu zituen ordenantza berriak, ondoren beharrezko agiriak erakutsiz. Ohikoa zen bezala, herriko enparantzan pregonariaren bidez irakurtzea erabaki zuten, eta bertara deitu zituzten herritar guztiak eta eskribaua lekuko moduan. Ondoren, herriak hartzen zituen erabakiak idazten ziren liburuan jaso zuten hura ere.
  • 1640-9-20. Gerrako Diputazioak jakinarazi zuen garai hartan Diego de Guzman y Toledok Aia, Orio eta Usurbilen banaturik zuen konpainia Gasteizera bidean jarriko zela, eta Azpeitian igaroko zuela lehenengo gaua. Alkateak esan zuen 130 lagunetik gorako taldea osatzen zuela konpainiak eta sekulako gastuak sortuko zituela herriarentzat, batez ere garraio handiak egin beharko zirelako. Diputazioari idaztea erabaki zuten eta, gaia ondo aztertu ondoren, soldaduak Azkoitian, Zestoan, Errezilen eta Beizaman bana zitzala eskatu zioten. Ontzat hartu zuten buru egiten zuenarentzat ostatua herrian prestatzea, eta egurra eta ondorengo eguneko gosaria eskaintzea.
  • 1639-9-20. Joan Azkue erregidoreari agindu zioten herrian zen Dragoietako konpainiako soldadu bakoitzari, osatuaz gain, hiru erreal emateko. Esan zioten beste zenbait erabaki ere hartu zirela, ofizialei ostatua eskaini eta ordainketa egiteko.
  • 1596-9-20. Herriaren aldetik 25 moskete eta 30 alkabuz erosi zituztela esan zuten -lehenak Soraluzen, 48 erreal ordainduz bakoitza-, herritar asko zelako armarik gabekoak. Horietako 28 behintzat, saldu egin zituzten ondoren.
  • 1562-9-20. Elolaren katedrako hutsunea adieraztea erabaki zuten Salamanca, Alcala, Valladolid (Espainia) eta OƱatiko unibertsitateetan.
  • 1509-9-20. Enriquek Toro erregeak herriaren pribilegioa Ruy Dias de Rojasi eman zion, Azpeitiko herritarren eta kanpoan bizi zirenen arteko sententzia gogoratuz -herritik kanpo salmentak egiteko debekua-.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan