Eguna: 8-2

  • 1988-8-2. Zezen Txokoa inauguratu zuten zezen-plazan.
  • 1987-8-2. ETB1ek herriko zezen-plazatik zekorketa eman zuen. Isaias eta Tulio Vazquezen ganaduarekin Rui Benito Vázquez, Fernández Meca eta Joxe Mari Plaza toreatzaileak neurtu ziren.
  • 1969-8-2. Luis Lopetegi 'Agerre I.a' hil zen. Sasoi onenean izan zenean areriorik ez zuen aurkitu harri kubikoak altxatzen.
  • 1932-8-2. III. Euskal-Nafar Txirrindulari Txapelketa ospatu zuten herrian. Jesus Garcia 'Fanfa' larri zauritu eta gauean hil zen. Federiko Ezkerrak irabazi zuen proba, Eusebio Bastidaren aurretik.
  • 1922-8-2. Etxeberria zinegotziak adierazi zuen herriak gaizki hartu zuela aurreko bi egunetako elizkizunetara Udala korporazioan ez azaltzea eta, beste hiru zinegotzi ere iritzi berekoak zirenez, horixe idaztea erabaki zen. Baina ondoren, Goenaga zinegotziak jakinarazi zuen azkeneko udal hauteskundeetan gertatutakoagatik apezpikua, Diputazioa eta Senante diputatuaren aurkako protesta izan zela guztia. Etxebarriak orduan berehala erantzun zion, baina alkateak bien arteko eztabaida bat-batean moztu zuen. Azken batean, Lapazaran, Astigarraga eta Agirre zinegotziek eta Kasto Orbegozo alkateak bat egin zuten Etxeberriaren protestarekin.
  • 1849-8-2. Hondarribiko Batzar Nagusietan Loiolari buruz hartutako erabakiaren berri adierazi zuen Diputazioak. Agindu erreal baten bidez, gobernuak santutegian Frantziskotarren ikastetxe bat misiolarientzako egokituko zuela jakinarazi zuen. Azkoitiko eta Azpeitiko herriek bertan eskolak jartzea eskatuta zuten ordena erlijioso batekin, eta bi herriek beste eskaera bat luzatzea erabaki zuten.
  • 1841-8-2. Joxe Buenabentura 'Laka', Joxe Ituarte 'Zapaterito' toreatzailearen taldeko laguntzailea hil zen herrian, aurreko egunean Erlete baserriko zezenak zaurituta.
  • 1814-8-2. Aurreko gauean komandante nagusiaren etxeko sarrera zaintzen zegoen guardiak baionetaz zauritutako zezenkoa hil zen. Gertakizunari buruz hitz egin zuten, herriari kalteak sortu baitzekizkiokeen haragia saldu ezean. Ikusita haragia ongi zela, zezenkoaren jabeari eta herriko harakinari deitzea erabaki zuten, egokia iruditu bezala ordaindu eta salketa egiteko. Azkenik, harakinak 26'50 erraldeko hogei erreal ordaintzea erabaki zuten, eta bakoitzeko beste lau erreal eman beharko zituen herriak jasotako kaltearen ordaintzat, baita beste bederatzi duro ere, aurreko egunean jolastu zena zezenkoa zelako.
  • 1705-8-2. Diputazioak idatzi zuen, Frantzisko Joxe Enparan koronela Gipuzkoako lurraldera bere ofizialekin iritsi zela esanez, eta, bertako biztanleak erregearen Infanteriako Guardia Erregimendurako aukeratu nahi zituenez, herriari iritzia eskatu zioten, jokaera ez baitzen ezaguna. Hurrengo egunean bilera egitea erabaki zuten herritar berezienekin.
  • 1654-8-2. Herri Batzarrean alkateak herriaren ekonomia egoera larria jakinarazi zuen, eta saldutako basoak kobratzeko izendatuta ziren Iñigo Alzaga eta Martin Eleizaldek, oraingoz Diputazioaren gastuak ordaintzeko 400 erreal aurreratzea erabaki zuten.
  • 1413-8-2. Pribilegio bat eman zuen erregeak Burgosen (Espainia), herri barruan eta kanpoan bizi zirenen arteko iskanbilak mozteko asmoz. Lehenengoen aldeko erabakia hartu zuen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan