Eguna: 1-30

  • 2021-1-30. Bartzelona menderatuta, Juaristi ISB saskibaloi taldeak Zilarrezko LEB Ligako Kopa irabazi zuen, bigarren urtez jarraian.
  • 2021-1-30. 300dik gora lagun elkartu ziren ostalariek COVID-19aren izurria tarteko bizi zuten egoera salatzeko deitutako manifestazioan.
  • 2020-1-30. Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, greba orokorra egin zuten, lana, pentsioa eta eskubide sozialak aldarrikatzeko.
  • 2014-1-30. Grumaleko 148 langileak kaleratzeko dossierra aurkeztu zuten konkurtsoa kudeatzen ari ziren administratzaileek.
  • 2014-1-30. Urolaturismo.net webgunea aurkeztu zuten Urola Erdiko sei alkateek, Iraurgi Berritzeneko ordezkariek eta webgunea berritzeko lanak burutu zituztenek.
  • 1980-1-30. Kalean 30 bozgorailu jartzeko, Bengoa etxearen aurrekontuaren berri eman zuten udaletxean.
  • 1974-1-30. Zelai Luze zati batean zabaldu eta luzatzeko planoa eta aurrekontua onartu zituzten.
  • 1974-1-30. Soreasu kalearen jarraipenari Agustin Jauregi kalearen deitura ematea erabaki zuten.
  • 1889-1-30. Herriaren elektrika argikuntzarako Juan Bautista Belokik aurkeztu zuen proposamen bakarra, eta harekin egin zuten tratua.
  • 1873-1-30. San Agustin komentuko goialdetik guardian zegoenak tiro batez jota, Amuko zubi inguruan Martin Bikendi hil zen.
  • 1756-1-30. Ez zen inor agertu elur hornikuntza egiteko prest, eta herriak Domingo Arregi eta Mariana Martiarenakin tratua egin zuen lau urterako.
  • 1756-1-30. Diruzain postuan jarrai zezan, Inazio Urdapilletarekin egin zuen eskritura Udalak.
  • 1701-1-30. Parrokiko korurako eskailera pintatu eta beste zenbait lan egin zituelako, azken zatiaren ordainketa egin zioten Miguel Esnaola maisuari.
  • 1701-1-30. Espainiako erregeari ongi-etorria eta agurra egitera joan behar zuten herriko 49 soldaduren buru egiteko Uzkudun erregidorea izendatu zuten. Bakoitzari sei erreal ordaintzea erabaki zuten; haiekin tratua egitean lortu zen soldata txikiena.
  • 1693-1-30. Loiolako obraren maisutzarako Martin Zaldua kontratatu zuten.
  • 1671-1-30. Martin Garatetxea maisua kexatu egin zen, urteak baitziren Santo Domingo monastegiko arkuak egin eta herriak 500 dukat eman zizkiola, baina monastegia beste 50 dukat ordaintzekotan gelditu zen eta oraindik ez zizkion ordaindu. Herria monastegiko buruarekin harremanetan jarri zen.
  • 1671-1-30. Herriko botikari Frantzisko Pablo Leon izendatu zuten.
  • 1667-1-30. Udalbatzar nagusira agertu ez zenari 500 maraiko isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1667-1-30. Herriko bi ordulariak konpontzea erabaki zuten.
  • 1665-1-30. Martin Garatetxea maisuari torilak egiteko lana eman zioten, herrian ospatuko ziren Gipuzkoako Batzar Nagusietarako prest izateko.
  • 1665-1-30. Agustin Eizagirre erregidoreak Gasteizen Batzar Nagusietarako su artifizialak ekartzeko egin zuen tratuaren berri eman zuen eta horien itxura ere erakutsi zuen.
  • 1654-1-30. Diputazioak idatzitako gutun bat irakurri zuten, erregeak bidalitakoaren kopia batekin batera, esanez eskatutako soldaduak prest egon zitezela martxoaren lehen egunetan Kataluniara bidean jartzeko. Diputazioak Bidaniko San Bartolome elizara deitu zuen, otsailaren 10ean, batzar berezia egiteko.
  • 1642-1-30. Herriak olioaren hornikuntza egiten ari zirenekin auzia zuen, eta ahalik eta azkarren pare bat abokaturen iritziak jasotzea erabaki zuten.
  • 1580-1-30. Herriaren zerbitzuan ziren gazteei ostatuetan eta ardandegietan karta jokoan egin eta haiei jaten ematea debekatu zieten. Bestalde, eta iluntzeko otoitz orduaren ondoren, ezin zen gauez toki horietan herritarrik hartu.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan