Eguna: 7-27

  • 2015-7-27. Loiolako Turismo Bulego berria inauguratu zuten, santutegiaren aurrekaldean.
  • 2011-7-27. Landu enpresa itxi izana salatu zuten langileek eta bazkideek. Maiatzaren 5ean itxi zituen ateak Juan XXIII auzuneko lantegiak
  • 1995-7-27. Euskaltzain oso izendatu zuten Patxi Goenaga azpeitiarra.
  • 1957-7-27. Oargi elkartearen barneko antzerki taldea aurkeztu zen Soreasu antzokian, 'Damuba garaiz' obrarekin.
  • 1903-7-27. Alkatearen mozioari esker, Elgoibartik Donostiarako trenak herriko festetarako zerbitzu berezia jarri zutenez, herrian kotxeak zituztenei tren horiekin bat eginda zerbitzu bereziak eskaintzeko eskatzea erabaki zuten.
  • 1887-7-27. Aho batez erabaki zuten Erdi kaleari 'San Inazio' deitura plaka jartzean, bertako biztanleei balkoietatik eskegita zintzilikatzeko eta musika bandarekin korporazioan udaletxera joateko eskatzea. Ondoren zezen bat aterako zuten kalean.
  • 1883-7-27. Sebastian Errasti 'Xaxurre' jaio zen, Nuarbe auzoan, Atxaran baserrian.
  • 1845-7-27. San Inazio festetan Loiolan ospatuko ziren elizkizun prozesioetan -uztailaren 30ean arratsaldean eta abuztuaren lehen egunean goizean-, parrokiko apaizekin bat egiteko honoko ordu hauek izendatuz idaztea erabaki zuen Udalak: arratsaldeko bost eta erditan eta goizeko zortzietan.
  • 1754-7-27. Korrejidoreak herriari erantzun zion ezinezkoa zitzaiola zezenketak ospatzeko enparantza ixteko baimena ematea, Gaztelako gobernadoreak maiatzaren 10ean emandako aginduarekin debekua emanda baitzuen.
  • 1750-7-27. Probintziako idazkariak Iruñeko apezpikuak ezpata dantzaz egindako kontsultaz emandako erantzuna jakinarazi zuen. Apezpikuak eliz barruan, herri jairik nagusienean, Eguberri eta Gorputz egunetan bezala, ezpata dantza egitea baimendu zuen, baina dantzan gizonezkoek bakarrik hartuko zuten parte. Baimenaren berri parrokiko erretoreari ematea erabaki zuten.
  • 1750-7-27. Parrokiko etxezainak esan zuen apezpikuak, bere azken bisitaldian, ordulariarentzat aparteko kanpai bat dorrean jartzeko agindua eman zuela. Kanpaia Ingalaterra edo Herbehereetatik ekartzeko asmoa zuten. Bestalde, herriari Inazio Ibero maisuarekin harremanetan jarri eta zer neurri eta nolako pisua beharko zuen erabakitzeko eskatu zioten.
  • 1718-7-27. Inazio Segurola maisuak Buztinzuloetan, Urbieta etxe inguruan, teilari berria egiteko aukeratu zuen lurraldea erostea erabaki zuten.
  • 1693-7-27. Zezenketa ondorengo freskagarrirako, batik bat Azkoitiko alkatea etortzen bazen, amuarrainak, aingirak, bizkotxo, lau pitxar limonada eta edari hotza prestatzea erabaki zuten. Herriko dorrera zezenketak ikusteko emakumeak gonbidatzea ere ohikoa zen, eta horientzat ere limonada, bizkotxoak eta azukre arrosa prestatzea erabaki zuten. Eguraldiak laguntzen bazuen, berriz, trufak eta txokolatea ere prestatzea erabaki zuten.
  • 1676-7-27. Inazio Odriozola elur hornitzaileari hurrengo ostegunerako Aizkorriko izoztegira eraman zuen soka -idiak erabiltzeko soka- herriaren eskuetan jarri behar zuela jakinaraztea erabaki zuten. Bestela, soka ordaindu beharko zuela. Herria hornitzeko zuen eginkizuna gogoratu zioten, baita falta zen egun bakoitzeko mila maraiko isuna izendatu ere.
  • 1653-7-27. Domingo Gerrenzuri eta Joxe Goenaga berme bidez aske utzi zituztela adierazi zuten. Herriak berme horiek erreal probisioak agintzen zuen bezala ordaintzea erabaki zuen. Horretarako zenbait herritar izendatu zituen.
  • 1609-7-27. Loiolako Inazioren beatifikazioa izan zen.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan