Eguna: 11-12

  • 2015-11-12. 'Nire barneko mendiak' liburua aurkeztu zuen Jose Mari Azpiazuk.
  • 2015-11-12. Fernando Sanchez Aranazek idatzitako 'IƱigo de Loiola, tribulaciones entre Navarra y Roma' liburua aurkeztu zuten Loiolan.
  • 2005-11-12. Kontxu Odriozola aktore azpeitiarrari omenaldia egin zioten Donostian, Kursaalen. Horrebeste urtean egindako lana aitortu nahi izan zioten horrela.
  • 1972-11-12. Jexux Olaizola 'Agieta' eta Juan Alberdi 'Urreta' herritarrak bi enbor 72 ontzakoak eta hamar 54koak ebakitzeko neurtu ziren. Lehenenak irabazi zuen, 45.50eko denbora eginez. Bigarrenak 48.15ekoa egin zuen.
  • 1967-11-12. Bengoetxea eta 'Arriya II.a' neurtu ziren sei enbor 80 ontzakoak ebakitzen. Lehenenak irabazi zuen, 45.17 behar izatean, eta bigarrenak 51.14.
  • 1966-11-12. Antonio Gurrutxaga 'Txokolo' txistularia hil zen.
  • 1917-11-12. Anai Maristen zuzentzen zuten Arte eta Ofizio Eskolan eskaintzen zuten ikasketa aztertzeko batzordeak adierazi zuen 80 ikasle matrikulatu zirela, eta 1916ko urriaren 1ean hasi zutela ikastaroa eta 1917ko martxoaren 31n bukatu.
  • 1894-11-12. Udalean Loiolako Inazio deuna Elizaren Doktore izendatzeko zegoen asmoen berri eman zuten, eta Udalak asmo horrekin bat egiteko gotzainei eta Gipuzkoako herriei txosten bana bidaltzeko erabakia hartu zuen.
  • 1847-11-12. Politiko nagusiak Urrestilla herri bezala sortzeko emandako erreal ordena bidali zuen, hilaren 7an idatzitako gutunaren berri ematean jakin zenez. Alkateak ondoren jakinarazi Urrestilarekin bat egingo zutela Elosiaga eta Nuarbe auzoek. Eta, lehen bezala, Azpeitiko herriarekin bat eginik jarraitzen zutela Aratz-erreka eta Araz-Eizagirre auzoek, baina mugak izendatu eta jarri bitartean inolako aldaketa izan gabe.
  • 1847-11-12. Hilaren 10ean politiko nagusiak berak idatzitako gutunaren berri eman zuten, eta hark zioen Atanasio Larraar izendatu zuela Urrestillak izen beharko zuen Udala osatzeko gestioak aurrera eramateko. Udalak politiko nagusiari eskatu zion Larraarren lana ezerezean uzteko mugak izendatu eta jartzen zituzten bitartean.
  • 1811-11-12. Hurrengo eguneko goizeko hamarretarako Herri Batzar nagusirako deialdia egitea erabaki zuten, egin beharreko hornikuntzari buruz neurriak hartzeko. Bertara joaten ez zen herritar bakoitzari bi dukateko isuna ezartzea onartu zuten.
  • 1810-11-12. Herriko eta Tolosa lurraldeko komandanteak aurreko egunean idatzitako gutunaren berri eman zuten, hauxe esanez: baldin eta 48 orduren barruan kontuak ez bazituen zuzentzen, herriari agindu ziotela exekuzio militarra egitea, iraileko eta urriko kontribuzioak ordaindu gabe zegoelako. Probintziko Kontseiluari herrian zen tropari eginiko hornikuntza txartelak bidali zizkioten, herriak aurreraturik zenbat zeukan ikus zezan.
  • 1744-11-12. Utzitako haur bat aurkitu zuten Loiolako eliza berriaren atarian.
  • 1702-11-12. Erreginaren gutunari ongi-etorria egin zioten.
  • 1694-11-12. Herritar dendariek kanpotik herriratzen ziren generoak ahal bezain azkar erosten ahalegintzen ziren, euren denda eta etxeetara eramateko berehala -batez ere, frutak, gatza, gazta, intxaurrak eta antzekoak-, herriak zituen ordenantzak alde batera utzita, gutxienez bi ordutan herriko enparantzan salgai egon behar baitzuten. Beraz, Udalak dendariei horrela ez eginez gero bostehun maraiko isuna ezarriko zietela jakinaraztea erabaki zuen.
  • 1694-11-12. Azkenaldian eta egun izendatuetan ibaian sekulako arrantzak egin zirela jakinarazi zuten, batzuetan urak geldituz eta tresna debekatuak erabiliz. Guztien kalterako jokaera zen. Horrela jokatu zutenak nortzuk izan ziren eskatu zioten alkateari, ondoren gogor zigortzeko.
  • 1565-11-12. Herriko kartzelan bi lapur izanik, Bizkaiko korrejidoreari borreroa herriratzeko eskatzea erabaki zuten, haiek zigortu zitzan.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan