Efemerideak. Hamarkada: 1850
- 1859-12-25. Idazkariak Diputazioak hilaren 23an emandako gutuna irakurri zuen. Idatzian hilaren 27an, euskal Tertzioak osatzeko herriari tokatzen zitzaizkion 44 gizasemeek Tolosan izan beharko zutela gogoratzen zuen. Orduan Marokon zen gerrarako behar ziren. Hurrengo egunean bertan taldea, alkatea buru zela, Tolosara bidean jartzea erabaki zuten.
- 1859-11-21. Marokoko gerra zela-eta, Diputazioak neurriak hartzeko proposamenaren berri eman zuen. Herriak, egun batzuen barruan, gazte ezkongabe eta semerik gabeko alargunen zerrendak prest eduki behar zituela agintzen zen -20 urtetik 30 urte bitartekoak-, eta herriak 45 gizasemeko soldadu taldea osatu behar zuela ere bai, agindutako unean bidean jartzeko. Eskatutako zerrenda prestatzea erabaki zuten.
- 1859-11-21. Afrikako gerrak sor zitzakeen gastuei aurre egiteko, Diputazioak neurriak hartzeko izendaturik zeukan batzordeak bere proposamenaren berri eman zuen, zenbait pertsona berezirekin harremanetan jarri eta bilerak izan ondoren. Lehenik, herritarren artean 1.900.000 erreal biltzea proposatu zuen. Bigarrenik, merkatarien artean 300.000 erreal biltzea eta industriarien artean 100.000 erreal, eta horrela egitea Diputazioaren kontu uztea. Hirugarrenik, urtean 700.000 erreal bil zitezkeen zergak ezartzea. Era berean, herriak 1.900.000 erreal horietako 90.853 erreal eta sei marai ordaindu beharko zituela esan zuten, erdia ondasunak hartuko zuen eta beste erdia kontribuzio pertsonal bezala. Horrela egitea erabaki zuten.
- 1859-9-19. Alkateak jakinarazi zuen herriko errukietxeko juntak erabaki zuela Azkoititik Urretxura eta Zumarragara egin nahi zuten errepidearen proiektuan une hartan kaxan zituen hogei mila erreal aurreratzea. Udalak erabakia ontzat hartzea erabaki zuen.
- 1859-9-5. Alkateak jakinarazi zuen Juan Giberti erantzun ziotela nolako baldintzetan erosiko lukeen herriak Gibertek berak prestatutako suhiltzaileentzako bonba: sei mila errealetan, hain justu. Konforme zen Gibert, baldin eta herriak bere aldetik lokal bat ematen bazuen bonba egoki gorderik izateko. Gainera, inolako diru ordainketarik gabe emango lukeela ere esan zuen, bere mangera egoki edukitzeko nahiko koipe ematen bazitzaion eta beharrezko konponketa lanak herriaren aldetik ordaintzen baziren. Giberti urtean 120 erreal ematea erabaki zuten, uneoro bonba ongi prestaturik eduki zezan.
- 1859-8-8. Diputazioak Getarian egindako Batzar Nagusiak hartutako erabakia adierazi zuen. Hain zuzen ere, Azkoititik Urretxu eta Zumarraga bitartean, Urola ibaiaren inguruan, errepidea egitea. Diputazioak errepidea egiteko prest zela ere adierazi zuen, herrien aldetik behar zen diru laguntza lortuz gero. Gai horri buruz Azkoitiko alkateak idatzitako gutuna ere irakurri zuten. Bertan, bailarako herriak Azpeitiko udaletxean hilaren 9an bilera egiteko prest zirela esaten zen. Alkatea aukeratu zuten bilera horretara joateko.
- 1859-5-23. Jabeturik parroki aurreko harrizko harresia egoera larrian eta itsusian zegoela, eta elizaren atariarekin inola ere bat egiten ez zuela, harresia bota eta sarrerako hiru arkupetan burdinsarea jartzeko asmoa agertu zuten. Joxe Mari Azpirozi planoak eta itxurak eskatzea erabaki zuten.
- 1859-3-21. Juan Amezua organo egileak Eguberrietara bitartean parrokiko organoan ziren akats guztiak zuzenduko zituela adierazi zuen, eta 20.000 erreal ordaintzea erabaki zuten.
- 1859-3-21. Iturritxiki iturrian ur zikina agertzen zela adierazi zuten, eta askotan usain txarra zuela. Zer gertatzen zen jakiteko ikustea erabaki zuten.
- 1859-3-4. Juan Amezua organu-egileak agertu zituen kexa eta diru beharrari erantzunez, 20.000 erreal aurreratzea erabaki zuten, baina Santesteban maisuak aurkitutako akatsak kentzeko eta eguberrietarako organoa bukatzeko eskatuz.
- 1859-2-28. Juan Amezua organuegileak aurkeztu zuen gutunaren aurrean, herriak Joxe Inazio Aldalur organujoleari bere iritzia eskatzea erabaki zuen.
- 1859-2-21. Auzoko biztanleen eskaerari erantzunez, Elosiagako eliza eta apaizaren etxean konponketa lanak egitea erabaki zuten.
- 1859-2-14. Juan Amezua organo egilearen idatzi baten berri eman zuten, eta Joxe Juan Santestebanek parrokiko organoaren azterketan aurkitutako akatsei buruz zenbait xehetasun ematen zituen. Herriak erabaki zuen, berak zioen bezala, hilabeteren barruan Santestebanek aurkitutako akatsak behar bezala konpondu beharko zirela eta, batez ere, teklatuaren gogortasuna.
- 1859-1-31. Parrokiko organo berria ikusi ondoren, Joxe Juan Santestebanek eginiko txostenaren kopia bat Juan Amezua organoaren egileari pasatzea erabaki zuten, aurkitutako akatsak ahalik eta azkarren konpon zitzan.
- 1859-1-24. Enparantza nagusitik parrokira bitarteko espaloia jende gehien ibili ohi zen tokietako bat zela jakinik -frontoiaren aurrean igarotzen baitzen-, egokitzea erabaki zuten.
- 1859-1-17. Juan Amezuak parrokirako eginiko organoa ikusteko, Juan Santesteban maisu donostiarra aukeratu zuen herriak.
- 1858-12-27. Errukietxea zabaltzeko obrak egitean sortutako batzordeak adierazi zuen lanak amaituta zeudela eta eginiko gastuen berri aurkeztuko zuela. Udalak onartu egin zituen.
- 1858-12-27. Juan Amezua organo-egileak gutun baten bidez adierazi zuen parrokiko organoa amaituta zuela eta prest zela herriaren eskuetan uzteko. Konforme zela esan zuen herriak izendatutako maisuarekin ikusteko. Aurrez izendatuta zituen herriak Joxe Inazio Aldalur eta Bixente Arregi apaizak, eta horien iritzia eskatzea erabaki zuten, ondoren organoa aztertuko zuen norbait izendatzeko asmoz.
- 1858-10-11. Irailaren 27an arratsaldez eta gauez herriak enperadoreari eta haren emazteari Loiolako santutegitik bueltatzean eginiko ongi etorria zela-eta Diputazioak idatzitako gutuna irakurri zuten. Eskerrak ematen zizkion herriari, eta Telesforo Monzon diputatu nagusiak sinatu zuen.
- 1858-10-11. Apezpikutzak idatzitako gutun baten berri eman zuten, eta herriaren eskaera ontzat harturik -beste iritzi batekoak baziren ere parrokiko apaizak-, parrokian ematen zuten jaiegunetako zortzietako meza San Agustin elizan ematea baimendu zuen. Han obra batzuk egitea erabaki zuten, Joxe Mari Azpirozen esanetara.
- 1858-9-27. Ilunabarrean Frantziako enperadoreak eta haren emazteak Loiolara bisita egin zuten.
- 1858-9-13. Parrokiko apaizen izenean, Joxe Manuel Abaliak adierazi zuen ezinezkoa zela eurentzat igande eta jaiegunetan zortzietako meza San Agustin elizan ematea -bikario nagusiak horretarako baimena eman bazuen ere-, apaiz gutxi zirelako. Udalak baimena eman zuenean, berriro harremanetan jartzea erabaki zuen.
- 1858-9-6. Diputazioak galdetu zuen ea noizko izango zen errukietxea egokituta, unean Donostian zeuden lurraldeko behartsu guztiak bertaratzeko. Erantzutea erabaki zuten eta, inolako atzerapenik gertatzen ez bazen behintzat, azaroaren amaierarako prest izango zela esan zuten.
- 1858-8-30. Apezpikutzako bikario nagusiak eman zuen dekretuaren berri adierazi zuten. Aurrez herriak San Agustin komentuko elizan goizeko zortzietan igande eta jaiegunetan meza izateko gogoa azaldu zuen, ordu berean parrokian izaten zena aldatuz. Bikario nagusiak baiezkoa eman zuen, parrokiko erretorearen aldetik eragozpenik ez bazen behintzat, eta azken horri dekretuaren berri jakinaraztea erabaki zuten.
- 1858-8-30. Herriak ordaintzen zituen irakasleek nolako maila zuten jakiteko azterketa batzuk egitea erabaki zuten; irailaren 2an eta 3an egingo zituzten azterketak. Albistea irakasleei eta parrokiko erretoreari jakinarazi zieten, eta toki egokia aukeratu zuten gurasoak ere azterketako lekuko izan zitezen.
- 1858-8-9. Gipuzkoako Diputazioak herriko errukietxean -Donostiakoan- zeuden 28 behartsu jasoko al zituzten azkar erantzuteko eskatu zuten. Lanak amaitu gabe zirela eta une hartan bertan inor hartzea ezinezkoa zela esanez erantzutea erabaki zuten.
- 1858-6-21. Eskuztako iturrian egindako lanen berri adierazi zuten, ur nahikorik ez zelako iturria berriro martxan jartzeko; urak beste bide bat hartu zuelako, hain zuzen.
- 1858-6-7. Herritar behartsuentzat eta lurraldeko herrikoentzat Miserikordian obrak egitea erabaki zuten. Bertako kapera argi gutxirekin geldituko zela eta, gainera, nahiko txikia zelako, kapera berria egiteko proiektua onartu zuten. Horretarako apezpikuaren baimena lortzea erabaki zuten.
- 1858-6-7. Lorentzo Egigurenek eta beste hamabost familiak eskaria egin zuten Eskuzta zelaiko iturria berriro martxan jartzeko. Urik ez izateko zer gertatzen zen jakitea erabaki zuten.
- 1858-5-31. Iruñeko apezpikuari igande eta jaiegunetan San Agustingo elizan meza izatea eskatzeko prestatu zen txostenaren berri eman zuten, eta onartu egin zuten.
- 1858-4-26. San Agustin komentua baztertua zegoen eta, haren egoera ikusita, behar zen tokian gestioak egitea erabaki zuten, elizan gutxienez igandeetan eta jaiegunetan meza bat izateko.
- 1858-4-19. Herriak, otsailaren 22an eta martxoaren 13an Juan Amezuari idatzitako gutunei erantzunez, parrokiko organoa amaitzeko San Inazio eguna bitarteko luzapena ematea eskatu zuen, eta baiezkoa eman zioten, baina ez gogo handiz.
- 1858-3-22. Juan Amezua organo egileak Nafarroako Erratzu herritik idatzitako gutuna irakurri zuten, adieraziz agindutako egunerako ezin zuela parrokiko organoa amaitu, uste baino lan handiagoa zuelako. Barkamena eskatu zuen, eta diru laguntza erregutu. Herriak haserrea agertzea erabaki zuen, ez zuelako organoa bukatzeko egun berri bat izendatu.
- 1858-3-8. Auzo batzuetako baserritarrek aurreko urteetan egon zen debeku bat ezerezean uzteko eskaria egin zuten; hau da, herriko kaleetan igarotzean, gurdiak erabat isilean erabili beharko zirela, ardatzaren zaratarik gabe, eta ezinezkoa egiten zen une askotan hori lortzea. Gurdiak garoa, otea eta belar ondoarekin izatean bakarrik altxatzen zuten debekua, eta bazirudien gainontzeko zamak eramatean erraza zela gurdiak zaratarik gabe erabiltzea.
- 1858-3-5. Errukietxeko obren errematea hilaren 14an egitea erabaki zuten, goizeko elizkizunak bukatu ondoren.
- 1858-2-22. Juan Amezuak bere konpromiso handia agertu zuen parrokiko organoa amaitzeko, aurrez Erratzuko Udalarekin bertakoa egiteko eskritura sinatuta zuelako eta horretarako lau aste besterik ez zituela adieraziz. Herriak erabaki zuen Amezuari gogoraztea joan zen urteko Inazio donearen egunerako amaitzekotan sinaturik zuela eskritura Udalarekin, eta ondoren gabonetarako amaituko zuela agindu bazuen ere, oraindik ezinean zela. Ustekabe handi bat sortu zuela adieraztea erabaki zuen herriak, eta luzapen bezala urte horretako Gorputz eguna izendatu zitzaion.
- 1858-2-22. Errukietxeko juntak eta Udalaren batzordeak etxea handitzeko planoak, aurrekontuak eta baldintzak jakinarazi ondoren, guztia onartzea erabaki zuten.
- 1858-2-1. Udala eta errukietxeko juntak etxea zabaldu eta egokitzeko Elias Mendiolarekin eginiko hitzarmenaren berri eman zuten.
- 1858-1-16. Probintzian barrena ibiliko zen trenaren bidea egiteko herriak 40.000 errealeko diru laguntza ematea erabaki zuten.
- 1858-1-8. Probintzian egin nahi zen trenbiderako zabaldurik zuten diru laguntza eskea nola zen Diputazioari jakinaraztea erabaki zuten.
- 1857-11-30. Aurreko egunean Diputazioak bidalitako gutun baten berri eman zuten, erreginak haur bat izan zuela esanez. Udala poztu egin zen Asturiasko (Espainia) printzea jaiotzean, eta elizkizunak eta jaialdiak antolatzea erabaki zuen abenduaren 6an, aurrez parrokiko apaizekin harremanetan jarrita.
- 1857-11-30. Diputazioak herriko Miserikordian Laguntza Etxea sortzeko egindako proposamenaren berri eman zuten.
- 1857-11-22. Herriko miserikordiarekin bat eginik lurralde mailako Laguntza Etxea sortzeko proposamenaren berri jaso zuela adierazi zuen Diputazioak eta, ideia aurrera eramateko, herriak jarritako baldintzak onartu zituela zioen. Bestalde, jakinarazi zuen bertara joango ziren behartsu bakoitzeko Donostia eta Tolosako Benefizentzia juntei bezala ordainduko ziotela, Gipuzkoako Batzar Nagusiak erabaki zuten eran, bai orduan eta bai gerora. Eta 50.000 errealen bigarren zatia hitzarmena sinatzean eta miserikordia zabaltzeko obrak amaitzean ordainduko zirela. Diputazioari herriak baldintza guztiak ontzat jo zituela esanez erantzutea erabaki zuten.
- 1857-11-22. Joxe Mari Balanzategi sendagileak -Gipuzkoako Getarian zegoen- idatzi batean zioen herrian zen zirujau postuan interesaturik zegoela. Inor ez zegoen postuan orduan. Udalak hari buruz informazioa jasotzea erabaki zuen, nolako ikasketak zituen, eta haren jatortasunari buruz ere jakin nahi zuen -Zumaiako eta Zarauzko alkateei galdetu zien horretaz-.
- 1857-11-14. Azkenaldian herriak izandako biztanlego gehitzeaz jabeturik eta hilerriak orduan zeukan lurraldea txiki egiten zela-eta bertarako bidea egokitu beharrean izanik, Udalari beste hilerri bat egokitzea iruditu zitzaion, baina aurrez gaiari buruz sendagileei iritziak eskatuz.
- 1857-11-9. Diputazioak egindako proposamenaren berri eman zuten: herriko errukietxean Laguntza etxea sortzea.
- 1857-10-5. Espainiako erregearen aurrean gestioak egitea erabaki zuten, herriaren eskuetara pasatu zuten Santo Domingo komentuak enparantza nagusi aldera zeukan aurreko aldea lurrera botatzeko.
- 1857-8-24. Polizia zaindari Ramon Adriank itxura hobea izan zezan, jantziak egitea erabaki zuten: lebita eta oihal galtzak, kapela berritua eta txapa.
- 1857-7-20. Bustinzuriko errebaleko biztanle batzuek kaletik kendutako harri zaharrekin Urola ibairako bidea egokitzea eskatu zuten. Udalak horrela egitea erabaki zuen.
- 1857-4-6. Herriak Plaza Txikian zuen kartzelari buruz Fernando Etxeberria arkitektuak eginiko txostena ikusirik eta, berri bat egitea derrigorrezkoa zela jabetuz, Santo Domingo komentua izandakoa horretarako baliagarria izan zitekeen jakitea erabaki zuten.
- 1857-3-16. Txagurekoa deituriko orubean etxea eraikitzeko Joxe Alberdik aurkeztu zituen planoak onartu zituzten.
- 1857-2-24. Bustinzuri errebala harriztatzeko tratua egin zuten Pantaleon Elorzarekin.
- 1857-2-3. Errekarte baserrian Frantzisko Garate Aranguren jaio zen. Jesusen Lagundiko Anaia eta apaltasunaren ispilua izan zen, batez ere Deustuko Ikastetxe nagusian atezain bezala egin zituen urteetan. Aita santuak 1985eko urriaren 6an beatifikatu egin zuen.
- 1857-1-26. Aurreko urtean eta herrian bertan, 17.614 arroa pasatxo ardo ez ezik, 1.213 arroa pattar saldu zirela adierazi zuten. Inguruko herrietara, berriz, beste 617 arroatik gora saldu zituzten.
- 1857-1-5. Buztinzuri errebala harriztatzea enkantean jarri zuten.
- 1856-12-15. Hilaren 9ko aldizkari ofizial berezia irakurri zuten. Bertan, hilaren 3an emandako dekretu erreala jaso zuten, udal guztietan agintariak otsailaren 5ean aukeratu beharko zirela zioena. Alkatearekin batera, herritarren zerrenda prestatzeko bi zinegotzi eta gehien ordaintzen zuten bi herritarren aukeraketa egingo zuten.
- 1856-11-24. Aurreko egunean San Inazioren zilarrezko irudia jesuiten eskuetan uztean jasotako akta idaztea erabaki zuten akta liburuan.
- 1856-11-23. Prozesioan Loiolara joanez utzi zuten San Inazioren zilarrezko irudia jesuiten eskuetan, gorde zezaten.
- 1856-11-20. Felix Ortiz eta San Pelayo jaio zen herrian, Dionisio Ortiz Nafarroako Zuñigakoa eta Antonia San Pelayo Burgosko Orrantiakoaren semea.
- 1856-11-17. Erregearen Gobernuaren aginduz Loiolako Ikastetxean zeuden misiolari jesuitak. Herriak San Inazioren zilarrezko irudia Loiolara eraman ohi zuen antzeko kasuetan, bertako eliza nagusian jarririk zaindu zezaten eta, hori kontuan hartuta, horrela egitea erabaki zuten orduan ere, aurrez parrokiko apaizak gonbidatuz. Hilaren 23a, igandea, aukeratu zuten horretarako. Herriarena zen irudia prozesioan eraman zuten, Udala korporazioan zela, bertan gelditzeko jesuitak Loiolan ziren bitartean. Akta jaso zuten orduan. Oraindik ospe handiagoa eman nahirik, Diputazioari hogei bat mikeletek osatutako taldeak prozesioan parte har zezan eskatzea erabaki zuten, eta Loiolara iristean tiroak bota zitzan.
- 1856-9-22. Hilaren 14an sinatutako gobernadorearen gutuna jaso zuten. Zioen hilaren 12an Arabako gobernadoreak Ondare Nazionalak saltzeko zuzendari nagusiaren ofizioa bidali ziola, esanez Espainiako erreginari pasatu ziola herriak eginiko eskaria -Santo Domingo komentuaren aurreko aldea botatzeko eskatzen zuena, plaza handitu nahian-. 1851eko urtarrilaren 9an herriari eman zioten komentua, Guardia Zibilaren kuartela bertan jartzeko, baina maisuen iritziak jaso ondoren baimena ukatu zuten. Herriak erabaki zuen agiria gordetzea, baina gestioak egiten jarraitzea bere nahia lortzeko.
- 1856-7-28. Urtearen bigarren hiruhilekoan alondegian pisatutako ardoaren berri eman zuten: 4.118 arroa eta 22 libra. Pattarra , berriz, 271 arroa eta hamabi libra eta erdi.
- 1856-7-21. Gobernadoreak gutun baten bidez adierazi zuen denbora galdu gabe egin behar zirela herriko sendagileak eskatutako obrak, herriko hilerriko kaperan ez ezik, baita Urrestillakoan ere, eta horrela egitea erabaki zuten.
- 1856-7-14. Joxe Mari Azpirozek prestatutako baldintzetan eta aurrez deialdia zabalduta, enkantean jartzea erabaki zuten parrokiko hilerria zabaltzeko obrak.
- 1856-3-26. Parrokiko elizaren teilatuan konponketak egitea eta Aratz-Erreka eta Oñazko elizetako hilerrietan ere egokitze lan batzuk egitea erabaki zuten.
- 1856-3-17. Probintziako Monumentu Artistikoen Batzordeak, herriak enparantza zabaltzeko lurreratu nahi zuen San Domingo komentuko aurreko horma botatzeko baimena eman aurrez, galdera batzuk egiten zituen eta erantzutea erabaki zuten.
- 1856-2-22. Juan Amezua organo egileari lanean hastean 1.000 erreal ematea erabaki zuten eta hiru hilabetetik behin kopuru bera ematea.
- 1856-2-4. Urrestillako mutikoen maisuari kontuak hartzea erabaki zuten, maisua lau edo bost ikaslerekin bakarrik gelditu baitzen bere utzikeriagatik, eta gainontzeko mutikoak nesken eskolara joan ziren.
- 1856-1-28. Juan Zudupek Harzubian zuen errementari inguruan, Miguel Tabernak eskatutako idiak perratzeko tramankulu bat egokitu zuten, herriak horretarako tokia emanez eta urtean lau erreal ordainduz.
- 1855-11-19. Alkateak, Bernardo Iturriaga Azpeitiko kuartelean zen brigadier herritarrak eginiko eskaintza bereziaren berri eman zuen: herriko diruzainaren eskuetan jarri zituela sei mila erreal, inolako interesik eskatu gabe, herriak bere aldetik itzultzekotan -horretarako erosotasuna aurkitzen zuenean-. Hari eskerrak ematea erabaki zuten.
- 1855-11-19. Herriak behar guztiei erantzuteko zituen oztopoak ikusirik, Rodilek herriari ezarritako isunaren zatiaren ordainketa atzeratzea erabaki zuten. Orduko azken seihilabetekoa hurrengo urtean ordaintzea erabaki zuten eta horrela egiten jarraitzea guztia ordaindu bitartean 1859ra arte.
- 1855-11-19. Joan Amezuak parrokiko organoa konpondu eta egokitze lanak egitea proposatu zuen, eta Udalak baimena eman zion Inazio Muguruzari harekin harremanetan jartzeko eta behar ziren tratuak egiteko.
- 1855-11-19. Herritar bereziekin eginiko bileran, herriak ezarritako zergak kobratzeko neurriak hartu zituzten. Alde batetik, alondegian jarriko zuten administrazioa, sartu eta irteten zuten generoen berri egoki emateko. Harategia ere herriaren eskuetan izango zen. Beste harategi bat zabaldu nahi zuenak herriaren baimena beharko zuen, eta berak zainduko zuen nolako haragia saldu. Ganaduen hiltegira eraman beharko zituen ganaduak, bi erreal ordainduz hogei erraldera bitarteko ganadu bakoitzeko eta sei erreal hogei errealdetik 30era bitarteko bakoitzeko; zortzi erreal hortik gorako ganadu bakoitzeko. Haragia bere kontura saldu nahi zuenak, bere harategiko ate bakarreko bi giltza eduki beharko zituen; bat beretzat eta bestea herriko administrariarentzat.
- 1855-11-1. Aszensio Inazio Altuna alkateak gobernadoreari esan zion azken izurriteak nolako kalteak egin zituen herriko biztanleen artean: abuztuaren 3tik urriaren 28ra 272 herritar hil zirela kolerak jota. Izan ziren egunak hamasei hildako ezagututakoak herrian: irailaren 16a eta 19a. Irailaren 28an 11 lagun zendu ziren.
- 1855-10-29. Kolera morboak sortutako gastu handien eta herriko zirujauei eginiko aparteko ordainketen berri eman zuten. Azken horiek lan handia izan zuten gaixotasunak menperatutakoei laguntzen; zirujau guztiak beharrezkoak izan ziren herritarrek bizi izan zuten egoera larrian. Nahiz eta herriak unean ez izan eskertzeko behar bezainbeste diru, herriko zirujau bakoitzari ehun dukat ematea erabaki zuten. Erzilla udaltzainari 400 erreal, Artiz idazkariari 200 erreal, Adrian udaltzain zaindariari 320, garbitzaileari 160, sakristauari 200, Urrestillako udaltzainari 160 eta barberuari 40. Alkateari eskatu zioten gastu guztien zerrenda osatzeko eta Diputazioari baimena eskatzeko hogei mila erreal maileguan hartzeko.
- 1855-10-22. Herriko sendagileei eta Osasun Juntari entzun ondoren, azken hiru hilabetean pairatutako izurritea menperaturik zela jakin zuten agintariek, eta hilaren 28an meza nagusiaren ondoren 'Te Deum' abestea erabaki zuten, Jainkoari eskerrak emateko.
- 1855-10-22. Diputazioak eginiko galderari erantzunez, herriak erantzun zuen urte hartan laurehun anega gari jasoko zituztela, eta oso gutxi zela hori herriaren behar guztiei erantzuteko.
- 1855-9-24. Herriko enparantza zabaldu nahi zuten -batez ere, azokak egiteko-, Santo Domingo komentuko eraikinaren aurreko aldea atzeratuz horretarako. Hala, Altuna alkateari ahalmen osoa ematea erabaki zuten, herriaren izenean gobernuaren aurrean behar ziren gestioak egiteko.
- 1855-9-18. Probintziako gobernadore Eustakio Amilibiak zuzendutako batzarra egin zuten agintariekin, Osasun Juntarekin eta sendagileekin. Izurriteak jota hil zen Domingo Mari Etxabe alkatea gogoratu ondoren, Udala osatzeko batzordea izendatu zuten, eta Aszensio Inazio Altuna alkate.
- 1855-9-16. Garai hartan herrian zen gaixotasunak jota hil zen Domingo Mari Etxabe alkatea.
- 1855-8-27. Kolera gaixotasunari aurre egin ahal izateko prestatu nahi izan zen ospitaleaz hitz egin zuten, eta herriari hura egokitzea ezinezkoa zitzaiola adierazi. Baina koleraz kutsatuei euren etxeetan laguntza ematea derrigorrezkoa zela-eta, egindako gastuak herriko diruarekin ordaintzea erabaki zuten. Hala ere, herriko dirua agortzeko arriskua ikusita, herritarren artean diru bilketa egitea onartu zuten. Agintariek egin zituzten lehendabiziko eskaintzak: alkateak berrehun erreal eman zituen; Landa, Artetxe eta Besga erregidoreek 40 erreal bakoitzak; Azpiroz erregidoreak 50 erreal; eta Goenaga erregidoreak beste 60. Diru bilketarako herriko kaleak banatu zituzten.
- 1855-8-20. Joxe Manuel Abalia parrokiko erretoreak Udalari esan zion agintariek berak pulpitutik esandako hitzak gaizki ulertu zituztela. Ez zen bere gogoa izan herriko agintariez ezer gaizki esatea eta bere eliztarren artean eztabaida sortzea.
- 1855-8-20. Gobernadoreak herriari bertako sendagileetariko bat Debara bidaltzeko eskatu zion, izurrite gogorra baitzuten han eta behar handian baitziren. Herriak bertan ere behar handia zela eta agindua betetzea ezinezkoa zela esanez erantzun zuen.
- 1855-8-20. Domingo Barrena Urrestillako erregidoreak adierazi zuen Maria Rita Izagirre eta Ana Mari Etxeberria erizain lanean aritzeko konforme azaldu zirela. Bakoitzari gaixorik gabeko egunetan bi erreal ordaintzea eta lana egin beharreko egunetan, berriz, zortzi erreal ordaintzea erabaki zuten.
- 1855-8-15. Meza nagusian erretoreak San Rokeren omenezko prozesiorako eliztarrak suspertzeko esandakoa kontuan hartzea erabaki zuten, elizan gauza berriak sartu behar zirela adierazi baitzuen. Udalak erretoreari xehetasunak agertzeko eskatuz idaztea erabaki zuen, moda berri horiek nolakoak ziren jakin nahi baitzuten.
- 1855-8-13. Koleraren menpean ziren herritarrei laguntza emateko herrian hiru emakume erizain zirela adierazi zuten. Lanean ari ez ziren bitartean bakoitzari bi erreal ematea erabaki zuten eta lanean ari zirenean sei erreal.
- 1855-8-6. Aurreko egunean herriko Osasun Juntak hartutako neurrien berri eman zuten, erikor kolera bi kasu agertu baitziren herrian: lehenena hilaren 3an eta bigarrena hilaren 4an -Faustino Zuduperen kasua, hain zuzen ere; ordu gutxira hil zen-. Ontzat jo zituzten juntak hartutako erabakiak.
- 1855-8-6. Alkateak, izurriteak jarraituko balu ere, gastu handiak sor zitekeela ikusita, Rodilek ezarritako isunaren lehen seihileko isuna ez ordaintzea erabaki zuela adierazi zuen, eta erabakia ontzat hartu zuten.
- 1855-7-23. Elgoibarko herrian kolera zela-eta, derrigorrezkoa ikusi zuten ospitale bat eratzea. Eztabaidaren ondoren, Ramon Beristainen Gurutzea etxea egokitzea erabaki zuten, herritik urruti baitzen. Jabearekin harremanetan jarri ziren horretarako.
- 1855-7-20. Joxe Inazio Aldalur azkoitiarra izendatu zuten parrokiko organo-jole posturako.
- 1855-6-4. Roke Artetxek honako hau salatu zuen: Norte de España dilijentziako administrari bezala plaza Txikian zegoen pasabide estu eta altuera gutxikoak sortzen zuen arriskua. Diputazioari eginiko salaketa zen baina berak herrira bidali zuena. Neurriak hartu nahi baziren ere, arkuaren gainean zegoen dorreari buruz ere neurriak hartu nahi zituzten. Momentu hartan Udalak ez zuen erabakirik hartu.
- 1855-3-26. Sortzez Garbiaren dogma ospatzea erabaki zuten, meza nagusia sermoiarekin, 'Te Deum', 'Bezperak' eta 'Konpletak' abestuz, prozesioa eta gainontzeko elizkizunak antolatuz elizgizonekin harremanetan jarrita.
- 1855-3-5. Belaustegi etxetik parrokiaren Garai-Etxea bitarteko pasabidea harriztatzea erabaki zuten. Zumaiako harrobian aukeratu zituzten harririk egokienak.
- 1855-2-19. Eliz kaleko 3. eta 7. zenbakia zuten etxeetan tabernak zabaltzeko baimena eman zieten Joxe Mari Arregi eta Tomasa Goenagari.
- 1855-1-14. Ohiko jaialdiak enparantzan egiteko -karnabaletan, zezenketak eta abar-, batzorde bat izendatu zuten.
- 1854-12-4. Gobernadoreak Pablo Martinezi Erdi kalean inprimategia zabaltzeko baimena eman zion.
- 1854-11-22. Herritarren artean sortutako kezka eta haserreari buruz hitz egin zuten, Espainiako Gobernuak Loiolan ziren jesuitak bertatik kanporatzea agindu zuelako. Herriaren aldetik gobernuari txostena zuzentzea erabaki zuten, jesuitak berriro Loiolara itzultzeko eskatuz, aurrez egiten ari ziren lan bera egiten jarrai zezaten; hau da, misiolarien prestaketa.
- 1854-6-12. Bergaratik Donostiarako posta zerbitzua zaldiz egiten hastean, Juan Iturriagak langabezian gelditu zela esan zuen, berak ibilbide hori oinez egiten zuelako. Lanpostu hori bere sendiaren esku egon zen 80 urtez. Erabakia beste baterako utzi zuten.
- 1854-5-8. Joxe Mari Sugastirekin herriarentzat ordulari bat egiteko erabakia hartu zuten.
- 1854-5-1. Rodil jeneralak 1834ko irailaren 10ean herriari ezarritako isunari buruz Ramon Iberok aurkeztutako txostenaren berri eman zuten.
- 1854-5-1. Herritar Joxe Antonio Olazabalen ordezkoen lurraldean eta Azkoitiko San Juan bainu-etxe inguruan zegoen iturriko ur sulforosoa moztu egin zuten. Orduzkero, San Juango ura ordaindu egin behar izaten zuten etxera eramateko, nahiz eta lehen inolako ordainketa gabe izan. Herritar guztiek egoki iritzi zioten itxitako iturria berriro martxan jartzeari, eta gastuak herriak ordainduko zituen, euren jabeek zituzten eskubideak zapaldu gabe. Iturria zegoen lurjabeekin harremanetan jarri ondoren (Larraar eta Etxenagusia jaunak), martxan jarri zuten.
- 1854-4-10. Tomas Iturbek ezohiko udalbatzarrean Rodilek ezarritako isunari buruzko kontuak aurkeztu zituen, herria urtero ordaintzen ari zelako dirua aurreratu zutenen artean.
- 1854-3-13. Alkateak proposatu zuen langileei eta artisauei lana eskaintzea, generoak garesti zirelako, eta hari eman zioten ahalmena enparantza aldera Santo Domingo komentuak zuen horma lurreratzeko.
- 1854-3-9. Sugasti etxeak eginiko ordulari bat estreinatu zuten Loiolan.
- 1853-12-12. Agintariek azken irailean emandako erreal ordena aztertu zuten. Ordenak zioen posta zerbitzu berria Bergara, Elgoibar, Urola bailara eta Donostia arterainokoa lotuko zuena izango zela eta estafeta Azkoitian jartzea proposatzen zuen. Agintariek estafeta Azkoitian jartzearen aukera akats bat zelakoan zeuden, ezinezkoa iruditzen baitzitzaien Azkoitiari lehentasuna ematea Azpeitia izanik lurraldeko hiriburua, herri handiagoa eta biztanle gehiagokoa. Eta, gainera, Tolosatik Bilbora, Donostiatik Bilbora eta Zarauztik Nafarroarako errepideek bat egiten zuten tokia izanik Azpeitia eta astean behin azoka berezia egiten zen herria. Hori guztia azalduz eta estafeta Azpeitian kokatzeko eskatuz erreginari txostena zuzentzea erabaki zuten agintariek.
- 1853-12-12. Kale berria sortu nahi zuten frontoi inguruan, eta horretarako Txarratalgo etxea bota beharra zegoen. Beraz, Udalak parrokiko apaizekin berriro harremanetan jartzea erabaki zuen.
- 1853-11-7. Alkateak esan zuen Santo Domingo komentua herriari eman ziotenean agindua ziotela bere aurreko horma ez lurrera botatzeko, baina garbi ikusten zelako egokia litzatekeela Enparantza Nagusiari behar bezalako zabalera emateko bera desagertzea, batez ere gogoan izanda elizaren sarrerako ganga hondamenean zegoela eta bere ertzetako bat nahiko okerturik. Baina kontuan izanik guztia aurrera eramateko bide zuzenean jokatu behar zutela, eta agintariak jakinean zirela gainera -batez ere, bertan hilobiratuak izan ziren aurrekoak errespetatuz-, alkateak esan zuen apezpikuari baimena eskatu ziola hildakoen hezurrak herriko hilerrira eramateko, egun batetik bestera iritsi zitekeen erantzuna baiezkoa izango zen itxaropena zuela esanez. Alkateak eman zituen pauso guztiak ontzat hartu zituen Udalak, eta hari eman zioten ahalmena gobernuaren baimena lortzeko gesioak egiteko, aurreko horma ahal zen azkarren botatzeko asmoz.
- 1853-5-23. Eliz kaleko 5., 7. eta 9. zenbakiko etxeen atzeko alderdia egitea enkantean jartzea erabaki zuten.
- 1853-5-22. Parlamentari Batzordeak 1850eko irailaren 30ean eginiko hamasei artikulutako galderak erantzun zituen herriak.
- 1853-5-22. Eliz kaleko 11., 13. eta 15. zenbakiko etxeen atzeko alderdia egiteko Joxe Mari Azpiroz perituak osatutako baldintzak onartu zituzten.
- 1853-5-18. Loiolako zelaian ganadu feria ospatu zuten.
- 1853-3-28. Posta zerbitzua Pagotxetan eta Urretxutik egiteko Azpeitiko herriak baldintzak prestatu zituen. Azkoitiak ontzat hartu zituela adierazi zuten.
- 1853-2-7. Elizgizonek Sebastian donearen enparantzatxoan zuten Txarratalgoa izeneko etxea botatzeko asmoa adierazi zuten.
- 1853-1-31. Elormendiko San Pedro ermitaren inguruko zelaiari buruz txosten bat prestatzea erabaki zuten. Zelai hori erabili zuten herritarrek beraien lisibak zabaltzeko.
- 1853-1-24. Matxinbentarako zirujaua izendatzeko onartuz, gobernadorearen gutunaren berri eman zuten.
- 1852-12-26. San Inazioren zilarrezko irudia eraman zuten Loiolako eliza nagusira. Prozesioan partaide, agintariak, parrokiko apaizak eta herritarrak izan ziren. Beharreko akta jaso ondoren, Antonio Morey Loiolako erretorearen eskuetara pasatu zuten hura gordetzeko ahalmena. Inolako aldaketarik egin gabe, jabetasuna herriarena izaten jarraituko zuen.
- 1852-12-20. Loiolara bueltatu berri ziren jesulagunek San Inazioren zilarrezko irudia santutegira itzultzeko erregutu zioten herriari. Udalak hala egitea erabaki zuen, baina irudiaren jabe herria izaten jarraituz. Irudiaren itzultzea hilaren 26an egitea erabaki zuten.
- 1852-12-13. Azken ekainaren 7an hartutako erabakia jakinarazi arren, Iturriagatxoko baserritarrak eta Genaro Enparan jabeak berean jarraitzen zutela jakinarazi zuten. Hau da, erorita zen Elormendiko ermitaren inguruko zelaian arropak eguzkitara jartzen ez zieten uzten herriko garbitzaileei. Gobernadorea jakinaren gainean jartzea erabaki zuten.
- 1852-11-22. Gobernadoreari idatzi batean eskatu zioten buletinean argitara zezala herriko nesken eskola maistrarik gabe zegoela, postua lortzeko oposaketa abenduaren 23an agintarien aurrean egingo zutela adieraziz. Erabateko behartsuek ez ezik, gainontzeko ikasleek ere diru laguntzak eskuratzeko aukera zuten. Galtzerdi puntua, irakurtzeko lehen pausoak eta kristau dotrina ikasten zeudenek lau marai emango zituzten astean, larunbatean ordainduz. Horrez gain, Aritmetika eta Gaztelania Gramatika ikasten zeudenek hamabi marai astean. Josten ikasten zirenek hamasei marai astean. Eta azkenik, bordadura ikasten zeudenek hogei marai astean.
- 1852-11-18. Hilaren 17an eguerdiko hamabiak aldera herria egoera larrian izan zela aipatu zuten, Bustinzuri errebaleko 15. zenbakiko etxeak su hartu zuelako, eta haize bihurri eta handia medio arriskuan jarri zituelako bere kontrako etxeak ez ezik urrutian zeuden beste zenbait ere. Azkenean, aipaturiko etxe hura baino ez zen gelditu hauts bihurturik, sua menperatzen egindako lanari esker. Parrokiko apaizei hilaren 21ean, igandez, meza nagusia eta 'Te Deum' abesteko gonbitea egin zieten idatziz, eskerrak emanez, agintariak bertara joanez korporazioan. Batzordea izendatu zuten herritarren artean laguntza aurkitzeko.
- 1852-11-17. Eguerdi aldera sute handi bat izan zen Bustinzuri errebaleko 15. zenbakiko etxean, eta arriskuan jarri zituen gainontzeko etxeak.
- 1852-10-19. Loiolako Ikastetxe Erreala itsasoz bestaldeko misioen ikastetxe bezala izendatzeko erret agindua eman zuten.
- 1852-9-27. Diputazioak jakinarazi zuen hil hartako 23an sinatutako gutun baten bidez Erraztitik Salbatorera bitarteko errepidea zabalik zela. Udalak albistea ohiko tokian zintzilikatzea erabaki zuen, guztiek jakiteko.
- 1852-7-19. Zabalia-barrena baserria saltzeko gobernadoreak emandako baimenaren berri adierazi zuten. 50.200 errealean tasatu zuten baserria, Santiago kaleko zati bat egokitzeko lurreratu behar ziren etxeen jabeei ordaintzeko. Baserria abuztuaren 8an, meza ondoren, enkantean jartzea erabaki zuten, Elolaren kaperautzakoa zelako eta herria bere patroia.
- 1852-6-21. Gobernadoreak adierazi zuen Genaro Enparanek eskatu zuela Elormendiko San Pedro inguruko zelaian arropak lehortzen jartzea debekatzeko, bere interesak defenditu ahal izateko.
- 1852-6-14. Gobernadoreak idatzi zuen, herriari baimena emanez 50.000 erreal eta %5 prestamenean hartzeko. Kale berri bat egin behar zuten eta etxe jabeei ordainketak egin zizkieten, euren etxeen zatiak bota eta berriro eraiki beharko zituztelako.
- 1852-6-7. Artetxe erregidoreak jakinarazi zuen herriko neskameei ez zietela uzten euren arropa garbiak zabaltzen Elormendiko San Pedro zelaian. Iturriagatxoko maizterrari agindu zioten bere baserrian zegoenari hori jakinaraztea, zelai hura herriarena zelako eta bera ez zelako inor debekatzeko.
- 1852-5-17. Eliz kaleko 17., 19. eta 21. zenbakiak zituzten etxeak botatzea erabakita zegoen, atzeko edo frontoi aldetik, eta plano geometrikoak agintzen zuen bezala altxatuko zituzten. Genaro Enparanek eta irailaren 22an izendatutako batzordeko kideek guztiaren berri zutenez, haiei kopia bat eskatzea onartu zuten, etxeen jabeekin harremanetan jartzerakoan Udalak kontuan izan zezan.
- 1852-5-14. Frontoiaren aldeko etxe batzuk botatzea erabakita zegoela gogorarazi zuen alkateak, onartutako plano geometrikoa kontuan izanik bertan kale berria egiteko. Etxe horien jabeei ordainketak egiteko herriaren aurrekontua 12.000 pezetara igotzea erabaki zuten. Jabeen eskaerari erantzuteko gehiago beharko zela ikusirik, aurrekontua 50.000 pezeta igotzea erabaki zuen Udalak.
- 1852-4-5. Santiago kalea zabaltzeko egindako gastuen zati bat ordaindu zuten.
- 1852-3-21. Kazuelak eta ontziak saltzen zituzten merkatarien eskaerari erantzunez, enparantza nagusian haien gauzak saltzen utzi zieten ordura arte bezala, kontuan izanik Iturritxiki etxartea zabaldu egin zela azoka egunetan, salgai ziren txerriak edukitzeko.
- 1852-3-21. Igandeetan egiten zituen Azpeitiko Udalak bere batzarrak, baina ikusita askotan meza nagusiaren aurretik ezin zutela amaitu, gai asko aztertu behar zutelako, bilerak astelehenetan egitea erabaki zuten.
- 1852-3-14. Zabalia-azpikoa baserria saltzeko apezpikuari baimena eskatzea onartu zuten, eskura zitekeen dirua Frontoia zen inguruan kale berria egokitzeko. Sochantreek erabiltzen zuten etxea zen hura, eta patroia, berriz, herria.
- 1852-2-29. Etxeberria eta Artetxe erregidoreek urte honetako inauterietan ospatutako zekorketetan eginiko gastuen berri eman zuten. 624 erreal ordaintzea erabaki zuen Udalak.
- 1852-2-22. Kristina edo Iturritxiki aldea nolatan egokitu zitekeen aztertzeko batzorde bat izendatu zuten, han zegoen zuhaiztiak ezer gutxi aurreratzen zuelako eta kalea, berriz, estua zelako.
- 1852-1-25. Etxeei zenbaki berriak jartzea eta aurrera eramatea onartu zuten.
- 1852-1-18. Etxeetako nagusiei urte honetako San Juan eguna bitartean uraren hodiak jartzeko epea zabalik zela adieraztea erabaki zuten.
- 1852-1-11. Azkenaldian etxe berriak egin zituztela-eta, kaleetako etxeen zenbakiak aldatzeko azterketa egiteko batzorde bat izendatu zuten.
- 1851-12-21. 'Artxola' eta Zuaneta palankariak neurtzekoak ziren zortzi librako palankarekin aritzeko, baina Zuaneta ez zen agertu.
- 1851-10-13. Santiago kaleari buruzko arauak onartu zituzten, eta bertako etxeen jabeekin harremanetan jartzea erabaki zuten.
- 1851-10-12. Gutun baten bidez gobernadoreak jakinarazi zuen ontzat hartzen zuela herriaren plano geometrikoa. Momentuan frontoiaren inguruko kalea egiten hastea erabaki zuten.
- 1851-9-21. Azpiroz perituak eginiko txostena Angel Segurari -Indokoa etxearen jabeari- pasatzea erabaki zuten, denbora galdu gabe hondamenean zituen hormak lurrera zitzan, eta zerbait atzeratu bere atzealdea, plano geometrikoak agertu bezala. Garai hartan sortzear zen kale berri bat -Santiago kalea-, eta bertako etxeak ez ziren batere parekatuak -batzuk luzeagoak besteak baino-, nahiz eta guztiek Eliz kalean izan aurrealdea.
- 1851-9-7. Probintzian Espainiako Estatuaren Orubeak administratzen zituen Gregorio Manterolak eta hari idaztea erabaki zuten, esanez azken urtarrilaren 21etik herriaren eskuetan zela Santo Domingo komentua izandako eraikina, eta bertan maiztertzan zirenei bakean uzteko aipaturiko egun horretatik aurrera, errentarik eskatu gabe.
- 1851-5-15. Erraztibasotik Salbatorera egindako bidea zuzentzen zuen Manuel Peironcelyk zioen derrigorrezkoa zela Urrestillako zubian aldaketak egitea. Herriak adierazi zuen behar zena egiteko prest zegoela.
- 1851-5-8. Gabriel Zelaiak zera adierazi zuen idatzi baten bidez: Ana Maria Inazia Manzisidorrek eginiko testamenduari esker, bi margo zituela berak, eta batek nolabaiteko meritua zuela. Parrokian zintzilikatzeko gogoa zuenez, herriaren ordezkari bat beregana bidaltzeko eskatu zuen, margoak jaso eta euren ordez errezibua emateko ahalmena zuena. Margoak parrokiko etxezainari ematea jakinarazteko erabaki zuen herriak, behar zen tokian zintzilikatzeko.
- 1851-5-1. Herriko sendagile postua lortu nahirik 23 lagunek eginiko eskaerak irakurri zituzten, eta haiei buruz zerbait gehiago jakiteko batzordea izendatu zuten. Batez ere, haien maisutasuna eta sendaketak egiteko ahalmena aztertu zituzten.
- 1851-4-10. Frontoiaren inguruan pasabidea uzteko, Joakin Insausti -Eliz kalean 19. zenbakia zuen etxearen jabea-, atzeko aldea mozteko prest agertzen zela adierazi zuten, baldin eta herriak eginiko kalteak ordaintzen bazituen. Kalte horiek tasatzeko perituak izendatzea erabaki zuten. Horren berri Agustin Iturriagari jakinaraztea erabaki zuten, baita bere lur zati bat eskatzea ere, ordainduko ziotela esanez. Santiago kalea sortzear zen.
- 1851-1-19. Euskal Probintzietarako Espainiako etxalde administrariak, egindako eskaerari erantzunez, herriari gogorarazi zion Santo Domingo komentua eman ziotela Guardia Zibilaren kuartela egiteko eta ibiltari tropak bertan gelditzeko.
- 1851-1-9. Goiko kalea harriztatu zuten.
- 1850-12-21. Euskal probintzietan Espainiako Estatuko ondareen administrari Joakin Lopez Quintanak abenduaren 18an sinatutako gutunean, urriaren 8an bidalitako eskutitzean esanikoak gogorarazi zituen. Hau da, Santo Domingo komentua zen horretan denda publikoa jartzeko aukera. 1849ko urriaren 30ean emandako erret ordenak esaten zuen moduan, zortzi eguneko epean erantzuteko eskatu zioten Azpeitiko herriari, erantzunik ezean ezezkotzat hartuko baitzen. Administrariari erantzutea erabaki zuten, urriaren 8an idatzitako gutuna herriak ez zuela jaso, baizik eta abuztuaren 14koa eta irailekoa. Gutun haietan, bertan behera utzitako komentuen eraikinen egoeraz galdetu zuten, baita Santo Domingoko komentuan karabineruentzat kuartelik egin al zitekeen ere, eta zer kostu izango lukeen. Herriak Santo Domingoko komentua zerbitzu publikorako ematea ontzat zuen eta, hala izango zen jakin nahi zuenez, Jose Manuel Aranburu Gasteizko biztanlearen bidez administrariari gutuna bidaltzea erabaki zuten.
- 1850-5-2. Fernando Etxeberria arkitektuak San Agustin komentuan egin nahi zituen obrei buruzko txostenaren eta aurrekontuaren berri eman zuten.
- 1850-2-14. Buletin ofizialean hil honen 13an argitaratutako auziaren berri akta liburuan idaztea erabaki zuten. Herriak Juan Bautista Altuberekin zuen auziaren berri, hain zuzen ere. 1821etik 1823ra bitartean lurren erosleak txartel arriskutsu eta faltsuak aurkeztu zituen, onak eta baliagarriak izango balira bezala, eta oraindik aurkezteko zituenak lehenbailehen ager zitzan eskatu zioten, edo, bestela, haiek ordaintzeko eskatu zuten.
- 1850-2-7. Karnabal iganderako, astelehenerako eta astearterako, Enparantza Nagusian, tabernariei laguntza eskatuz, hesiak jartzea erabaki zuten. Igandean eta asteartean pare bat zezenko ibiliko ziren eta astelehenean, berriz, bat edo bi bigantxa.
- 1850-1-9. Rodil jeneralak 1834ko irailean ezarritako isuna ordaintzeko herritarrak emandako laguntzaren berri adierazi zuten, herria 111.094'5 erreal zorretan zela jakinaraziz.
