Eguna: 4-22

  • 2015-4-22. Azpeitiko Herritarren Foroa, giza eskubideen urraketa eta bazterketa egoerak jasandako hainbat herritarrek osatua, jendaurrean aurkeztu zuten, Sanagustin kulturgunean.
  • 2004-4-22. Udalak Soreasu antzokian kultur eta gazte gunea egiteko proiektua aurkeztu zuen.
  • 2001-4-22. Antonio Oteizaren eskultura jarri zuten Loiolako baratzan.
  • 1953-4-22. Loiolako etorbidearen proiektuak eta aurrekontuak onartu zituzten, eta kostuaren erdia Lurralde Hondapen Zuzendaritza Nagusira eskatzea erabaki zuten.
  • 1953-4-22. Ramon Martiarena arkitektuari Perdillegi baserriko lurraldean 60 etxebizitza babestu egiteko proiektua eskatzea erabaki zuten.
  • 1953-4-22. Alkateari ahalmena eman zioten Institutu Laborala sortzeko eskaera egiteko eta horretarako lurrak eskaintzeko.
  • 1930-4-22. Prudenzio Olaizolari baimena eman zioten egiten ari zen Landa eta Oiarzabal tailerrerako Perez Arregi enparantzatxotik ura sartzeko.
  • 1903-4-22. Usabiaga jaunaren alargunari zezen-plazarako lur zati bat erostea erabaki zuten.
  • 1903-4-22. Herrian ikastetxe bat ireki nahi zuten Anai Maristekin harremanetan jartzeko, batzordea izendatu zuten.
  • 1885-4-22. Benito Ieregik udaletxerako ordulari bat eskaini zuen 6.300 errealean eta herriak onartu egin zuen.
  • 1872-4-22. Gobernadoreak orden publikoa zaintzeko herritarren milizia taldeak osatzeko agindu zion dio alkateari, telegrafo linea ez hautsi eta etsaiak menperatzeko armadari lagundu asmoz. Herriak erabaki zuen indar herritarra martxan zela erantzutea.
  • 1872-4-22. Unean herritarren artean zen egonezina ikusirik -Landeta alderako bidea hartu baitzuten gazte batzuek armatuta, Carlos VII.aren izenean altxamendu bat sortzeko asmoz-, horrela jokatuz ondorio gogorrak ekartzen zituztenez bai beraientzat, bai sendiarentzat eta bai probintziarentzat, udaletxean etengabeko batzorde bat egotea erabaki zuten gerta zitekeenari erantzun azkarra emateko, eta batez ere orden publikoa eta lasaitasuna izateko herrian; bide batez, goi agintariek emandako agindu guztiak betetzeko. Batzorde horretan, txandatzen joango ziren zinegotzi guztiak, batzuk lanean ziren bitartean besteek atsedena hartzeko.
  • 1843-4-22. Alkateari, erretorearekin bat eginik, gobernadoreak idatzitako gutunari erantzutea agindu zioten. Elizak, monastegiak eta komentuak ezabatu ondoren, zabalik zeintzuk geldituko ziren herrian jakinarazi behar zuten.
  • 1776-4-22. Antonio Palacios kanpai egileak adierazi zuen parrokiko ordulariaren kanpaiak Holandako egitura zuela eta horregatik ez zela urrutira entzuten. Bera eskaini zen kanpaia funditu eta hiru bider zarata handiago egingo zuen berria egiteko. Batzordea izendatu zuten, herria Palaciosekin harremanetan jartzeko.
  • 1732-4-22. Herriz kanpoko burdinoletara herriko ikatzik ez saltzea erabaki zuten.
  • 1730-4-22. Joxe, Domingo eta Bartolome Goenagaren aldeko sententziaren berri eman zuten. Epaiak herriko agintaritzara iristeko eskubidea zutela agertu zuen, nahiz eta herriak aurrez ukatu.
  • 1681-4-22. Parrokiko kanpai handietako bat funditzea erabaki zuten. 1.200 erreal ordainduko ziren horretarako, eta beharreko materiala ere eskaini zuten.
  • 1570-4-22. Agintaritzan egon nahi zuten herriz kanpo bizi zirenek, eta jarritako auziari buruz hitz egiteko herritarrei deitu zieten. Auzia jarraitzeko gortera norbait bidaltzea erabaki zuten.
  • 1560-4-22. Altxatu behar zen Amuko zubiari ibaiaren erdian pilare bat jartzea erabaki zuten.
  • 1552-4-22. Herriaren ordenantza berriak onartu zituzten, aurrez zituenak zerbait aldatuz.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan