Eguna: 12-8

  • 2012-12-8. 'Mujer de canela' liburua aurkeztu zuen Gaizka Zubizarretak Urrestillan.
  • 2004-12-8. Bi orduz argirik gabe geratu zen herria, Eliz kale eta Erdi kale arteko kable batzuek su hartu ostean. Udaltzaingora ia ehun dei inguru egin zituzten herritarrek.
  • 2000-12-8. Iban Otaegi 'Beixama' pilotariak bigarren mailako Lau t'erdiko Txapelketa irabazi zuen, Enrike Galarza 22-12 hartuta mendean.
  • 1994-12-8. Ikastolako bi alderdiek erabaki zuten mahai parekidea zortzi kidez osatzea.
  • 1969-12-8. Martzelino Aranburu 'Keixeta'-ren semeak hiru ordu eta erdian 4,50 metroko zirkunferentzia zeukan enborra ebaki zuen zezen-plazan. Apustua izan zen zortzi ordun ezetz ebaki. 47 urte zituen Martzelino Aranburuk orduan.
  • 1806-12-8. Goizean parrokian ospatutako meza nagusian bertako erretoreak nola jokatu zuen adierazi zuen alkateak: Espainiako erregearen aginduz zeukan agintaritza zapuzturik sentitu zuen, eskaintza jasotzera ez zitzaiolako hurbildu erretorea, ohikoa zen bezala. Egindako lehen Herri Batzar nagusian gertakizunaren berri ematea erabaki zuten, eta alkateak jakinarazi zuen, batzarra egin aurrez, erretoreari idatzi bidez agertzeko asmoa zuela berriro horrelako jokaera bazuen, diakonoa eta diakonordea kenduko zizkiola, eta eskaintza egitea jaistea debekatuko ziola.
  • 1771-12-8. Posta zerbitzua hobetu nahian Gasteizko posta buruari idaztea erabaki zuen Udalak. Gutun horren bidez hari Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Errezil eta beste hainbat herrik jasandako kaltea adierazi zioten. Izan ere, sortzen ari ziren bide berrietan egiten zuten posta zerbitzua, lehengo San Adriango bidea utzita; horrek postariak Bergarara joatea eskatzen zuen, eta neguan oso zaila zen hara joatea, Elosu igarotzea ezinezkoa baitzen sarritan. Hori zela-eta arazoa ongi aztertzeko eskatu zioten posta buruari, eta Urretxun estafeta bat egiteko toki aproposa izan zitekeela iradoki zion Azpeitiko Udalak.
  • 1683-12-8. Diputazioaren gutun batekin batera erregearen zedula jaso zuten udaletxean. Zedula horretan probintziko herrietan, bailaretan eta toki guztietan Jaunari eskerrak emateko eta jai egunak antolatzeko eskatu zuten, erregearen osaba enperadoreak turkiarren aurka lortutako garaipena ospatzeko asmoz. Udalak herritar guztiei deialdia egin zien abenduaren 19an (igandean) prozesioa eta meza nagusia egiteko, eta 'Te Deum' abesteko. Elizkizuneko sermoia egiteko San Agustin komentuko priorea aukeratu zuten. Larunbat eta igande gauean suzko erroberak botako zituzten, eta horretarako Juan Apeztegiari Soraluzen sutautsa prestatzen zuenarekin harremanetan jartzeko eskatu zioten. Astelehenean, berriz, zezenketa, maskara dantzak eta abar egitea erabaki zuten.
  • 1682-12-8. Domingo Isasi herritarrak San Miguel egunetik aurrera eta lau urtean zehar posta zerbitzuaz arduratzeko tratua egin zuen herriarekin. Haren egitekoa herriko gutunak asteazkenetan Gasteizera eramatea zen eta hango gutunekin larunbatean itzultzea. Lan horrengatik 350 erreal agindu zizkioten, bi zatitan ordaintzeko: lehena martxoan eta bigarrena irailean.
  • 1633-12-8. Bi gutun irakurri zituzten: Domingo Kortaberriarena eta haren bidez herriak apezpikuari bidalitako kartaren erantzuna. Apezpikuak Andre Maria Sortzez Garbiaren eguna parrokian ospatzeko agindu zuen, baina nahi izanez gero arratsaldean frantziskanen monastegian elizkizuna egiteko aukera azaldu zuen. Guztiaren berri jakin ondoren eta gaiari buruz iritziak jaso ondoren, Elordi lizentziatua eta Antonio Lapaza erregidoreak monastegiko bikarioarekin harremanetan jartzea erabaki zen, eta bikarioari udaletxera deitu zioten. Bikarioari adierazi zioten 1619tik 1624ra bitartean ospatu zen bezala egitea guztia: herria eta apaizak bat eginik prozesioan joatea monastegira, meza nagusia bertan ospatzeko ondoren.
  • 1579-12-8. Antzinako ohitura zen biztanleen zerrenda egitea herrian, eta berriro egitea erabaki zuten, azkenaldian ez baitzen halakorik egin. Hiru zerrenda desberdinetan egitea onartu zuten. Zerrenda batean herrian jaioak eta kaparetasuna zutenek jarriko zituzten, jarraian probintzian jaioak eta kaparetasuna zeukatenak. Bigarren zerrendan, beste probintzia baten jaioak, baina kaparetasuna aurkezturik zutenak. Eta hirugarren zerrendan, berriz, atzerritik herriratutakoak, eta eskribauari agindu zioten zerrendakideez nahi zuen berri jakitea.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan