Hamarkada: 2010

  • 2019-12-29. Anjel Larrañaga eta Xabier Alberdi 'Zabale' Azpeitiko bizilagunek eta Jexux Epeldek osatutako Kupela taldeak agurreko kontzertua eman zuen Aristerrazun.
  • 2019-12-28. Espainiako Zilarrezko LEB Mailako Kopako finala irabazi zuen Juaristi ISBk, Gironaren aurka, Azpeitiko kiroldegian.
  • 2019-12-21. Xanti Agirrezabalak XXXVII. Antzerki Topaketetako ikusleen saria jaso zuen, 'Satiro' antzezlanari esker.
  • 2019-12-19. Bascotecnia-LagunArtea enpresa erosi zuen Sarralle Taldeak.
  • 2019-12-16. Iñaki Errazkin Ingurumen diputatu ohi azpeitiarraren eta Ainhoa Intxaurrandieta kontsortzioko presidente ohiaren aurka zigor espedientea irekitzea onartu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak, errauste planta gelditzeagatik.
  • 2019-12-16. Uztarriaren bulegoa Perez Arregi plazatik Dinamoa sormen gunera lekualdatu zen.
  • 2019-12-14. Beñat Lizasok Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala jokatu zuen lehen aldiz, eta zazpigarren sailkatu zen.
  • 2019-12-14. Julen Lopetegi eta Vanesa Cerrajero triatletek eta Ilunpe pilota elkarteak jaso zituzten 2019ko Kirol Sariak, Basazabal jauregian.
  • 2019-12-14. Egunean Behin jokoaren lehen aurrez aurreko finala jokatu zuten 150 lagunek, Sanagustin kulturgunean.
  • 2019-12-9. Itziar Sagarzazu hil zen, Loiolako Herri Irratiko esatari izandakoa.
  • 2019-12-5. Sakona Etxaldeak eta Jaki-Saski proiektuak Urkome sariak jaso zituzten.
  • 2019-12-4. Aitor Expositoren proiektua aukeratu zuen epaimahaiak sansebastianetako haurren danborradako karroza egiteko.
  • 2019-11-29. 'Bigarren sexua(z). Collage' izeneko film laburra aurkeztu zuen Nora Alberdik, Iratxe Fresnedarekin batera.
  • 2019-11-29. Iñaki Elorza 'Txapas'-ek Ohorezko Aipamena jaso zuen Rikardo Arregi Sarietan.
  • 2019-11-28. Lagun Onak futbol klubaren 75. urteurreneko liburua aurkeztu zuten.
  • 2019-11-22. Uztarria Komunikazio Taldeak aldizkariaren 20. urteurreneko ekitaldia egin zuen, Sanagustin kulturgunean.
  • 2019-11-22. Olatz Pratek Ngugi wa Thiong'o idazle kenyarraren 'Gerra garaiko ametsak' euskaratu zuen, eta Donostian egin zuen lanaren aurkezpena.
  • 2019-11-21. Jose Mari Azpiazuk 'La vida en los confines de la Tierra' (Bizitza Lurraren ertzetan) liburua aurkeztu zuen Madrilen.
  • 2019-11-20. Frankismo garaiko giza eskubide urraketak biltzen dituen liburua aurkeztuko zuten, udaletxean.
  • 2019-11-19. Maria Angeles Amenabarrek Korta saria jaso zuen Gasteizen, Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik.
  • 2019-11-16. Lehen aldiz, herri hezitzailearen filosofiarekin bat eginda egin zuten Kros Mistoa, eta era askotako bikoteek parte hartu zuten egitasmoan.
  • 2019-11-15. Uztarriak diploma jaso zuen IV. Tokikom Sarietan.
  • 2019-11-7. Espainiako Kimika Elkartearen saria jaso zuen Iñaki Bastida kimikariak, Valentzian (Herrialde Katalanak) egindako Kimika Ikerlari Gazteen XVI. Sinposioan.
  • 2019-10-25. Caja Rural-Seguros RGA taldeak Oier Ibarguren txirrindularia fitxatu zuen.
  • 2019-10-13. Mirari Uriak Realaren talde nagusiarekin egin zuen debuta.
  • 2019-10-12. Mikel Larrañagak Urrezko Aizkolarien Liga irabazi zuen Urrestillako Txikuri pilotalekuan jokatutako finalean.
  • 2019-10-8. Iñaki Alberdi bandako klarinete-jotzailea hil zen, 84 urterekin.
  • 2019-10-3. Lapatxeko konpostatze planta behin betiko ixtea onartu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak.
  • 2019-10-3. Alaitz Olaizolak 'Nork agintzen du?' liburua aurkeztu zuen Donostian.
  • 2019-9-28. Maider Etxezabalek Euskal Herriko Lokotx Bilketa Txapelketa irabazi zuen Igantzin (Nafarroa).
  • 2019-9-19. Nagore Alkorta Eudeleko presidenteorde izendatu zuten Elgoibarren (Gipuzkoa).
  • 2019-9-11. Hitzaren Eskolarekin ireki zituen ateak Dinamoa sormen guneak.
  • 2019-9-8. Juaristi ISB taldeak Euskal Kopa irabazi zuen Delteco GBCren aurka.
  • 2019-8-31. Agerraldi jendetsua egin zuten Sanagustin kulturgunean 11/13 sumarioko auzipetuen alde.
  • 2019-8-30. Irudi Onenaren Saria jaso zuen Xanti Rodriguezen 'Lekaime' filmak Veracruz Short Film jaialdian.
  • 2019-8-21. Kohlberg Kravis Roberts (KKR) Ipar Amerikako inbertsio funtsak Gallardo Balboa Taldea erosi zuen, eta funts horrek eskuratu zituen Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao.
  • 2019-8-18. 68 urteko gizon bat hil zen Oñatz auzoan, baserri bateko itxituratik ihes egin zuen zezen batek kolpatu ostean.
  • 2019-7-24. Amets Amubietak eta Larraitz Larrañagak dantza sueltoko Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuten, hirugarrenez, Errenterian.
  • 2019-7-24. Ertzaintza hilketa gisa ikertzen hasi zen bezperan herriko baserri batean jazotako ume baten heriotza.
  • 2019-6-29. BTT ultramaratoiko Europako txapelketan zilarra lortu zuen Joseba Albizuk Vielhan (Lleida, Katalunia).
  • 2019-6-29. Azpeitiak 1 eta 2 galdu zuen esku-pilotako Gipuzkoako Herriartekoaren finala Astigarragaren kontra, Donostiako Atano III.a pilotalekuan.
  • 2019-6-29. Oier Ibarguren txirrindulariak brontzezko domina eskuratu zuen errepideko Espainiako txirrindularitza txapelketan, 23 urtez azpikoetan, Murtzian (Espainia).
  • 2019-6-25. Azpeitiko Elmubas enpresa erosi zuen Portobello Capitalek.
  • 2019-6-24. Julen Egiguren pilotariak profesionaletan debuta egin zuen. 22 eta 13 nagusitu zen azpeitiarra, Zabaleta bikote zuela, Zabalaren eta Martijaren aurka Eibarko Astelena pilotalekuan.
  • 2019-6-17. Elena Marguellok irabazi zuen Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketa.
  • 2019-6-16. Pablo Etxeberriak Ur Irekietako Espainiako Txapelketa irabazi zuen Master+20 mailan, Banyolesko (Girona, Katalunia) lakuan.
  • 2019-6-15. Nagore Alkortak, Azpeitiko lehen emakume alkateak, aginte makila jaso zuen Eneko Etxeberriaren eskutik, 2019-2023 agintaldiko udal berria eratzeko udalbatzarrean.
  • 2019-6-14. Parrokiako Bakardadearen kaperaren historia jasotzen duten liburu dibulgatiboa eta tesia aurkeztu zituen Miren de Miguel ikerlariak, kaperan bertan.
  • 2019-6-7. Rafael Rezabal eta Andoni Albizuri 'Katxo' zena omendu zituzten Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, bi azpeitiarrek Ekain kobazuloa aurkituko zuteneko 50. urteurrena ospatzeko ekitaldian.
  • 2019-5-27. EH Bilduk gehiengo osoa berretsi zuen udal hauteskundeetan, Nagore Alkorta zerrendaburu berriarekin. Koalizioak botoen %57,11 lortu zituen (4.489 boto). EAJk, berriz, bozen %38,49 jaso zituen; 3.025 boto. Bi alderdi horien ordezkariekin osatuko zuten 2019-2023 agintaldiko udalbatza.
  • 2019-5-25. Iraurgi SBren Txintxu Gozotegia emakumeen bigarren taldea Euskal Ligara igo zen.
  • 2019-5-20. Urrestillako langile bat hil zen Aizarnan, pinudi batean lanean ari zela.
  • 2019-5-19. Disdira Bitxitegia ISBren gizonezkoen bigarren taldeak Espainiako EBA Ligara igotzeko txartela lortu zuen.
  • 2019-4-30. Aske utzi zuten Joseba Segurola 'Xegu' presoa, Madrilen. 2005ean ETAko kide izatea leporatuta atxilotu zuten Frantzian. Hango hainbat espetxetan preso egon ondoren, Euroagindu bat tarteko Madrilera eraman eta hango Auzitegi Nazionalak baldintzarik gabe aske uztea erabaki zuen.
  • 2019-4-28. Añares Rioja ISB taldea saskibaloiko emakumeen Espainiako maila gorenera igotzeko atarian gelditu zen, Kanariar Uharteetan jokatutako igoera faseko hiru partidetatik bi galduta.
  • 2019-4-28. EAJk irabazi zituen Espainiako Kongresurako hauteskundeak Azpeitian.
  • 2019-4-17. Done Jakue kaleko apaizetxea botatzen hasi ziren, haren tokian udal sustapeneko etxebizitzak eraikitzeko.
  • 2019-4-15. Haizeteak kalteak eragin zituen kiroldegiko sabaian.
  • 2019-4-14. Marc Buadesek (Telcom Gimex) irabazi zuen txirrindularien Urrakiko XLIX. Igoera.
  • 2019-4-12. Jendetzak egin zion harrera herrian 21. Korrikari.
  • 2019-3-31. 'Nuarbe, 29 urteko soka' liburu aurkeztu zuten. Nuarbeko sokatira taldearen 29 urteko ibilia jasotzen duen lana Laxaro Azkunek idatzi eta Azpeitiko Udalak eta Nuarbeko sokatira taldeak argitaratu zuten.
  • 2019-3-30. Zuzenbide Piriniarraren II. Jardunaldia egin zuten Basazabal jauregian.
  • 2019-3-30. Bayelign Teshager Yegzaw eta Irene Kimais nagusitu ziren 26. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian. Ordubeteko atzerapenarekin hasi zen proba, Azkoitian izandako sute baten ondorioz.
  • 2019-3-25. Done Jakue kaleko Iturri Txiki ondoko eraikin zaharren eraistea bukatu zuten.
  • 2019-3-24. Alaia Juaristik 16 urtez azpikoen Iraupen Eskiko Espainiako Txapelketa irabazi zuen. Guztira, urrezko domina bat eta zilarrezko bi lortu zituen azpeitiarrak Candanchun (Huesca, Aragoi, Espainia).
  • 2019-3-22. Haur parke berria ireki zuten Iraurgi Ikastetxearen Betharrameko eraikineko jolastokian.
  • 2019-3-17. Azpeitiko zezen plazan hogei kanaerdiko ebaki, Hernio igo eta jaitsi, eta Tolosako zezen plazan beste hogei kanaerdiko ebaki zituen Xabier Orbegozo 'Arria V'.a errezildarrak. Lan guztiak bost ordu eta hamar minutuko denboraren azpitik osatzea zuen erronka eta bete egin zuen, lau ordu 49 minutu eta 35 segundoko marka eginda.
  • 2019-3-2. Iñaki Etxarte ETAko preso, deportatu eta iheslari ohia Azpeitira itzuli zen.
  • 2019-2-28. 'Disoluzio agiriak' poesia liburua plazaratu zuen Jose Luis Otamendik.
  • 2019-2-26. 'Azpeitia 1936-1945' eta 'Azpeitia 1960-2017' liburuetako edukia eguneratu eta sarean jarri zuten Azpeitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak.
  • 2019-2-13. Esklabak-Iturzulo eremuan babestutako beste 67 etxebizitza eraikiko zituztela iragarri zuen udalak.
  • 2019-2-8. Alaitz Badiolak Emakumea Pilotari Txapelketaren Bigarren Mailako txapela jantzi zuen Zestoan. Usue Zubizarretarekin bikotea osatuta, 22-14 irabazi zuen Ane Arteagaren eta Naroa Agirreren kontrako finala.
  • 2019-2-3. 20 urtez azpiko emakumezkoen Euskadiko Kros Txapelketa irabazi zuen Xeye atletismo taldeak.
  • 2019-2-1. Gurutz Ansola politikaria hil zen, 94 urterekin, Donostian. Eusko legebiltzarkide izan zen 1980 eta 1987 urteen artean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente 1987-1991 urteen artean, eta Gipuzkoako Ikastolen Federazioko lehenengo presidentea ere izan zen azpeitiarra.
  • 2019-1-25. Basazabal jauregi zaharberritua inauguratu zuten, beheko solairuan turismo bulegoa eta goikoetan erabilera anitzeko gelak prestatuta.
  • 2019-1-24. 'Pumori, mendiaren alaba' dokumentala estreinatu zuten Soreasu antzokian. 2001ean Pumori mendian hildako Beñat Arrue azpeitiarra, Iñaki Aiertza aizarnazabaldarra, eta Aritz Artieda, Javier Arkauz eta Cesar Nieto nafarrak omentzeko eta Suku Mayaren istorioa kontatzeko egin zuten ikus-entzunezkoa, Alex Txikonen ekimenez.
  • 2019-1-20. Arauntza taldea 50. aldiz irten zen San Sebastian bezperako helduen danborradan eta zegokion omenaldia jaso zuen udaletxean.
  • 2019-1-20. Dioni eta Iñigo Perez anaiek, parrokiako naximentuaren arduradunek, udalaren omenaldia jaso zuten San Sebastian eguneko umeen danborradaren ospakizunen barruan.
  • 2019-1-12. Aitor Zubillagak zilarrezko domina irabazi zuen Gipuzkoako pista estaliko atletismo txapelketaren 60 metroko lasterketan.
  • 2019-1-9. Hegazkin arin bat erori eta bertan zihoazen bi lagunak hil ziren Hernio mendian. Cascaistik (Portugal) Hondarribiara zihoan abioia eta britainiarrak ziren hildakoak.
  • 2018-12-15. Jon Alberdi pilotariak eta Maider Etxezabal sokatiralariak jaso zituzten 2018ko Azpeitiko kirolaririk onenen saria. Boluntario onenaren saria, berriz, Egoitz Arrutirentzat izan zen.
  • 2018-12-6. Xake Produkzioak taldearen 'Lur' antzezlanak, Erika Olaizola aktore azpeitiarrarekin, irabazi zuen XXXVI. Euskal Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria.
  • 2018-11-7. Joxe Mari Iriondoren ibilbide profesionala saritu zuten Euskal Kazetaritza Sarietan.
  • 2018-10-27. Imanol Eliasek idatzitako 'Matxinada' antzerki musikala taularatu zuten herriko ehun lagun inguruk Soreasun. Azpeitiko Kultur Mahaiaren ekimenez ondutako ikuskizunarekin hasi ziren 2018ko Euskal Antzerki Topaketak.
  • 2018-10-19. Iraurgi Ikastetxeak Jose Artetxe kaleko eraikin berritua inauguratu zuen.
  • 2018-10-15. Erabat kiskali zuen suak Egurtza Azpiko baserria.
  • 2018-10-10. Iñaki Errazkinen eta Ainhoa Intxaurrandietaren aldeko ebazpena eman zuen Espainiako Kontu Auzitegiak, GHK-ren zuzendaritzak bien aurka jarritako salaketa atzera botata.
  • 2018-10-7. Xanti Rodriguezen 'Lekaime' film laburra estreinatu zuten Sitgeseko Fantasiazko Nazioarteko Zinema Jaialdian.
  • 2018-10-7. Xiriako Gurrutxagari eskainitako eskultura jarri zuten Nuarbeko frontoian, Juan Mari Etxeberriak egina.
  • 2018-10-4. 'Ispiluak eta itsasoak' eleberria kaleratu zuen Joxean Agirrek.
  • 2018-9-29. 28 urte eta gero berreskuratutako Euskal Pentatloi Txapelketa jokatu zen zezen plazan. Xabier Zaldua zumarragarrak irabazi zuen.
  • 2018-9-29. Asier Larruzeak eta Maud Conbarieuk irabazi zuten X. Zuzenien mendi lasterketa bertikala.
  • 2018-9-28. Profesionaletan debuta egin zuen Jon Alberdi pilotariak etxean, Izarraitz frontoian. Jon Ander Albisurekin bikotea osatuta, 22-19 galdu zuen Baiko enpresako aurrelari azpeitiarrak Oinatz Bengoetxearen eta Alvaro Untoriaren aurka.
  • 2018-9-26. Javier Otaegi 'Beixama' pilotari ohia hil zen.
  • 2018-9-14. 'Ametsen harria', Azpeitia-AnnapurnaII 1986 espedizioaren memoria berreskuratzea helburu zuen ikus-entzunezkoa, aurkeztu zuten Soreasu antzokian.
  • 2018-7-30. Izarraitz taldeko txistulariek eta Euskaraldiko ordezkariek bota zuten saninazioetako txupinazoa.
  • 2018-7-25. Mendaroko Agarre haitzuloan aurkitutako Madeleine aldiko bi piezaren eta labar arte baten berri eman zuten Azpeitiko Antxieta jakintza taldeko eta Aranzadi zientzia elkarteko kideek.
  • 2018-7-24. Amets Amubietak eta Larraitz Larrañagak Gipuzkoako Dantza Suelto Txapelketa irabazi zuten Errenterian.
  • 2018-7-22. Azpeitiak Euskal Herriko eskuzko Herriartekoaren txapela jantzi zuen, bigarren urtez jarraian, Amurriori 3 eta 0 irabazita. Zornotzan jokatu zuten finala.
  • 2018-7-21. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen Xabier Euzkitze.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan