Eguna: 8-9

  • 2014-8-9. Pilar Aizpitarte aktorea hil zen.
  • 1944-8-9. Hurrengo larunbatean, hilaren 12an, Joxe Alzuru herriko alkatea izandakoaren arimaren aldeko meza ateratzea erabaki zuten, herritarren artean oroitze atsegina utzi baitzuen.
  • 1897-8-9. Meliton Catalan zezenketako enpresariari zenbait gauza erantzuteko udaletxera ahalik eta denbora motzenean azaltzea derrigorrezkoa zuela esanez idaztea erabaki zuten. Izan ere, zezenek ez zuten eman beharreko pisurik, eta pisatzeko unean fede txarrez azaldu zen Catalan bera.
  • 1897-8-9. Alkatea eta Orbegozo sindikoa tranbia elektrikoaren proiektua ahalik eta azkarren aurkezteko izendatu zituzten, eta horretarako behar ziren gestioak egin zituzten.
  • 1869-8-9. Madrildik Agustin Etxanizek Karitateko Alabak herriratzeko egindako gestioen berri emanez idatzi zuen. Gai horri buruz, Espainiako Gobernu Ministeriora baimena eskatzea erabaki zuten, eta Karitateko Alabak herriratzeko zen proiektua agertu zioten Ministerioari.
  • 1858-8-9. Gipuzkoako Diputazioak herriko errukietxean -Donostiakoan- zeuden 28 behartsu jasoko al zituzten azkar erantzuteko eskatu zuten. Lanak amaitu gabe zirela eta une hartan bertan inor hartzea ezinezkoa zela esanez erantzutea erabaki zuten.
  • 1849-8-9. Azkoitiak eta Azpeitiak bat egin eta batzordea osatuta Espainiako erregeari Loiolari buruz aurkeztuko zioten idatzia prestatu zuten. Loiolan Frantziskotar Oinutsen Ikastetxea sortu nahi zuten, Asiako misioetako gazteak prestatzeko, baina bi herrien nahia bestelakoa zen. Horiek bertan Eskolapioetako erlijiosoak izatea nahi zuten, jesuitek ezinezkoa baitzuten. Hondarribian ospatutako batzar nagusiek bi herrietako batzordeak osatutako txostena ontzat hartu zuten, eta herriak erregeari idatzia aurkeztea erabaki zuen.
  • 1789-8-9. Mateo Iparragirrek eta haren lagunek adierazi zuten Azkoitiko Gorritxo harrobian ziren hiru harri ekarriko zituztela parrokiko atarirako. Inazio Bixente Erraztik emandako baldintzetan eta herriak 3.700 erreal ordainduta ekarriko zituztela ere jakinarazi zuten. Eskaintza onartu egin zuten.
  • 1767-8-9. Azkoititik korrejidorearen emaztea herriratu zen zezenketetara, eta harekin etorritako emakumeei eskainitako freskagarriak ordaintzea erabaki zuten.
  • 1765-8-9. Herriko dorreko ordularia geldituta zela eta, Guillermo de la Prada maisuari herriratzeko eskatuz gutuna idaztea erabaki zuten.
  • 1697-8-9. Parrokiko aldare nagusian Andre Mari Sortzez Garbiaren irudia jarri zuten, baina horrelako tokietan jarri ohi ziren gortinarik gabe. Gortinarentzat, Sevillako (Espainia) urrezko tela ederrenetakoa parrokiko dirutik erosi al zitekeen jakitea erabaki zuten. Hori nitxoan jarriko zen baina, horretaz gain, kanporako beste gortina bat erosiko zuten. Tomas Korta kapitainari horrela egiteko albistea pasatu zioten.
  • 1639-8-9. Tolosan zen Casaresko markesaren gutuna jaso ondoren, alkateari herriko konpainiaren kapitain bezala soldaduak bildu eta gutunean agindutako tokira berehala abiatzeko esan zioten. Diputazioari morroi baten bidez hartutako erabakia adierazi zioten eta herriak nola jokatu behar zuen adierazteko eskatu.
  • 1568-8-9. Printzearen hileta elizkizunak egitea erabaki zuten larunbat gauez eta igandean, eta alkateek lutua jantzi behar zuten. Arropa herriak ordainduko zion, gehienez ere hogei dukat gastatuta.
  • 1568-8-9. Probintziko beste herrietan ziren neurri bereko ikatz zakuak erabiltzea erabaki zuten, Legazpin, Azkoitian eta beste zenbait herritan ziren bezalakoak.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan