Eguna: 1-3

  • 2015-1-3. Patxi Azkargorta zenari eskainitako liburuxka biografikoa (Aintzane LarraƱaga kazetariak idatzia) aurkeztu zuen Uztarria Komunikazio Taldeak Sanagustin kulturgunean.
  • 2011-1-3. Eusko Trenek Juanjo Olaizola Burdinbidearen Euskal Museoaren zuzendari kargutik kendu zuela jakinarazi zuten hainbat komunikabidek.
  • 2010-1-3. Aitor Arrutik idatzitako 'Urrestilla, euskal herri baten historia' liburua aurkeztu zuten.
  • 2002-1-3. Zelaitxo zine aretoa bota zuten, etxebizitzak egiteko.
  • 1993-1-3. 125 kilo zituen 'Bedaio' harriarekin apustua egin zuten Agustin Arruti Landarbasok eta Juan Miguel Otaegi Beteluk. Hamar minutuko hiru txanda egin zituzten. Landarbasok irabazi zuen, 42 aldiz jasorik; Beteluk 38 aldiz jaso zuen.
  • 1986-1-3. Ertzaintzak Kaka Flash Irratia itxi zuen.
  • 1963-1-3. Errege magoen kabalgata kaleratu zuelako, Oargi taldeari 2.500 pezetako laguntza ematea erabaki zuten agintariek.
  • 1923-1-3. Arregi baserrian sutea izan zenean, lanean ahalegindu zirenei emandako ogi eta ardo zatikoak edo errazioak ordaintzea erabaki zuten agintariek.
  • 1912-1-3. Azkoitiko alkatetzak hartutako erabakiaren berri eman zen; hau da, Azpeitiko herriak, hartutako erabakiarekin -Erromako aita santuari Loiolako Inazioren eguna jai egun izendatzearen eskaera-, bat egiten zuela jakinarazi zuen.
  • 1910-1-3. Udal Garbitokiaren berriztatze lanak eta Arkupe deituriko iturburutik garbitokiaren urontzira bitarteko hodieriaren aldaketa adjudikatu zituzten.
  • 1876-1-3. Azken udal karlista osatu zuten herrian, Joxe Inazio Beristain alkate zela.
  • 1806-1-3. Vera Cruz Kofradiako buruak Udalari eskaera egin zion, esanez parrokiko erretoreari Loiolan zeuden bi Premostranse sermolariri Garizumako igandeetan pulpitura igotzen uzteko baimena eskatzeko.
  • 1794-1-3. Loiola eta Urrestillako pasabideetan igarotzen ziren gurdiek kalte handiak egiten zituztela-eta, bando bidez neurriak hartzea erabaki zuten, bost errealeko isuna jarriz gurdiarekin igarotzen zenari.
  • 1698-1-3. Sagardo saltzaile asko zirela-eta, txandak izendatzeko zozketa egitea erabaki zuten, lehentasun osoa emanez herriko sagarrarekin eginikoari eta haren jabeei. Bigarren mailan herrian erositako sagarrrarekin eginiko sagardoa izan zen eta azkenik, berriz, kanpoan erositakoarekin egindako sagardoa. Zozketa egiterako orduan, barrika batzuk dena beteta eta besteak erdizka zeudela ere kontuan izaten zen, azken horiei saltzeko baimena emanez, dena beteta zen bakar bat salgai jartzen zenarekin batera.
  • 1698-1-3. Inazio Beltran Oiarzabalen alargun Jazinta Oriak eginiko eskaerari erantzunez, 36 erreal hari ematea erabaki zuten, herriko parrokiari buruzko dokumentu zaharrak aurkitzen egin zuen lan handia kontuan izan ondoren.
  • 1681-1-3. Herritarren gozamenerako, karnabal iganderako zezenketa antolatzea erabaki zuten agintariek. Astelehenean, herriko harakinak idizko bat ibili behar izan zuen kaleetan, eta asteartean sei bigantxarekin egin zuten jaialdia.
  • 1681-1-3. Gorputz eguna edo ondorengorako, antzerki erako auto-sakramental bat antolatzea eskatu zioten alkateari.
  • 1681-1-3. Ikusita astesantuetan parrokiko aldare nagusian jarri ohi zen monumentuaren zati batzuk nahiko gaizki zeudela, beste monumentu bat egitea erabaki zuten. Aurrez proposamen bat egin zuten eta ondoren, berriz, ongi apaindu eta Juan Larrar maisuak pintatu zuen, gehiegizko gasturik egin gabe.
  • 1648-1-3. Martin Oronoz arma egileak garbitu eta konpondutako herriko armak gorde zituzten ospitaleko gela batean, behar ziren unean behar bezala izan zitezen.
  • 1634-1-3. Domingo Korteberriak Donostiara apezpikuarengana egindako bidaiaren berri eman zuen. Bidaiaren asmoa apezpikuari herriak parrokiko elizgizonekin zituen tirabirak jakinaraztea zen: goizeko mezak, San Agustin egunean kanpaiak jotzea eta beste zenbait gai.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan