Eguna: 11-28

  • 2020-11-28. Zortzi hilabeteko atzerapenarekin ospatu zuten Soreasu antzokian martxon bertan behera utzitako XXX. San Jose trikiti jaialdia. Joxe Mari Iriondo, Mari Karmen Odriozola, Joxe Alkain, Azpeitiko Udala eta Joxe Mari Otermin omendu zituzten.
  • 2020-11-28. Bigarren Euskaraldiko bertso paper lehiaketaren sariak banatu zituzten udaletxean. Oier Labiano eta Oier Etxeberria izan ziren sarituak.
  • 2019-11-28. Lagun Onak futbol klubaren 75. urteurreneko liburua aurkeztu zuten.
  • 2014-11-28. Lakrikun taldearen 'Non gaude?' lanak irabazi zuen Euskal Antzerki Topaketetako Ikusleen Saria.
  • 2013-11-28. Grumal enpresarentzat hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen Fagor Etxetresnak kooperatibak.
  • 2013-11-28. Gipuzkoako Foru Aldundiaren 'Partaidetzazko aurrekontuak' proiektu pilotuaren azken batzarra egin zen Sanagustin kulturgunean. Han, Urola Erdiko herritarrek Aldundiak bailarara bideratutako 500.000 euro inbertitzeko zazpi proiektu zehaztu zituzten, 2014ko foru aurrekontuetan sartzeko.
  • 2010-11-28. Lehenengo Kulturaldia antolatu zuen Kultur Mahaiak.
  • 2007-11-28. Mikel Azkune eta Eneko Etxeberria 'Egunkaria'-ko auzi ekonomikoan ez zituztela epaituko jakin zen. Beste zortzi lagun, ordea, epaituko zituztela esan zuten.
  • 1938-11-28. Tolosako alkateak bidali zuen gutunarekin bat egitea erabaki zuen Udalak, Sanz Rodriguez ministroa zorionduz. Izan ere, ministroak esan zuen Espainiako institutuak euskara hizkuntza ikasketak eskaintzeko denbora gutxiren barruan antolatuko zituela.
  • 1933-11-28. Zezen-plazan apustuak zeudela-eta, herriaren aldetik zenbat kobratu behar zen erabaki zuten: bostehun pezeta bitarteko sarrera izatean, %20; hortik mila pezeta bitartean, %15; eta milatik 1.500 pezeta bitartekoa izatean, %10. Apustu berezia eta sarrera handiagoa izatean, horretarako izendaturik zegoen batzordeak erabakiko zuen.
  • 1932-11-28. Gestora Batzordeak, Aratz-errekarako errepidea egiteko 59.500 pezeta ematea erabaki zuela jakinarazi zuen. Diputazioari eskaera zuzentzea erabaki zuten, ahal zen azkarren hasiera emateko esanez eta, horrela, langabezian zeuden herritar langileei lana eskaintzeko; horiei zerrenda bidali zieten.
  • 1924-11-28. Zezen-plazara joandako jendearentzat sarrera gutxi zeudela-eta, alkateak azkeneko San Inazio festetan nolako iskanbilak sortu ziren adierazi zuen. Martzelo Gibert arkitektuari plaza handitzeko proiektua eskatu ziotela ere bazioen alkateak, eta aurrekontua prestatzeko. Kontuan izanik, ordea, 93.896,80 pezetara iristen zela, iruditu zitzaien orduan ezinezkoa zela aurrekontuari aurre egitea, eta alde batera utzi zuten proiektua. Madrazo eta Segurola zinegotziek zezen-plazan egokitze lanak egitea proposatu zuten, tendidoari lerro bat gehiago ateraz eta abar. Hala, 800 eserleku gehiago izateko bidea ikusi eta lan horiek aurrera eramatea erabaki zuten.
  • 1910-11-28. Azterketa egin ondoren, Agustin-errekako urak jasoko zituen urtegia egiteko planoak eta aurrekontua onartu zituzten.
  • 1904-11-28. Gortean lurraldeko diputatu Teodoro Aranak Gernika-Lumoko jatorrizko zuhaitzaren landare bat eskaini zuen, gutun bitartez. Udalak eskaintza ontzat hartu zuen, eta eskerrak eman zizkion.
  • 1904-11-28. Zinegotzi batek Andre Maria Sortzez Garbiaren eguna urte hartan ospatzea proposatu zuen, herriaren askatasunaren sinboloa zen zuhaitza aldatuz meza nagusia amaitzean; agintariek ez ezik, apaizak ere lekuko zirela eta, nahi izanik, azken foru diputatu Juan Bautista Azilona gonbidatuz. Horrela egitea erabaki zuten, eta gainontzeko ekintzen antolaketa alkatearen eskuetan utzi zuten.
  • 1864-11-28. Santo Domingo komentua botatzeko eginiko planoak eta gainontzeko lanak Mariano Joxe Laskurain arkitektuari ordaintzea erabaki zuten.
  • 1734-11-28. Alkateak, Gipuzkoako Batzar Bereziek hartutako erabakiaren berri eman zuen: Donostia eta Hondarribiko gazteluak eta herriak zaintzeko 400 lagunez osatutako taldearekin erregeari zerbitzua eskaintzea. 50 soldaduz osatutako konpainiak egin zituzten, boluntarioen edo zozketa bidez aukeratuz ezkongabeko gazteen artean. Hurrengo urtearen lehen egunerako egon beharko zuten euren postuetan, eta sei hilabete igarotzean ordezkoek txandatuko zituzten. Haietako norbait hil edo desertatzean, herriak berehala jarri beharko zuen ordezkoa.
  • 1692-11-28. Vera Cruz kofradiak, txosten baten bidez, Udalari esan zion maiatzean eginiko bileran Ostiral Santu arratsaldez herriko kaleetan prozesioa egitea erabaki zuela, eta horretarako ari zela prestatzen Jesukristoren gorpua eta Gurutzeko jaitsiera irudiak, hileta eta bakardadeko Andre Mariarenak bezala. Hala, bere asmoa onartzeko eskatu zion Udalari eta parrokiko apaizei gonbitea pasatzeko, parte har zezaten. Prozesioan militar talde bat izan nahi zutenez, Udalaren aldetik norbait izendatzeko eskatu zuten, 24 edo 30 bat gizonezko prestatzeko pika edo alkabuzekin. Gaiari buruz erabakia Herri Batzar nagusian hartzea onartu zuten.
  • 1677-11-28. Parrokiko pulpituen txapelak egiten zituen Juan Apaeztegi maisuak, eta hari bi mila erreal ordaintzea erabaki zuten.
  • 1677-11-28. Eskuztako gurutzea egitea erabaki zuten, aurrez zen bezalakoa.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan