Eguna: 6-17

  • 2019-6-17. Elena Marguellok irabazi zuen Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketa.
  • 2017-6-17. Gerra Zibilaren garaian eta ondorengo urteetan Gernikako hilerrian lurperatu zituzten Eusko Gudarosteko 82 gudariei aitortza egin zieten hainbat erakundetako ordezkariek. Azpeitiko lau gudari hobiratu zituzten han: Francisco Iparragirre Orbegozo (Itxarkundia batailoia), Jose Urbieta Etxezarreta (Loiola batailoia), Urrestillako Dionisio Urbistondo Lasa (Loiola batailoia) eta Leandro Plazaola Zubizarreta (San Andres batailoia).
  • 2015-6-17. Maialen Etxanizek ikusleen saria jaso zuen Euskadiko Gazteria Kontseiluaren bideo lehiaketan.
  • 2011-6-17. Urriaren 2ko Kilometroak festarako metroak babesteko ekimena abian jarri zuen Azpeitiko Ikastola Ikasberrik Interneten, 'Berria'-ren babesarekin: 'klikmettoak.com'.
  • 2011-6-17. IƱaki MariƱelarena zumarragarrak irabazi zuen XXIX. Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketa.
  • 2010-6-17. Xarlo Etxezaharreta hazpandarrak Udalbiltzaren kontrako epaiketara ez joatea erabaki zuen.
  • 1993-6-17. Ikastola Bizirik taldearen bigarren bilera egin zuten.
  • 1934-6-17. Klemente Arrue eta Nikolas Arregi 'Maiorta' neurtu ziren zezen-plazan zortzi mila metrotan. Biek 18 urte zituzten. Arruek irabazi zuen, 28.36an.
  • 1889-6-17. Herritar batzuk kexatu egin ziren frontoian adin handikoek gaztetxoei jokatzen uzten ez zietelako, ezta txandaka ere. Horren aurrean, Udalak udaltzaina frontoia zaintzen jartzea erabaki zuen, horrelakorik gerta ez zedin.
  • 1872-6-17. Maiatzaren 17an Tolosan eginiko Gipuzkoako batzar berezian hartutako erabakiaren berri emateko idatzi zuen Diputazioak. Bertan jakinarazi zuten altxatuen aldera pasatu zen apaizak edo bere elizatik falta izan zenak ezingo zuela berriro herriko edo Gipuzkoako elizara bihurtu bere lanarekin jarraitzeko egoera berri horretan. Ustekabeko ekintza batekin edo erregearen aginduarekin bueltatzeko aukera izango balu ere, hamar mila erreal ordaindu beharko zituen errebelamenduaren gastuei aurre egiteko. Agindua bera zen probintzia edo udal soldaduak jasotzen zituztenentzat, eta alkateak zaindu beharko zuen agindu hori betetzea, bestela bi mila errealeko isuna ordaindu beharko zuen. Horrekin batera, altxamendua hasi aurretik edo izan zen bitartean alde egin zuten apaizen eta era horretan kobratzen zutenen zerrenda lehenbailehen bidaltzea eskatu zuen Diputazioak. Guztiari erantzutea erabaki zuten.
  • 1861-6-17. Bota berri zuten herriko dorrearen aldamenean zegoen etxearen egoera ikusita -Kontseju plazako 5. zenbakia zuena-, Manuel Inazio Portu jabeari konponketak ahalik eta azkarren egiteko idaztea erabaki zuten. Aurrez ere eskaera bera egin zioten.
  • 1861-6-17. Santo Domingo kaleko 2. zenbakian ari zen obrak egiten Joxe Mari Uranga. Etxea San Agustin komentuaren kontra zegoen eta baimena eskatu zuen denda zabaltzeko etxepeko arkupera. Horrela, azoka egunetan generoak estalpera ateratzeko modua izango zuen. Trukean urtean errenta bat ordainduko zuen. Udalak baiezkoa eman zion.
  • 1823-6-17. Batzordea izendatu zuten zazpi auzoetako baserri guztietan zeuden fusilak jasotzeko. Bide batez, batzordeak zerrenda osatu behar zuen baserri horietan ziren 18 urtetik 40 bitarteko gizaseme guztiekin.
  • 1703-6-17. Diputazioak jakinarazi zuenez, Ingalaterra eta Herbehereetako armadak Frantziako itsasertza bonbardatzen ari ziren. Bonbardaketa mugatik 60 lekora gertatzen ari zen eta beldur ziren bertaratuko ote ziren. Horren aurrean, honako erosketa hauek egin zituzten: ehun anega gari, bi barrika bolbora eta beharrezkoa zen metxa. Horretarako eta beste gauza guztietarako Udalak gestioak egin zituen, zilarrezko bostehun dukat zentsuan hartzeko bezala.
  • 1703-6-17. San Agustin komentuko priore Domingo Goiri fraideak adierazi zuen duela lau urte eman ziotela baimena herriko basoetan egurra ebakitzeko obrari jarraitzeko. Baina nola garaian ez zen egin eta unean beharrekoa zen, eskaera bera zuzentzen zuela zioen. Sistiaga aldean eta mendi ikusleek seinalatuz, ebakitzeko baimena eman zioten, sakristia itxi eta bere teilatua egiteko behar zuelako.
  • 1674-6-17. Herritik irten behar zuten 33 soldaduri ordaintzeko dirua lortzeko agintariei eman zieten ahalmena. Besterik ezean, eta zentsuan hartuta, Tomas Kortak 150 peso eskaini zituen soldaduei ordaintzeko.
  • 1560-6-17. Elolako kaperauak bere testamenduan izendatutako kanonikoak behar bezalako mailakoak ez zirelako, herriak erabaki zuen gestioak egiteko ahalmenak ematea. Ahalmen horiek Martin Agirre alkateari eta Erroman zegoen Larranbide batxilerrak izango zituzten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan