Eguna: 12-2

  • 2015-12-2. 16 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Josu Urbieta 'Pow'-ri Frantzian, Jean-Serge Nerin poliziaren hilketagatik egindako epaiketan.
  • 2013-12-2. 'Aio!' film laburrak, Erabaki Produkzioak taldearen bigarren lanak, argazki onenaren saria jaso zuen Lekeitioko Euskal Zine Bileran. Azpeitian handik egun gutxira aurkeztu zuten lana, abenduaren 5ean, Soreasu antzokian.
  • 2006-12-2. Karelean musika taldeak (taldeko abeslaria Olatz Prat azpeitiarra da) Euskadi Gazteko maketa lehiaketan epaimahaiaren saria jaso zuen.
  • 2001-12-2. Udalak Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatzen hastea erabaki zuen. Eusko Jaurlaritzaren plana da.
  • 1985-12-2. Herrian abesbatza berria sortu nahian Musika Eskolako abesbatza, parrokiko abesbatza eta lehenagotik Olatz Abesbatzan ibilitako kideak bildu egin ziren. Bilkuratik sortu zuten Julian Barrenetxea abesbatza.
  • 1983-12-2. I. Euskal Antzerki Topaketak hasi ziren Soreasu antzokian. Topaketen lehen egunean 'Bata zu eta bestea ni' antzezlana taularatu zuen Intxurre taldeak.
  • 1912-12-2. Zinegotzi batek eginiko proposamenari jarraituz, Udalak Gernikako arbolaren jatorrizko landarea frontoiaren inguruan aldatzea eta burdinazko hesi batez inguratzea erabaki zuten.
  • 1896-12-2. Probintziko Batzordeak eskatuta, kaleek, plazek eta pasealekuek euskaraz eta gaztelaniaz zituzten izenak hari bidaltzea erabaki zuen Udalak.
  • 1889-12-2. Alkateak Urolako trenaren proiektua aurrera zeraman juntarekin Zumarragatik Zumaiara bitarteko kontzesioa ematea hitzartu zuen. Proiektua aurrera eramateko 8.506,17 pezetako aurrekontu berezia prestatzea erabaki zuten eta herriak %1 aurrez ordaintzea.
  • 1823-12-2. Espainiako Gobernuko Ogasun Ministerioak emandako agindu/ordena errealaren berri jakinarazi zuten. Agindu/ordenak zioen herriari/Udalari baimena ematen ziotela Santo Domingo komentua botatzen egingo zuten gastuaren ordain gisa, han geratuko zen material baliagarria jasotzeko. Bide batez, bertan enparantza zabaltzeko eta Guardia Zibilarentzat kuartela egiteko planoak agertu ziren.
  • 1801-12-2. Frantzisko Jose Enparanekin egin nahi zen trukaketaz hitz egin zuten. Enparan etxeak errotan zituen zortziko bi eta erdi zatiak trukatu nahi zituzten eta, zalantzak zeudenez nola egin erabakitzeko, korrejidoreari erabakitzeko eskatu zioten.
  • 1717-12-2. Azkoitian bizi zen mugaz bestaldeko Frantzisko Ibarrondorekin eskritura sinatzea erabaki zuten, hurrengo urteko martxoaren 1ean hasita eta bi urtean herrian behar adina teila eta adreilu egiteko. Mila teila 63 erreal eta adreilua 50 erreal ordaindu zituzten.
  • 1699-12-2. Inazio Segurola prest agertu zen herriko elur hornikuntza egiteko. Laurehun erreal eskatu zituen Izarraizko izoztegiaren errenta gisa, eta bertan urte osorako elurra sartzearen truke ardo zahagi bat erer bai elur-jasotze garairako. Laurehun erreal haien ordainketa bi zatitan egitea eskatu zuen: erdia San Juan egunean eta beste erdia urte amaieran.
  • 1605-12-2. Alzega azpeitiarra Venezuelako apezpiku izendatu zuten. Yucatango kontadore nagusia izan zen eta alargun gelditu ondoren sartu zen frantziskotar. 1609an hil zen.
  • 1584-12-2. Azpeitiko kaleak eta enparantzak harriztatzea erabaki zuten, Udalak eta herritarrek erdibana ordainduz.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan