Eguna: 11-19

  • 2019-11-19. Maria Angeles Amenabarrek Korta saria jaso zuen Gasteizen, Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik.
  • 2016-11-19. "Hondakinen kudeaketa zentzuzko bat" aldarrikatu zuten ehundaka lagunek, Elkar-ekinek eta Elosiagako bizilagunek deituta 'Lapatx itxi, errausketarik ez. Birziklatu eta berrerabili' lelopean egin zen manifestazio jendetsuan.
  • 2016-11-19. 150. urteurreneko liburua aurkeztu zuen Udal Musika Bandak, Eñaut Frantsesena bandakideak idatzitako lana. Liburua egiteko dokumentazio-lana egitean ohartu ziren bandak 150 urte baino gehiago zituela, eta 1852rako, behintzat, bazela.
  • 2013-11-19. Juan Carlos Arruti 'Paterra' ETAko presoa aske atera zen Kordobako Alcolea kartzelatik, 24 urteko espetxealdia beteta. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 'Parot doktrina' deritzona indargabetu ondoren aske gelditu ziren presoetako bat izan zen azpeitiarra.
  • 2012-11-19. 'Txiki' eta Otaegi indarkeria politikoaren biktimak direla aitortu zuen Eusko Legebiltzarrak.
  • 2003-11-19. Maider Egiguren atxilotu zuten, Baltasar Garzon Espainiako epailearen aginduz, ETAko kaptazio aparatuko kidea izatea leporatuta.
  • 1999-11-19. EAJk eta EAk akordioa sinatu zuten, bi taldeen artean udal gobernua osatzeko.
  • 1996-11-19. Aurpegia estalirik zeukaten hamabi bat lagunek Euskotreneko autobusa erre zuten.
  • 1894-11-19. Idazkariak Loiolako San Inazio Elizaren Doktore izendatzea eskatu zuen, apezpikuari ez ezik probintziko herriei bidaltzeko prestatu zuen idatzia irakurtzean. Onartu egin zuten proposamena, eta berehala zabaltzea erabaki zuten.
  • 1866-11-19. Etxaniz erregidoreak proposatu zuen adornua eta figurako marrazkiari bultzada ematea, Antonio Lekuona margolariak -unean herrian bizi zen- agertzen zuen borondatea gogoan izanik. Etxaniz bera eta alkatea izendatu zituzten Lekuonarekin hitz egiteko.
  • 1855-11-19. Alkateak, Bernardo Iturriaga Azpeitiko kuartelean zen brigadier herritarrak eginiko eskaintza bereziaren berri eman zuen: herriko diruzainaren eskuetan jarri zituela sei mila erreal, inolako interesik eskatu gabe, herriak bere aldetik itzultzekotan -horretarako erosotasuna aurkitzen zuenean-. Hari eskerrak ematea erabaki zuten.
  • 1855-11-19. Herriak behar guztiei erantzuteko zituen oztopoak ikusirik, Rodilek herriari ezarritako isunaren zatiaren ordainketa atzeratzea erabaki zuten. Orduko azken seihilabetekoa hurrengo urtean ordaintzea erabaki zuten eta horrela egiten jarraitzea guztia ordaindu bitartean 1859ra arte.
  • 1855-11-19. Joan Amezuak parrokiko organoa konpondu eta egokitze lanak egitea proposatu zuen, eta Udalak baimena eman zion Inazio Muguruzari harekin harremanetan jartzeko eta behar ziren tratuak egiteko.
  • 1855-11-19. Herritar bereziekin eginiko bileran, herriak ezarritako zergak kobratzeko neurriak hartu zituzten. Alde batetik, alondegian jarriko zuten administrazioa, sartu eta irteten zuten generoen berri egoki emateko. Harategia ere herriaren eskuetan izango zen. Beste harategi bat zabaldu nahi zuenak herriaren baimena beharko zuen, eta berak zainduko zuen nolako haragia saldu. Ganaduen hiltegira eraman beharko zituen ganaduak, bi erreal ordainduz hogei erraldera bitarteko ganadu bakoitzeko eta sei erreal hogei errealdetik 30era bitarteko bakoitzeko; zortzi erreal hortik gorako ganadu bakoitzeko. Haragia bere kontura saldu nahi zuenak, bere harategiko ate bakarreko bi giltza eduki beharko zituen; bat beretzat eta bestea herriko administrariarentzat.
  • 1694-11-19. San Pedro eta San Pabloren irudiak erretaula nagusian jartzeko iritsi ziren parrokira eta, Valladolideko (Espainia) irudigileak Andre Mariaren irudia egiten zuen bitartean, agintariek aldare nagusian zegoen beste irudi bat ikusi zuten, nahiko alferrik galdua eta txukundu beharrean. Egokitzea erabaki zuten, eta alkateari eskatu zioten ahalegin guztiak egin zitzala guztia prest egon zedin Sortzez Garbi egunerako. Aipaturiko irudi berriak, berriz, erretaulan jartzea erabaki zuten, Inazio Beltran Oiarzabalen esanetara.
  • 1677-11-19. Iruñeko apezpikuaren baimenarekin eta herriak agindurik, parrokiko pulpituei euren gaineko txapela egiten ari zen Joan Apaeztegi arkitektuari kontuak aurkeztea eskatzea erabaki zuten, garbi geratzeko zenbat zeukan jasota eta zenbat oraindik kobratzeko.
  • 1637-11-19. Probintziak jaso zuen zedula erreal baten berri eman zuten, eta erregearen aldetik bi mila soldaduz osatutako taldea prestatzeko eskatu zioten, hurrengo urtean sor zitezkeen ezbeharrei aurre egiteko. Udalaren aldetik herritar bereziei deitzea erabaki zuten, euren iritziak jaso ondoren neurriak hartzeko.
  • 1631-11-19. Burdinoletako nagusia eta garraioak egiten zituztenekin bildurik bide publikoetan garraioak egiteko debekuari buruz hitz egiteko, haien aldetik urtean ordainketa batzuk egitea onartu zuten guztien artean, eta lehenena hurrengo urtearen amaieran: burdinola bakoitzeko nagusiak zilarrezko bi dukat eta gurdiaren jabe bakoitzak zilarrezko dukat bat. Bideetan konponketa lanak egiteko erabiliko zuten dirua lortuko zen horrela. Erabakia hartu ondoren, herriaren aldetik debekua altxatu zuten, eta ordaindu beharreko guztiaren zerrenda osatzea agindu zuten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan