Eguna: 1-4

  • 2015-1-4. Martina Bastida Goenaga (1920-2013) urrestildar erlijiosoaren omenezko oroitarria jarri zuten Malagonen (Ciudad Real, Espainia), hango alaba kutun izendatu ondoren.
  • 2013-1-4. Corrugados Azpeitiako langileek greba utzi zuten, sei hilabeteren ostean.
  • 1984-1-4. Udalak txostenaren eraikuntza eskubideak erosi zizkion Joxe Luis Bastarrikari.
  • 1984-1-4. Herriak, aurrez kuartela izandako etxean, lokalak utzi zizkion Arte eta Diseinu Eskolari.
  • 1909-1-4. Agintariek zezen-plaza berriro enkantean jartzean, Udalaren inguruko lurralde zati bat enkantetik kentzea erabaki zuten errukietxeari eskaintzeko, honek zabor tokitzat erabil zezan.
  • 1909-1-4. Probintziari lokal bat eskaintzea erabaki zuten, herrian telefono zentral bat jar zezan.
  • 1904-1-4. Sebastian donearen eguneko eta inauterietarako zezenak ez ezik, tarteko igandeetarako ere zezenak aukeratu eta tratua egiteko batzorde bat izendatu zuten.
  • 1900-1-4. Diputazioaren eskaerari erantzunez, Udalak Frantzisko Tejeriarentzat Espainiako erregeari indultua eskatzea erabaki zuen.
  • 1847-1-4. Akilino Amezua jaio zen.
  • 1835-1-4. Gerra pil-pilean zen. Ezinezkoa zen Udala osatzea aukeratutako agintariekin, herritar asko eta asko kanpoan baitziren. Baina ezinezkoa zen herria agintaririk gabe uztea, eta urtarrilerako bakar batzuk izendatu zituzten. Beste batzuk ondoren, otsailerako.
  • 1814-1-4. Azpeitiar agintariek Diputazioari beraien ezustea aurkeztea erabaki zuten: Urrestillako hiriskak izendatu zuenarekin batera, herriaren ordezkari maisu bat izendatu zutela -inolako kontsultarik egin gabe- elkarren arteko mugak seinalatzeko.
  • 1711-1-4. Zumaian ospatutako Probintziko Batzar Nagusiak hartutako erabakiarekin bat egin eta herritarrak batzar nagusian bildurik, haien eta biztanle guztien izenean zin egin zuten Loiolako Inazio deunaren egun bezperan barau egitea, eta betirako onartzea erabaki zuten.
  • 1711-1-4. Martin Zaldua maisuak eginiko eskaerari erantzunez, berak parrokian egin zuen bataioko kapera ikusi eta ordainketa egitea erabaki zuten.
  • 1656-1-4. Herriak parrokiko obra handia egiteko hitzarmena egina zuen Joan Ansola maisuarekin. Eibarren eta Elgoibarren iritziak jaso ondoren, ezagutzera eman zuten Ansolak lanerako zuen trebetasuna. Ondoren, maisuarekin eskritura egitea erabaki zuten agintariek.
  • 1656-1-4. Bostehun maraiko multa jarri zioten Nuarbeko tabernari Martin Etxanizi, aurrez agintarien aldetik ikusi eta salneurria jarri gabeko ardoa saldu zuelako. Gainera, debekatu egin zioten aurrerantzean berdin jokatzea.
  • 1656-1-4. Maiatzean herrian ospatuko zituzten Gipuzkoako Batzar Nagusietarako guztia prestatuta eduki nahian, herriak elizkizunetarako predikariak aukeratu zituen: Frantzisko Zelaiaran lizentziatua eta erretorea Andre Mariaren sermoia egiteko; Miguel Otaola fraide herritarra, Felipe eta Santiago deunen sermoirako; hirugarren egunean, Gurutze eguna ospatzeko, herriko Santo Domingo komentuko Juan Troconiz fraidea; eta azken egunerako, San Inazioren ospakizunerako, Domingo Goiaz fraide herritarra.
  • 1656-1-4. Joan Ansola maisuari udalbatzarrera sartzeko baimena eman zioten, eta honek adierazi zuen parrokiko lanak egiteko eskritura sinatzeko asmoan etorri zela. 1.000 erreal eskatu zituen bere etxebizitza herrian egokiturik izan zezan martxoaren aurrenerako. Eskribauari berehala paper guztiak presta zitzan agindu zioten, hurrengo egunean bertan egin zezan.
  • 1644-1-4. Sagardoa saltzen jarri aurretik egiten zen zozketarako orduan, 27 saltzaile bakarrik agertu ziren.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan