Eguna: 10-6

  • 2012-10-6. Aimar Irigoienek Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa irabazi zuen, seigarrenez.
  • 2011-10-6. Aurrerantzean igande eta jai egunetan herriko plazan ezingo zela autorik aparkatu iragarri zuen Udalak.
  • 2011-10-6. Xabier Etxeberria 'Txapi' preso azpeitiarra absolbitu egin zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, ETAk Lakuntzako dantzalekuaren kontra egin zuen atentatuan ez zuela parte hartu ebatzita. Egunean bertan libre utzi zuten Etxeberria.
  • 2010-10-6. Pako Aristik 'Nemesioren trikitixa' liburua kaleratu zuen.
  • 2004-10-6. Miren Odriozola azpeitiarrak eta Xarlo Etxezaharreta hazpandarrak Espainiako Auzitegi Nazionalean 'Udalbiltza auzia'-gatik eginiko akusazio guztiak ukatu zituzten.
  • 1986-10-6. Kaka Flash Irratiak antolaturiko hilabete kulturala hasi zen.
  • 1985-10-6. Anaia Frantzisko Garate jesuita beatifikatu zuten.
  • 1966-10-6. Martin Oiarzabal idazlea hil zen, Bilbon.
  • 1902-10-6. Domingo Ezeizak prestatutako zezen-plazaren hiru proiektu aztertu zituzten, eta nahiko eztabaida sortu zen gastatu beharreko diru kopuruari zegokionez. Azkenean, 50.000 pezeta eta lurra inbertitzea erabaki zuten.
  • 1874-10-6. Malkorra bolbora fabrikan izugarrizko eztanda izan zen arratsaldean.
  • 1868-10-6. Donostian zen probintziko Gobernu Juntak emandako dekretua bezpera gauean iritsi zela esan zuten, eta haren bidez azken irailaren 30ean osatutako udalak ezerezean gelditu zirela. Udal haien ordez 1866ko abenduaren 31n osatutakoak jarri behar ziren. Horrela osatu zuten berriro Udala, aurreko agintariekin.
  • 1862-10-6. Mariano Jose Laskurain arkitektuak eginiko bi plano aurkeztu zituen alkateak. Haietako bat Santo Domingo komentua izandakoan kuartel berria egiteko erabiliko zuten. Besteak, berriz, arkuen gainean egin beharko ziren langintzak erakusten zituen. Joxe Mari Azpiroz azpeitiar perituari aurrekontuak prestatzeko eskatu zioten.
  • 1789-10-6. Herri Batzar nagusian ikusi zuten egokia zela azoka izatea herrian, Tolosak, Segurak eta Bergarak zeukaten moduan, benetan ona izango zelako herritar guztientzat -janaria eta aleak salduko ziren bertan-. Astean behin azoka egitea erabaki zuten -asteartez-, erabakia hartu aurretik guztien iritziak jaso ondoren. Gaztelako Erret Kontseilu Nagusian baimena lortzeko, agintariei gestioak egiteko ahalmena eman zieten.
  • 1788-10-6. Parrokiko atariko obrei buruz hitz egin zuten. Amaitu bitartean aurretik eginikoarekin jarraitzea erabaki zuten eta, horretarako, materialak inguratu behar zirela ahalik eta azkarren.
  • 1775-10-6. Alkateak jakinarazi zuen goiz hartan utzitako haur bat aurkitu zutela San Jose ermitan, eta berehala bataiatu zutela, Bruno Azpeitia izena jarriz, eta ondoren inude bati eman ziotela. Ezinezkoa zenez haurraren gurasoak aurkitzea, Iruñeko Ospitale Nagusira eramatea erabaki zuten.
  • 1741-10-6. Herrira saltzeko janariak ekartzen zituztenei udaletxe azpian eduki behar zituztela eskatzea erabaki zuten, eta berriro saldu nahi zutenei eguerdiko hamabiak bitartean bertan erosketak egitea debekatzen zietela. Agindua betetzen ez zuenari sei errealeko isuna jarriko zioten.
  • 1702-10-6. Eztabaidatu ondoren nolako istiluak eta borrokan sortzen ziren Larraar etxean taberna zabaldu zenetik -batez ere, bertara joaten ziren garraiozaleen artean-, han maiztertzan zenari gehiago ardorik ez saltzeko esatea erabaki zuten, hogei dukateko isunaren mehatxupean.
  • 1592-10-6. Txileko Santiago hiriko batzarraren aurrean gobernadore karguari zin egin zion Martin Garcia Oñaz eta Loiolak.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan