Eguna: 9-2

  • 2010-9-2. Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Garmendin eraikitzekoa zen biribilgune berriaren eraikuntza proiektua onartu zuen.
  • 1912-9-2. Herriko ordenantza berriak argitaraturik zirenez, Udalak hilaren 15ean indarrean jartzea erabaki zuen, eta aurrez pregoiaren bidez ematea erabakiaren berri.
  • 1872-9-2. Diputazioak idatzi baten bitartez adierazi zuen ulertzen zuela herriaren jokaera Remington fusilak erosteko garaian, herritar boluntarioak armatzea derrigorrezkoa egin zitzaiolako, eta ontzat hartzen zuela eginikoa. Bestalde, uztailaren 17an bidalitako gutunean esaten zuen bezala, erdia Diputazioak berak ordainduko zuela adierazi zuen, kontuan izanik fusil bakoitzaren prezioa 290 errealekoa zela.
  • 1872-9-2. Alkateak jakinarazi zuen nola jarri zen harremanetan parrokiko erretorearekin, San Agustin komentuan ziren gauza sakratuak jasotzeko eskatzeko, berehala obrak egiten hastekoak zirelako bertan. Erretoreak erantzun zuen apezpikuarekin hitz egin beharko zuela lehenik. Baina ikusirik denbora igaro ondoren ez zuela beste erantzunik agertu, Apezpikutzara gaiari buruz idaztea egokia iruditzen zitzaiola adierazi zuen alkateak, eta horrela egitea erabaki zuten.
  • 1872-9-2. Diputazioak emandako baimena kontuan izanik, La Azpeitiana arma fabrikan herriak zituen lau akzioak saltzea erabaki zuten, herriko boluntarioak armatzeko handik erositako armak ordainduz horrela. Herriari jakinarazi zioten hartutako erabaki hori, inork akzioak erosi nahi balitu ere (bi mila errealean bakoitza), eta horretarako hurrengo igandera bitarteko epea eman zuten.
  • 1861-9-2. Herriak idatzitakoari erantzunez, 1853ko azaroaren 21ean datatuta Iruñeko apezpikuaren gutuna irakurri zuten, une hartan Santo Domingo komentuak zeukan egoera larriari buruzkoa. Hondamena gertatuz gero, bertan hilobiratutako gorpuak profanatzeko arriskua izanik, egoki ikusten zuen halakorik gertatu aurretik hezurrak herriko hilerrira eramatea, hileta elizkizuna ospatu ostean. Apezpikuaren erantzuna kontuan izanik, eta ikusirik arriskua gero eta handiagoa zela komentuko elizan -ahalik eta azkarren beste zerbitzu bat herriari eskaintzeko prestatu beharko zena, gainera-, lurra altxatu eta hezurrak jasotzea erabaki zuten, ondoren hilerrira eramateko elizkizun berezia ospatu ondoren, parrokiko apaizekin harremanetan jarririk eguna eta ordua izendatzeko.
  • 1815-9-2. Abuztuaren 28an hartutako erabaki bat beterik, herriko erretoreak, agintariak eta herritar berezi batzuk bildu ziren eta batzordea osatu zuten. Korrejidorearen idatzia eta orden erreala irakurri zituzten, eta zera agindu: herria Frantziako troparen mendean izan zenean, izandako jokaera biltzeko (herritarren sentimenduak, ekintza heroikoak eta abar), ondorengoentzat jasorik geldi zitezen, historiaren zati bat osatuz horrela. Erantzun beharreko agindua zela jabetuz, batzordea izendatu zuten, guztiaren berri jakiteko eta txostena idazteko.
  • 1815-9-2. Herriko lurraldean ziren sendien kopurua eman zuten, baita biztanle kopurua ere: herri barruan 320 sendi, 1.287 arima; Urrestillan 72 sendi, 265 arima; Izarraitz auzoan 74 sendi, 331 arima; Elosiaga auzoan 79 sendi, 378 arima; Oñatz auzoan 79 sendi, 433 arima; Loiola auzoan 52 sendi, 244 arima; Odria auzoan 41 sendi, 242 arima; Aratz auzoan 54 sendi, 355 arima; Eizagirre auzoan 60 sendi, 352 arima. Guztira, 831 sendi, 3.857 arima.
  • 1800-9-2. Alkateak jakinarazi zuen bi haur zeudela utzirik inudeen eskuetan: uztailaren 13an eta 18an erretorearen ondoko etxearen leihoan utzitako mutikoa eta neskatxa. Kontuan izanik Iruñeko Ospitale Nagusira eramateko 300 erreal beharko zirela eta eguraldi beroak egin zituela, alkateak zioen ez zela erabakirik hartzen ausartu, baina garestiagoa izango zela herriaren aldetik haiek haztea. Alkateari iruditzen zitzaion egokia izango zela Iruñera eramatea. Ardoaren hornikuntza egiten zuen batekin harremanetan jartzea erabaki zuten, inudeek lagundurik bi haurrak Iruñera eramateko, 300 errealeko laguntza eskainiz.
  • 1628-9-2. San Miguel egunean ospatuko zen agintari aukeraketan parte hartu nahi zuten guztiei zera adieraztea erabaki zen: euren tituluak eta gainontzeko beharrezko agiriak aurkeztera azaldu beharko zutela udaletxera hilaren 4tik 9ra bitartean, hitza eta botoa izan zezaten. Aipaturiko epearen barruan egin gabe gelditzen zirenek ez zuten aukeraketan parte hartzeko eskubiderik izango.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan