Eguna: 10-29

  • 2020-10-29. Done Jakue kaleko udal sustapeneko etxebizitzak eraikitzen hasi ziren.
  • 2016-10-29. Maider Gaztañaga eta Mitxel Cuadrado ordiziarrek irabazi zuten Azpeitiko VII. Kros Mistoa.
  • 2016-10-29. Orioko Kepa harategiak irabazi zuen Libre Ardo Eguneko txorizo egosi lehiaketa.
  • 2015-10-29. Mikel Aiestarani eman zion 2015eko Euskal Kazetariak Saria Euskal Kazetarien Elkarteak (EKE).
  • 2010-10-29. 37 eguneko grebaren ondoren, lanean hasi ziren Corrugados Lasaoko langileak.
  • 2009-10-29. Triku Festie Azkoitiko Matadeixen egin zuten, Kultur azpiegitura faltagatik.
  • 1890-10-29. Alkatearen mozioa onartuz, Udalak kaleko farol guztiak kentzea erabaki zuen, alferrikakoak baitziren elektrika argia sartu zutenetik.
  • 1888-10-29. Egun hartatik aurrera orduekin batera gauzainek 'Alabado sea Dios' kantatzea erabaki zen. Joxe Mari Arregi erregidoreak egin zuen proposamena.
  • 1883-10-29. Joxe Domingo Gerrikagoitiarekin bigarren mailako heziketa eskolako irakasletzako kontratua sinatu zuten.
  • 1869-10-29. Alkateak adierazi zuen haur eskola bat egokitzeko asmoz nolatan aurkeztu zion Pedro Inazio Odria perituak San Agustin komentuko patioan obrak egiteko planoa eta aurrekontua. Errematean jartzea erabaki zuten, eta azaroaren 2ko arratsaldeko hirurak izendatu zuten horretarako.
  • 1855-10-29. Kolera morboak sortutako gastu handien eta herriko zirujauei eginiko aparteko ordainketen berri eman zuten. Azken horiek lan handia izan zuten gaixotasunak menperatutakoei laguntzen; zirujau guztiak beharrezkoak izan ziren herritarrek bizi izan zuten egoera larrian. Nahiz eta herriak unean ez izan eskertzeko behar bezainbeste diru, herriko zirujau bakoitzari ehun dukat ematea erabaki zuten. Erzilla udaltzainari 400 erreal, Artiz idazkariari 200 erreal, Adrian udaltzain zaindariari 320, garbitzaileari 160, sakristauari 200, Urrestillako udaltzainari 160 eta barberuari 40. Alkateari eskatu zioten gastu guztien zerrenda osatzeko eta Diputazioari baimena eskatzeko hogei mila erreal maileguan hartzeko.
  • 1815-10-29. Fidelak Herri Batzar nagusian Trinidad Porcelek idatzitako gutuna aurkeztu zuen, Bikuña etxea kuarteltzat harturik zelako kexa aurkeztuz. Hari erantzutea erabaki zuten, Espainiako tropak bertan ziren bitarteko denboraldia ordainduko ziotela adieraziz, baina etxean izan zitzakeen gainontzeko kalteak ordaintzeko eskatu gabe; bestela, beste herritar askok ere gauza bera egingo zutela eta ezinezkoa zela guztiei erantzun egokia ematea.
  • 1813-10-29. Herrian zen Kantabriako (Espainia) Usare taldeari eguneroko janari eta edari zatikoak eman ahal izateko, herritar berezienekin bilera egin zuten, zenbateko kontribuzioak eska zitezkeen erabaki nahirik. Herriak eguneko 151 zatiko prestatu beharko zituenez, Gipuzkoako politiko nagusiari gehiegizkoa iruditzen zitzaiela esanez gutuna idaztea erabaki zuten.
  • 1666-10-29. Fidela eta Martin Erkizia erregidoreari eskatu zioten Antonio Altunari herriaren izenean berrehun peso aurreratzeko eskatzea, unean zituen beharrei aurre egiteko.
  • 1629-10-29. Hilaren 17an printzea jaio zela-eta, danborra joz pregoia ematea erabaki zuten, gau hartan suak piztu eta etxe guztietan argiak pizteko eskatuz. Parrokiko eta komentuetako kanpaiak jotzea ere onartu zuten, eta hurrengo egunean prozesioa egitea herriko kaleetan. Gainontzeko jolasak ere antolatuko zituzten.
  • 1556-10-29. Atxaran batxilerrari eta Lopez Zubizarreta eta Akemendi lizentziatuei elkarlanean Elolaren Fundazioko ordenantzak idazteko eskatzea erabaki zuten. Kaperau, gramatika, katedra eta ezkongaien doteei buruz guztia jasotzea eskatu zieten.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan