Hamarkada: 1640

  • 1640-11-16. Hurrengo urteko urtarrilaren erdi aldera Pasaiara bidean jarri beharko zuen herritar soldadu taldeari buruz hitz egiteko, hurrengo igandean elizen bidez San Andres egunean eta bezpera elizkizunaren ondoren udaletxean bilera egingo zela jakinaraztea erabaki zuten. Bertara joaten ez zenari bi mila maraiko isuna ezarriko zioten.
  • 1640-9-20. Gerrako Diputazioak jakinarazi zuen garai hartan Diego de Guzman y Toledok Aia, Orio eta Usurbilen banaturik zuen konpainia Gasteizera bidean jarriko zela, eta Azpeitian igaroko zuela lehenengo gaua. Alkateak esan zuen 130 lagunetik gorako taldea osatzen zuela konpainiak eta sekulako gastuak sortuko zituela herriarentzat, batez ere garraio handiak egin beharko zirelako. Diputazioari idaztea erabaki zuten eta, gaia ondo aztertu ondoren, soldaduak Azkoitian, Zestoan, Errezilen eta Beizaman bana zitzala eskatu zioten. Ontzat hartu zuten buru egiten zuenarentzat ostatua herrian prestatzea, eta egurra eta ondorengo eguneko gosaria eskaintzea.
  • 1640-8-25. Zozketa egin ondoren, 23 lagun izendatu zituzten garraioa egiteko. Goizeko seietan agertu behar ziren, baina sei lagunek besterik ez zuten erantzun emandako agindua eta, beraz, tropak herrian geratu behar izan zuten, herriari ez ezik, biztanleei ere kalte handiak sortuz. Kapitainarekin harremanetan jarri ondoren, garraioa egiteko zilarrezko ehun erreal ordaindu zizkioten. Dirutza hori agertu ez zirenei kentzea erabaki zuten, gainontzeko gastuekin batera.
  • 1640-8-24. Alkateak jakinarazi zuen herrian zen Irlandako konpainiak hurrengo egunean alde egin behar zuela, eta herriak garraio antolatzea agindu zuela. Garraioa egin zezaketenei deitzea erabaki zuten, jakinaraziz atzera egiten zuenari 50 dukateko isuna ez ezik, hilabeteko kartzela ezarriko ziotela.
  • 1640-7-24. Alkateak jakinarazi zuen Irlandako konpainia bat zela herrian Kantauriko armadako gobernadoreak aginduta, eta bere kapitainak adierazi ziola, bost egun bazituzten ere herrian, oraindik behar bezalako ostaturik gabe zela 60 laguneko taldea. Neurriak hartzeko eskatzen zuen, guardiak egin beharko baitzituen gauean.
  • 1640-6-26. Korrejidoreak falta ziren hamalau soldaduak bidaltzea erabaki zuen, bestela zigor gogorrak ezarriko zirelako. Bidalitako soldadu bakoitzari ehun erreal eman beharko zizkioten, aurrekoei bezala. Herria inolako dirurik gabe zenez, norbaiti dirua eskatzea erabaki zuten, ahalik eta azkarren bueltatuko ziotela jakinaraziz.
  • 1640-6-18. Zuhaitz landaketak herrian non egin zitezkeen erabaki ahal izateko, batzordea izendatu zuten.
  • 1640-6-15. Herriaren beharrei erantzuteko, zuhaitz landaketak derrigorrezkoak ikusi zituzten. Gai horretako adituak hurrengo egunean egingo zen bilerara deitzea erabaki zuten, zuhaitz landaketak non egin erabakitzeko.
  • 1640-6-6. Alkateak adierazi zuen herria dirurik gabe zegoela; bai bere betebeharrei erantzuteko, baita kanporatu beharrean ziren soldaduei ordaintzeko ere. Baina herriak baimena zuenez biztanleen artean mila dukat banatzeko, horrelako zerbait egitea onartu zuten.
  • 1640-6-5. Ehun laguneko konpainia osatu zuten, probintziak erregeari eskainitako bi mila gipuzkoarrek osatutako hogei konpainia osatzeko. Bertan ofizialak zeuden.
  • 1640-6-3. Aurreko egunean erabaki bezala, herriak honako kargu aldaketak onartu zituen konpainian: IƱigo Alzaga alkatea kapitain izango zen; Antonio Altuna, orain arte fiela zena, alferiz; Martin Agirre, erregidorea zena, sarjentu; eta Tomas Alzaga erregidorea zirujau izatera pasatuko zen. Handik aurrera Martin Etxeberria joango zen danborrari bezala eta Inazio Olarte txibulari bezala.
  • 1640-6-2. Nafarroako Priore Handiak -Kantauriko armadako armen gobernadoreak- idatzitako idatziaren berri eman zuten. Bertan, probintziak erregeari eskainitako 20 konpainia eskatu zituen. Herritar guztiei hilaren 6rako deialdia egitea erabaki zuen Udalak, gaiari buruz neurriak hartzeko.
  • 1640-4-13. Probintziak eskaini zituen 400 soldaduetatik hamalau bidaltzera derrigorturik zegoenez herria, hamahiru prestaturik zeuden unean Lazaro Txurrukarekin Donostiara bidaltzea erabaki zuten.
  • 1640-3-11. Udalbatzarrera agertu gabe herritar asko gelditu zirenez, bakoitzari 500 maraiko isuna ezartzea erabaki zuten.
  • 1640-2-2. Alkateak adierazi zuen probintziak eskainitako 400 soldadu osatzea adierazi zuela korrejidorearen tenienteak, eta herriari tokatzen zitzaizkionak berehala bidal zitzala.
  • 1640-2-2. Erregearen zedula baten berri emanez Diputazioak beste gutun bidali zuen. Gutunean, Gipuzkoako lau konpainiaz osatutako batailoiek Hernanira joan behar zutela eskatzen zuen, han egiten ari ziren gotorlekuak egiten laguntzeko. Eta gastu handirik sor ez zedin, egokia izango zela hilean behin konpainia horiek txandatzen joatea. Gaiari buruz erabakitzeko, Diputazioak herriaren botoa jakinaraztea eskatzen zuen. Egokiena batzar berezi bat egitea zela erantzutea onartu zuten eta, bidali beharko baziren, Pasaia aldeko biztanleez osatuak izatea.
  • 1640-2-2. Sendagile baten beharrean aurkituz eta herrian orduan Maia lizentziatua zela, agintariei eskubide osoa eman zieten harekin harremanetan jarri eta ahal izanez gero eskritura egiteko; mila erreal urtean eta bederatzi urterako, hark onartuko balu behintzat.
  • 1640-1-25. Sevillan (Espainia) idatzitako gutun baten berri eman zuten, Azpeitiko herriarentzat Ordiziako Juan Arangurenek 4.400 zilarrezko erreal zituen albistea emanez. Nikolas Saez Elolaren memorian irabazitakoak ziren.
  • 1640-1-21. Alkateak proposatu zuen zuhaitzak landatzera behartuta zeudenak Pedro Jauregik zuen haztegian egitea, baina agindutako lurraldeetan. Aurrez agindutako zuhaitz bakoitzeko hiru landatuko zituzten eta bi hostoaldi irten ondoren herriari eskainiko zizkioten. Langintza egiteko, ordea, inor aurkitu ezinean zen herria eta, beraz, Pedro Jauregiri deitu zioten; bi mila oinkada zuhaitz berehala landatzeko tratua egin zuten.
  • 1640-1-18. Alonso Idiakezek herriari behar ziren hainbat zuhaitz landatzeko adierazi zion, gogoan izanik landatu gabe uzten zen bakoitzeko agintari bakoitzak bi erreal ordaindu beharko zituela, erregeak horrela aginduta zuelako. Neurriak hartzen hasi aurretik, eta ahalik eta azkarren, beharreko landaketak egitea eskatu zuen. Batzorde bat izendatu zuen herriak, derrigortuta zeudenek berehala zuhaitzak landa zitzaten, eta eskribauak kontuak hartuko zituen.
  • 1640-1-12. Hilaren 14an soldadu konpainia batek irten behar zuen herritik, Pasaiara eta Lezora bidean jartzeko, eta bera osatu zuten 25 mosketariei bolbora eta metxa ematea erabaki zuten, alkabuzekin joango zirenei bezala.

Imanol Eliasek 2003ko abenduan aurkeztu zuen Azpeitiko Efemerideak liburua. Geroztik, Uztarria Komunikazio Taldeak hartu du efemerideen datu-basea osatzeko ardura. Efemeride guztiak, hemen dituzue kontsultagai. Informazio gehiago

Bilaketa efemerideetan